HIESAREN INGURUKO TXOSTENA

Aurten bost milioi lagun kutsatu dira GIB birusaz, inoizko gehien

Duela hamar urtetik hona bikoiztu egin da Giza Immuno-eskasiaren Birusa dutenen kopurua. Egun, 40,3 milioi lagunek dute hiesa eragiten duen birusa, eta hamar gaixotik sei Saharaz hegoaldeko Afrikan bizi dira, NBEk ohartarazi duenez

2005eko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Hiesa kontrolatzeko ahaleginek huts egin dute. Izan ere, bost milioi lagun inguru kutsatu dira aurten GIB Giza Immuno-eskasiaren Birusaz, Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi duenez. Bestera esanda, lehenengo kasua agertu zenetik 1981 inoizko lagun gehien kutsatu da aurten hiesa eragiten duen birusaz. 1981. urtetik hona 25 milioi lagunetik gora hil ditu hiesak munduan. Egun, 40,3 milioi lagun inguru bizi dira GIB birusaekin. Hau da, orain hamar urte halako bi.

Nazio Batuen Erakundearen Hiesaren kontrako Programak (Unaids) eta Osasunerako Mundu Erakundeak datu kezkagarriak azaleratu zituzten atzo, hiesaren inguruko urteroko txostenean. «Egungo panorama ez da oso baikor egotekoa», nabarmendu zuen Nina Ferenci Unaidsen bozeramaileak, txostena aurkezteko egindako agerraldian. Haren arabera, 3,1, milioi lagun inguru hil dira aurten hiesak jota, tartean 570.000 adingabe. Hau da, iazko abenduaren 26an, Asiako hegoaldea astindu zuen tsunami-ak eta ordutik hona izan diren beste hondamendi natural guztiek baino jende gehiago hil ditu hiesak aurten.Larriena ez da hori, baina, Ferenciren ustez. «Larriagoa» da GIB birusdunen kopuruak gora egin duela mundu osoan, Karibeko herrialdeetan izan ezik. Han, ez da aldaketarik izan 2003. urteko datuekin alderatuta. Kontuan izan behar da, hala ere, Karibe munduko eskualderik kaltetuena dela, Saharaz hegoaldeko Afrikaren ondotik. GIB birusa dutenen %64 Saharaz hegoaldeko Afrikan bizi dira: 25,8 milioi. Eta hori munduko biztanleen %10 baino ez direla bizi Saharaz azpiko 24 herrialde horietan. Hain justu ere, aurten Saharaz hegoaldeko Afrikan zabaldu da gehien hiesa. Nazio Batuen Erakundearen arabera, 3,2 milioi lagun kutsatu dira han GIB birusaz urte hasieratik, eta 2,4 milioi biztanle hil dira hiesak jota. Horren harira, esan dute 25 eta 44 urtekoen artean bikoiztu egin dela hiesarekin hildakoen kopurua. Badira beste datu adierazgarri bi: batetik, 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean, gizonen %4,6k dutela GIB birusa eta emakumeen %1,7k. Bestetik, haurdun diren emakumeen %29,5 daudela hiesa eragiten duen birusaz kutsatuta.

Saharaz hegoaldeko Afrikari dagokionez, baikor izateko arrazoi gutxi daude, nahiz baden tartean datu itxaropentsu bat. Kenyan, Ugandan eta Zimbawen gero eta pertsona heldu gutxiago kutsatzen dira hiesaren birusaz, heziketagatik. Ezjakintasuna dago, hein handi batean, hies izurriaren atzean. NBEren arabera, Saharaz hegoaldeko Afrikan bizi diren 15 eta 24 urte bitarteko hiru emakumetik bik ez dakite hiesa zelan kutsatzen den, eta ez dituzte antisorgailuak ezagutzen. Den gutxian ere, mutilek neskek baino gehiago dakite hiesaz. Izan ere, neskek mutilek baino askoz zailago dute eskolara joateko, eta, ondorioz, informazio egokia jasotzeko. Saharaz hegoaldeko Afrikan neskek mutilek baino %20 aukera gutxiago dute eskolara joateko. Gutxienez 22 milioi neska eskolagabeak dira.

Europan ere, atzera

Afrikan ez ezik, Europako ekialdean eta Asiako erdialdean ere asko zabaldu da hiesa. Europako ekialdeko herrialdeetan, adibidez, laurden bat egin du gora GIB birusa dutenen kopurua 2003. urtetik hona 1,6 milioi lagunek dute. Hil, berriz, 62.000 lagun hil dira Europako ekialdeko eta Asiako erdialdeko herrietan, 2003. urtean baino bi aldiz gehiago ia.

Europako mendebaldean, 500.000 lagun inguru bizi dira GIB birusarekin, eta egunetik egunera handitzen ari da kopuru hori, batez ere herritarrek ez dutelako kontu izaten sexu harremanak izateko orduan. Bikote heterosexualetan nahiz sexu berekoetan gertatzen da hori. Aurten, 22.000 lagunetik gora kutsatu dira Europako mendebaldean GIB birusaz, eta kutsatutakoen heren bat emakumeak izan dira.NBEk kargu hartu die Danimarkan, Herbehereetan, Espainian eta Frantzian bizi diren homosexualei, lar lasaitzeagatik. Bartzelonako erietxe batean egindako ikerketa baten emaitzak jarri dituzte horren adibide. Ikerketa horren arabera, 1993. urtetik 1997. urtera bitartean baino bost aldiz sifili kasu gehiago hauteman dituzte 2002 eta 2003 bitartean. Normalean, sexu harremanen bidez transmititzen da sifilia. Horren inguruan hauxe dio txostenak: gizonen arteko sexu harremanetan kutsatu dira GIB birusa dutenen %40. Tratamenduari dagokionez, aurrerapauso batzuk egon direla nabarmendu du NBEk, baina oraindik egiteko asko dagoela ohartarazi du. Argentinan, Brasilen, Txilen, eta Kuban urrats handiak egin dituzte, baina Kariben, Europako ekialdean, Asian eta Afrikan lehengo antzera daude. Asian eta Afrikan, esaterako, premian diren hamar lagunetik batek jasotzen du tratamendua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.