Brontze Aroko gizon izoztuaren patua errepikatzeko zorian egon da, 23 urteren buruan, Oetzi izeneko momia aurkitu zuen mendizale alemaniarra. Atzo aurkitu zuten Helmut Simonen gorpua Alpeetako erreka baten ondoan, zortzi egun haren bila ibili ondoren. Salbamendu taldeen arabera, 100 metroko amildegi baten hondoan zegoen Simon, kolpeak hilda. Bizirik aurkitzeko itxaropen gutxi zegoen, egunotan hotz handia egin baitu Alpeetan.
1991. urtean zientzialariak eta mundu osoa harritu zuen aurkikuntza egin zuen Simonek, emaztearekin batera, Hego Tirolgo mendietan. Glaziar baten ondoan, gizaki baten gorpu izoztua aurkitu zuten. Hasieran, istripua izaniko mendizale bat zela pentsatu zuten, baina lehen azterketek ondorio harrigarria eman zuten: 5.400 urte zituen gorpuak, arras ongi kontserbaturik egonagatik. Oetzi izena eman zioten Brontze Aroko menditarrari, Oetztal eskualdean aurkitu zutelako. Harrezkeroztik Bolzano hiriko museoan dago ikusgai.Izotzak eta elurrak horren ongi kontserbatuta egonik, aurkikuntza ugari dute zientzialariek Oetzi-ren gorpua aztertuta. Besteak beste, duela 5.000 urteko atmosferaren osaera ikertu ahal izan dute, Oetzi-ren birikietan izozturiko aireari esker.
Italiako agintariekin auzitan ibili da Simon bikotea azken urteotan, aurkikuntzagatik jaso beharreko sariaren inguruko desadostasunak agertu zirenetik.
ARKEOLOGIA
Alpeetan momia izoztua aurkitu zuenaren gorpua topatu dute
100 metroko amildegi batetik erori zen mendizalea, 67 urtekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu