Zuzenketa sorta bat proposatu dute Erorien Monumentua eraistea legeztatzeko asmoz

Eraikina eraistearen aldeko plataformak legea aldatu nahi du, eraikinari babes oro kentzeko. Ostegunean eztabaidatuko dute PSNren, EH Bilduren eta Geroa Bairen proposamena Nafarroako Parlamentuan, eta hirurek aurrera jarraitzeko asmoa azaldu dute.

Gaur egindako elkarretaratzea, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. ELA
Gaur egindako elkarretaratzea, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. ELA
Iosu Alberdi.
2025eko martxoaren 3a
13:30
Entzun

Iruñeko Erorien Monumentua faxismoaren kontrako interpretazio zentro bihurtzeko urratsak egin dituzte PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik, eta horien artean dago 2013ko 36ko kolpe militarraren ondorengo errepresioaren biktimak aitortzeko eta erreparatzeko legea aldatzea. Lege aldaketa hori egiteko tramitea baliatu nahi du, ordea, eraikina eraistearen aldeko plataformak, hain zuzen, «Erorien Monumentuari eragiten dieten babes araudi guztiak» desegin eta hura eraisteari bide emateko. Afera eztabaidatzeko, baina, beharrezkoa dute talde parlamentario batek zuzenketak bere egitea, eta horrek zail dirudi, ostegunean eztabaidatuko baitute gaiaz Nafarroako Parlamentuan. Hain zuzen, PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik gaur berretsi dute orain arte babestutako bideari eutsiko diotela.

PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik aurkeztutako lege proposamena hiru taldeek azaroaren 20an egindako akordioaren ondorio da. Harekin, xedapen gehigarri bat ezarri nahi diote foru legeari, esanez eraikina oraindik ere «erregimen frankistari gorazarre egiten dion propaganda totalitarioaren» isla dela, eta zehaztu ezinbestean diktadurako giza eskubideen urraketa larriak eta horien inguruabarrak azaltzeko baliatu behar dela. Horretarako, sinbolo frankistak erretiratzea eta margolanak ezkutatzea defendatu dute.

Lege aldaketak, ordea, harago egiteko balio behar du, eraikina eraistearen alde batu diren 33 taldeen esanetan. Horretarako, zuzenketa sorta bat proposatu dute. Yolanda Anso eta Koldo Amatria eledunek adierazi dute euren xedea dela frankismoari gorazarre egiteko ekitaldiak hartu izan dituzten eraikinak bere horretan sinbolo frankistatzat jotzea eta, ondorioz, «esparru publikotik eta hiri paisaiatik ezabatzea».

Era berean, Nafarroako sinbolo frankistei eta, zehazki, Erorien Monumentuari eragiten dieten babes araudiak bertan behera uzteko eskatu dute, araudi horietan argudio arkitektoniko, historiko edo artistikoak erabili badira ere. Uste dute memoria legeen kontrakoa dela hori, eta etorkizunean halako babes neurriak hartzea ere eragotzi  nahi dute.

Eraikin barruan dauden zenbait elementuri erreparatuta, berriz, gurutzeak eta San Frantzisko Xabierkoaren ebanjelizazioa erakusten duen irudia artzapezpikutzaren esku uztearen alde daude, hark ordaintzen baditu kostuak. Berdin hormetako ikurrekin ere. Eskaerarik ezean horiek ere suntsitu egin beharko liratekeela uste dute.

Eragozpenik ez

Talde memorialisten esanetan, aldaketa horiek txertatuta ez legoke eraistea galaraziko lukeen «zalantza edo eragozpen juridikorik». Horregatik, alderdi «aurrerakoiei» dei egin diete euren zuzenketekin bat egitera. Gutxienez horietako baten babesa beharko lukete afera eztabaidara eramateko. Zurekin Nafarroa izan liteke horren ardura har lezakeena, talde hartako parlamentari Miguel Garridok gaur berretsi baitu eraistearen aldekoak direla, eta beste bide bat hartzea «akats historikoa» litzatekeela. «Orain arte, kalea eta erakundeak eskutik joan gara biktimen memoriarako eskubidearen aitortzan, eta baliteke ostegunean adostasun hori haustea, oinarrizko batasun hori haustea», azaldu du, osteguneko eztabaidari erreparatuz. Era berean, PSNri, EH Bilduri eta Geroa Bairi eskatu die atzera egin eta «kalea entzuteko».

Hiru alderdi horiek interpelatu dituzte goizean Nafarroako Parlamentuaren aurrean bildu diren eragileek ere. Haien ustez, aurkeztutako zuzenketak babestu ezean, hiru talde horiek adieraziko lukete nahiago dutela «sinbolo frankistak mantentzea». Era berean, «jarrera antidemokratikoa» izatea txarretsi diete, ez dutelako babestu aferaren inguruko eztabaida atzeratzea «elkarrizketa herritar» baten mesedetan.

Hiru alderdi horiek, baina, behin eta berriz erantzun izan diete legeak ez duela baimenik ematen eraikina eraisteko. Hala egin dute gaur ere, Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzordearen bileraren ostean. Hiruren adierazi dute urte askoan luzatu den «blokeo» egoera bat konpontzen lagunduko duela euren arteko akordioak, eta baduela aurrera egiteko adina babes. PSNko eledun Ramon Alzorrizek defendatu du «gehiengo politiko eta soziala» dituen akordio bat dela, eta xede duela «frankismoaren eta gerra zibilaren biktimak mintzen» dituen eraikin bati beste esanahi bat ematea.

Bide beretik, EH Bilduko Laura Aznalek adierazi du errespetatzen duela eraikina eraistearen aldeko jarrera, baina hiru taldeek lortutako akordioa «aukera on bat» dela memoriaren alorrean pausoak ematen segitzeko. Haren hitzetan, «gero eta gehiago» dira iritzi berekoak: «Badakit badaudela hiru indar politiko ezberdinen arteko akordioa begi onez ikusten duten elkarte memorialistak». Geroa Baiko bozeramaile Pablo Azkonak ere azaldu du proposamenak aurrera egiteko nahia: «Aurrera egin nahi dugu, bertan dauden elementu frankistetatik ahal dugun guztia ezabatzeko».

Iruñeko udal gobernuak ere iritzi bera azaldu izan du orain arte. Gaur, baina, ez du eraistearen aldeko eragileen proposamena baloratu nahi izan. Borja Izagirre zinegotziak adierazi du eragileek hura aztertu arte itxarongo dutela erantzun bat emateko: «Nahiago dut dokumentua landu eta aztertu, eta horren arabera, adierazpen bat egin».

Eskuinak, berriz, beste norabide bat eman nahi dio aferari, eta mugimenduak egin ditu. Besteak beste, herri ekinaldi legegile bat aurkeztu zuten Erorien Monumentua kultur intereseko ondare izendatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.