Bizipoza: malkarrak zelaitzen (III). LGTBfobia.

Zuztarrak iraultzeak dakarren mina arintzen

Sexu joera heterosexualetik at egotea eta genero identitate sistema binarioa apurtzera egitea bazterkeriarako motibo dira sarri. Hainbat elkarte ari dira egoera horietan diren adingabeei laguntzen.

Haurrak urarekin jolasean, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
arantxa iraola
2020ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Lehen oztopoa zera da: izateko eskubidea bera urratua dute umeok. Hainbesteko ezagutza falta dago! Beti existitu dira, baina lehen aldia da txikitatik izateko modua izan dutela». Bea Sever ari da solasean, Naizen haur eta nerabe transexualen familien elkartearen izenean. «Sarri, geuri ere, familioi, kosta egiten zaigu identifikatzea etxean zer daukagun». Elkartean ematen dituzten datuen arabera, mila jaiotzatik batean izaten dira transexualitatearekin lotutako egoerak, eta gero eta usuago irteten dira plazara. Behin gertukoenek onartuta ere, izaten dira egoera gaitzak; adibidez, ikastetxeetan. «Eskolan jazarpena gertatzen da askotan. Haur transexualen aurkako jarrera ez da bakarrik izaten, gainera, berdinen artean; iaz, esaterako, izan genuen kasu bat institutu batean irakasle batek egindakoa». Esan duenez, hezkuntza sistemarekin lotutako kexak ez dira ezohikoak elkartean. «Eskoletan ez dago guztiz normalizatuta». Umeek janzkera eta izena aldatzeko hautua egiten dutenean, esaterako, aski jarrera ezberdinak ikusten dituzte. Eraikitzaileak batzuk: «'Zelako aukera', esaten duten ikastetxeak badira». Eta arrunt bestelakoak besteak: «Beste zenbaitek ez entzunarena egiten dute. Askotan familiek borrokan ibili behar izaten dute. Beldurrak eta sufrimendua hor dira, eta, gainera, borrokan eskolarekin». Arazo larriak izan dira: Naizen elkartean badute zentroz aldatu behar izan dituzten umeen kasuen berri.

Administrazioan izaten dute usu hurrengo murrua. «Esaterako, epaitegi batzuetan izena aldatzea lortzen da, baina sexu aipamena ez. Halako inkongruentziak izaten dira». Sentitzen dute, halaber, osasun sisteman ere kostatu egiten dela haur eta nerabe horien existentzia onartzea, eta «patologizatzera» egiten dela sarri: «buruko gaixo» gisara tratatzera. «Psikiatriatik pasatu behar izaten dute, eta oso egoera deserosoak izaten dira. Eta, zenbaitetan, psikiatrarengana ez joanda ere, endokrinologoak ez dagozkion galderak egiten dizkie: oso gaizki pasatzen dute». Orain bi urte Ekai Lersundi gazteak bere buruaz beste egin zuen tratamendu zain zegoela; oihartzun handia izan zuen heriotza hark Euskal Herri osoan, eta ordutik prozedura arintzera egin dela ikusi dute elkartean, baina oraindik bidea egin behar dela uste dute. «Gure haurrek ez daukate beste paziente batzuek daukaten tratu bera». Adibide bat ipini du Severrek: pubertaroa aurreratu zaien umeei jartzen zaie tratamendua prozesua atzeratzeko, eta azalpenik ez zaie eskatzen. «Gureei, bai».

Galduta daude usu familiak: bakarrik. «Elkartea topatzen dugunean, zerua zabaltzen zaigu. Zurea bezalako familiak topatzea! Elkartea, hein handi batean, familien arteko babes sarea osatzeko eratu zen». Eta aldarrikatzeko. Severren arabera, «suerte» hitza sarri erabiltzen dute familiek murruz murru egin behar izaten dituzten bide malkartsu horietan, eta harago egin behar da: «Suertea ez; justizia behar da». Helburu horrexen inguruan ardazten dute jarduna Bizipoza sarean ere.

Gainditzeko hesiak

Sareko parte da Gehitu ere, gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkartea. Jesus Estonba bertako kidea da. «Sexu aniztasunean aurrera egin da. Legeetan, baina baita gizarteko iruditerian ere. Oro gaindituta dagoela esan nahi du horrek? Lan handia dago egiteko. Aniztasunarekin lotutako orok ezinegona sortzen du oraindik maiz, baita gazteen artean ere. Sexu orientazioek baino, genero patroiak bortxatzeak sortzen du ezinegona. Gay izateak baino, gay itxura izateak sortzen du asaldura handiagoa; izateko eta espresatzeko eran modu jakin bat izateak. Maskulinitate eta feminitate patroiak hor daude, eta horietatik harago ageri diren pertsonek, horiek sortzen dute aparteko aztoramendua. Kosta egiten zaigu horiek geure egitea. Patroi horiek hain daude errotuta!». Eskoletako eskabideak jasotzen dituzte maiz elkartean. «Badira orientatzaileak deitzen edo idazten digutenak adieraziz zentroek arazoak dituztela gaztetxoen artean sexualitatearen inguruko gaiekin. Halako demandak badira; ez dira eguneroko kontua, baina badira». Horregatik, erroko aldaketak egin behar liratekeela uste du. «Sarri suteak itzaltzen ari gara. Arazoak agertu ahala jarduten da, prebentzioa behar bezala landu gabe. Eskolek askotan jotzen dute laguntza eske ikusten dutenean, esaterako, nerabe bati jazarri egiten zaizkiola». Arazoa, ordea, aurretik etorri ohi dela uste du. «Sexu aniztasuna nola dago txertatuta ezkutuko curriculumean? Egunean eguneko martxan?».

Gurasoak ere agertzen zaizkie Gehitun: laguntza eske. «Gurasoei gazte transen errealitatea onartzea kostatzen zaie gehien. Guztiz asaldatzen ditu. 'Lagundu egin nahi dut; edozer egingo nuke nire semea edo alabarengatik. Baina honek izugarri aztoratzen nau'. Pairamendu handia dago halakoetan». Desoreka sortzen da hor erritmoetan. «Gazteek usu oso argi dute zer nahi duten, zer sentitzen duten: aldiz, izugarri kostatzen zaie beren gurasoei bizipena onartzea».

Tailerrak ere ematen ditu Gehituk eskoletan: Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan. Ander Casadok jarduten du horietan, adi gazteen erreakzioen aurrean. «Ikusten dugu oso maila ezberdinak daudela jakintzaren eta sentsibilitatearen inguruan. Badaude ikasle gero eta gehiago genero identitate ez-binario eta ez-normatiboak dituztenak, sexualitatea ari direnak birplanteatzen bai praktikoki eta bai maila teorikoan; oso jantzita dauden ikasleak dira horiek. Aldiz, ondoan dituzte ikasleak ez daukatenak arrastorik gaiaren inguruan; askotan gizonak dira, jarrera oso matxistadunak. Oso kontraste handia dago. Gatazka iturri bat da hori lanketa egiteko garaian».

Agerikoak eta ezkutukoak

Eta zailtasunak badira. Bistakoak:«Hitz homofoboak, adibidez, oso errotuta daude oraindik». Eta ezkutukoak: «Lesbianismoa eta bisexualitatea, esate baterako, ia ezin ikusizkoak dira egun. Gay diren gizonak daude; horien erreferenteak baditu jendeak. Publikoki hor daude. Transexualitatea ere hasi da hartzen plaza gehiago. Baina lesbianismoa, esaterako, ez da aipatzen inoiz». Zuztarreko lanketarik ezean, erantzun osorik ezin dela eman uste du Casadok ere, adabakiak jartzen ari direla sarriegitan. «Egun eskoletan erabiltzen den material didaktikoa, adibidez, oso-oso zaharkituta dago. Biologia liburuetan, esate baterako, irudietan agertzen da gizon bat zakilarekin, emakume bat aluarekin. Gainerakoen errepresentazioa ezdeusa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.