Katalanaren eta galegoaren defentsan ari diren erakundeek aurrez emana dute larrialdi abisua. Hizkuntzaren beheraldiaren zantzuak badira hiztun komunitate horietan ere, eta horrek bultzatu zituen, hain zuzen, ohartarazpena egitera. Galiziera Normalizatzeko Mahaia erakundeko lehendakaria da Marcos Maceira. «Espresio hori 2019an erabili genuen lehenengoz», azaldu du. Motiboetako bat, horra: «Galegoaren ohiko erabilera apaltzen ari da. Egun, muturrekoa da larrialdi linguistikoa».
Plazara atera berriak dira hizkuntza horri buruzko azken datu estatistikoak, eta, egoeraren larriagotzea erakusteko, datu bat nabarmentzen ari dira Galiziera Normalizatzeko Mahaiko kideak: herritarren %30ek gaztelania besterik ez dute erabiltzen, eta %24rentzat da galegoa eguneroko bizitzako hizkuntza nagusia. «Hori aurrez ez zen inoiz gertatua galegoaren historian». Beste datu bati ere bereziki erreparatu diote: «15 urtetik beherakoen artean, galizieraz ez dakitenak gero eta gehiago dira urtetik urtera, galgarik gabe ugaritzen ari dira. Egun, %32k esaten dute ez direla kapaz hitz egiteko. Kopuru hori ere aurretik inoiz ikusi gabea zen».
Oscar Escuder, bestalde, Hizkuntzaren Aldeko Plataforma erakundeko presidentea da. Katalanaren alde aritzen dira. Erabileraren beherakadari erreparatuta eman zuten haiek ere larrialdiaren abisua, 2020an. «Neurriak hartzen ez badira, katalana desagertu egingo da», ohartarazi zuten. Katalanaren lurralde osoa hartzen dute aintzat; administratiboki zatikatuta dago katalanaren eremua ere, eta lan handia izaten da hiztun komunitate osoari buruzko datuak eskuratzea, baina azkena bildu zituzten datuetan atzemandako ehuneko bati erreparatuta eman zuten abisua: esan zuten egun %32 direla katalana egunerokoan erabiltzen duten hiztunak. Adierazi zutenez, datu horrek islatzen du komunitatea ahuldu egin dela: «Gero eta zailagoa da hiztunak aurkitzea». Kanpaina bat abiarazi zuten egoerari buruzko informazioa hedatzeko.
«Galegoaren ohiko erabilera apaltzen ari da. Egun, muturrekoa da larrialdi linguistikoa»
MARCOS MACEIRA Galiziera Normalizatzeko Mahaiko lehendakaria
Hizkuntza bakoitzak baditu bere berezitasunak, eta ez dago justu zehaztuta noiz hasten den larrialdia hizkuntza baten bilakaeran: noiz eman behar den abisua. Baina Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak berak zehaztua du hizkuntza bat ez dagoela arriskuan egoera honetan baldin badago: «Hizkuntza edade tarte guztietan erabiltzen dute, baita umeek ere». Hortik behera, zaurgarri daude hizkuntzak, gero eta larriago, eta arriskuan. Beraz, adi erreparatu behar zaio eboluzioari.
«Bazterrean» galegoa
Maceirak ez du dudarik: datuen atzean, galegoa «bazterrean uzteko» ahalegin argi bat dago. Erakundeetan ezarrita daude galegoa erabiltzeko irizpideak, baina ez dira betetzen: hor ikusten du arazoa. «Eta, hain justu ere, mobilizazio soziala sustatzen ari gara hor aldaketak eskatzeko». Mobilizazio jendetsu bat egin zuten azaroan, Santiagon. «Eta beste bat egingo dugu otsailaren 23an». Are jendetsuagoa izatea nahi dute. «Ikusten dugu gero eta interes handiagoa dagoela hizkuntzaren gaineko bermeen inguruan, eta ez galegoa hitz egiten dutenen artean bakarrik, baizik eta baita galegora heldu nahi eta lortu ezin duten horien artean ere». Esan du talde politiko gehienen eta gizarteko erakunde askoren atxikimendua lortu dutela. «PP bakarrik geratzen ari da».
Gazteen artean agerikoa da ezagutzaren apaltzea, eta Maceirak nabarmendu nahi du hezkuntza agintariek propio hartutako erabakiekin lotuta dagoela hori. «2009an, Alberto Nuñez Feijooren gobernuak dekretu bat ezarri zuen hezkuntzan galegoaren erabilera mugatzeko». Eskolek gehienez ere ikasgaien %50 eman ditzakete galegoz; esan du, ordea, gehien-gehienak ehuneko horietatik oso behera ibiltzen direla egiatan. Argi du horrek ideia bat zabaldu duela haurren eta nerabeen artean: «Galegoak ez duela balio zenbait gaitarako».
Maceirak makurra deritzo administrazioaren portaerari. Horren erakusgarri argitzat dauka, adibidez, Haur Hezkuntzan ere galegoaren erabilera mugatu izana. «Hirietan, galegoz erdia egiten duten eskolak %8 dira. Datua dramatikoa da». Eskola askotan «anekdotikoa» da galegoaren erabilera. Eta arazo askoz gehiago ere badira, galegoa baztertzen duten politika argien ondorioa: testuliburuei dagokienez, esaterako, galegoz ondutako materiala falta da, eta soilik gaztelaniaz ari diren argitaletxeak sustatzen dira. «Eskandalu bat da dena».
Maceirak uste du agintariek asmoa dutela galegoa «etxe barruan erabiltzeko» hizkuntza bat bihurtzeko: «Familian, eremu pribatuan erabiltzekoa». Baina hor ere behera ari da hizkuntza. «Galizieraz bakarrik aritzen diren familien kopurua duela bost urte baino hogei puntu apalagoa da».
«Benetan» katalanaren alde
Escuderrek ere argi du badela zer hobetua administrazioei dagokienez. «Katalana ofiziala bada ere, gero ez da benetan katalanaren alde egiten: horrek ondorioak ditu». Nabarmendu du «lege egiturek» beste hizkuntzen alde egiten dutela gehienetan. Oro har, aldaketa demografiko handiak eta «estatuaren funtzionamendua» ikusten ditu hizkuntzaren atzentzearen atzean. Eta teknologia berriek ekarri dituzten mundu ugariak. Gogora ekarri du larrialdiaz hitz egiten hasi berritan nabarmendu zuten datu bat: «Orduan, Netflixen, 2.000 ekoizpenetik lau bakarrik ziren katalanez». Mundu horretan eragiten ahalegindu dira. Eta izan dira aurrerabideak. «Hori da hobetu diren gauzetako bat, baina normaltasunetik urrun gaude oraindik».
«Valentzian bereziki, eskolari lotutako erasoak iraunkorrak dira, eta traizioz egindakoak, gainera»
OSCAR ESCUDER Hizkuntzaren Aldeko Plataformako lehendakaria
Escuder ere bat dator arautegi berriak egiten baino jada badaudenak betearazten jarri behar dela indarra. «Katalunian, adibidez, legez, ezarrita dauden guztiak beteko balira, ez ginateke hain gaizki egongo, baina araudi asko ez dira betetzen, eta, betetzen ez badira, ez dute deusetarako balio; gero Valentzia eta Balearrak daude, eta hor okerrago daude. Valentzian bereziki, eskolari lotutako erasoak iraunkorrak dira, eta traizioz egindakoak, gainera».
Migrazioak ekarritako aldaketak nabarmentzeko ohitura izaten da usu hizkuntza gutxituen beherakadari erreparatzean, baina Hizkuntzaren Aldeko Plataforman argi dute katalanak «gizarte kohesiorako» bide izan behar duela. Horretarako hizkuntza politikak nahi dituzte. Eta horiek lantzera bultzatu nahi dituzte instituzioak. Argi dute ozendu egin behar dela horren aldeko ahotsa. «Izan ere, erakundeek esan dute jaso dutela mezua, baina epel ari dira».
DATUak
%18Galegoa ohiko hizkuntza duten gazteak. 2003tik, adin tarte guztietan apaldu da galegoz beti aritzen direnen ehunekoa. Galegoaren egoerari buruzko txostena 2023an argitaratu zuen Galiziera Normalizatzeko Mahaiak, eta hartan ageri diren datuak aski adierazgarriak dira eboluzioa ikusteko. 15 eta 29 urte arteko gazteen artean, esaterako, horra bilakaera: 2003an, %28,4 ziren beti galegoz ari zirenak; 2018an, %18,9. Helduagoen artean ere, 30 urtetik 49ra bitartekoetan, handia da beherakada: %36,6tik %23,6rakoa, hain justu ere. Eta txikienen artean, 5 eta 14 urte artekoetan, horra: %27tik %14ra apaldu dira.
%32Katalana ohiko hizkuntza dutenak. Hizkuntzaren Aldeko Plataformak ere ohartarazia du katalana larrialdian dagoela, datu honek bereziki arduratzen baititu: hiztunen %32rentzat da ohiko hizkuntza katalana. Aurten argitara atera duten Informecat txostenean jaso dutenez, gazteen artean oraindik ere apalagoa da erabilera: hain justu ere, Katalunian, 15 eta 34 urte arteko gazteen %12rentzat da katalana ohiko hizkuntza. Inkesta horren arabera, %22k gaztelania besterik ez dute hitz egiten. Beste horrenbestek usuago erabiltzen dute gaztelania, katalana baino.