Krisia Osasunbidean. Kudeaketa ezbaian. Juan Jose Rubio. Osasunbideko zuzendari kudeatzaile ohia

«Zuzendari oligarkia bat dago, denbora gehiegi daramana»

Marta Bera Osasun kontseilariak jarri zuen karguan, eta hark berak postutik kendu baino egun bat lehenago alde egin du Juan Jose Rubiok. Osasunbidea «gaixo» dela nabarmendu, eta berrosatzeko eskatu du.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2014ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Gaur, Nafarroako Parlamentuan izanen da Osasunbideko zuzendari kudeatzaile ohi Juan Jose Rubio (Iruñea, 1965), kargua utzi izanaz azalpenak ematen. Azaldu du Marta Berak iradoki ziola joateko beharrik ez zuela. Hitz egin nahi du Rubiok, ordea.

Hamalau hilabete egin dituzu karguan. Nolakoak izan dira?

Dimisioa emateko unean nire sentsazio nagusia etsipena izan da. Uste dut sistemak anitzez ere hobeki funtzionatzen ahal duela. Hainbat gauza ez egiteko arrazoia ezin zaio krisiari egotzi. Argi dut dirua modu eraginkorrago batean erabiltzen ahal dela. Kontent nago, behintzat, gauzak egiteko modua aldatzeko beharra mahai gainean jarri dudalako.

Benetan kudeatzaile izateko gaitasunik eza salatu duzu. Noiztik izan duzu arazo hori?

Kargua hartu eta handik gutxira konturatu nintzen nire lanak muga handiak zituela, Osasunbideko organigramako botere oreken ondorioz. Batez ere, ikusi dut zuzendaritza taldeetan badaudela aspalditik inguru endogamikoegi batean dauden profesionalak. Talde txiki bat daukagu, zuzendari oligarkia bat, karguan denbora gehiegi daramana. Gauzak ongi dira, haien ustez. Zuzendari onenak bilatu behar ditugula uste dut nik; dauden tokian; eta formakuntza bultzatu behar dugula, zuzendaritzan diren kideek mailarik onena eman dezaten.

Zuzendaritza taldeen zurruntasuna da arazoa?

Arazo nagusia da gardentasun falta, nire ustez. Herritarrak jakin behar du nork erabakitzen duen, eta zer. Eta hori ez da gertatzen. Argi dut herritarrei eman behar zaiela botere gehiago, bai eta herritarrengandik hurbilen dauden profesionalei ere. Egungo hierarkiak atzean utzi behar ditugu, neurri handi batean.

Postua onartu zenuenean bazenekien gauzak horrela izanen zirela?

Nire aurretik karguan izan direnek ere antzeko egoera izan dute; postua ongi zehaztuta egon arren, anitzetan bertzeek erabakitzen dute; kontseilariak edo gobernuak, bai eta ardura anitzez ere txikiagoa duten bertze hainbat profesionalek ere. Banekien egoera horretan aukera bakarra izanen zela helburuak lortzeko orekari eustea, edo dimisioa ematea. Pentsatu nuen kontseilariaren babesa izanen nuela lantaldean aldaketaren bat egitea erabakiko banu. Baina ez da hori gertatu.

Zuk ezin izan duzu zure lantaldea osatu; aurretik zegoena zuzendu behar izan duzu.

Bai, lantaldea osatzea kontseilariari dagokio. Kontua da hasieratik hainbat kide nire kontra izan direla. Momentu batean hasierako kritikak erabateko oposizio bilakatu dira, eta une horretan ez dut kontseilariaren babesa jaso.

Bulegoan egotera behartu zintuela salatu duzu. Ukatu du Berak, ordea.

Hori hala izan da. Okerrena, hala ere, ez da izan bulegoan gelditu behar izatea; benetako arazoa izan da aginte eta babes falta. Eta hori gardentasunik ezaren sintoma bertzerik ez da. Gertatzen ari denaren sintoma.

Zer gertatzen ari da?

Kontua da erakundea desegiten joan dela. Azken urteotan hori gertatu da, eta erakundeko funtsezko zati diren hainbat alor, formakuntza, informazioa eta zerbitzu juridikoak, bertzeak bertze, hierarkiatik at dira, Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendaritza taldeko kideen gobernu gaitasunetik at. Erakundea gaixo dago.

Autonomia mailaz kexu agertu zara zu.

Nafarroako Osasun Zerbitzua berrosatu eta garatu egin behar dugu. Eta, horretarako, gurea baino funtzionalagoak diren ereduei egin beharko genieke so, nire ustez. Osakidetzari, adibidez. Osasun zerbitzu moderno batek behar duen autonomia eta nortasun juridikoa ditu Osakidetzak. Osasunbideak, berriz, legeak jasotzen duen autonomia mailarik baxuena du; administrazio organo autonomoa da, baina definizio horri ere hainbat elementu kendu dizkiote. Horrela, ezin dira baliabideak modu eraginkor batean kudeatu.

Zein neurritan da erantzukizuna Marta Bera kontseilariarena?

Kontseilariaren eta gobernuaren erantzukizuna da ahalegina ez egitea erakundea berriz antolatzeko eta modernoago bilakatzeko. Lehentasuna eman diote legegintzaldirako zehaztutako helburu taktikoak lortzeari; garrantzitsua da proiektuak paperean jartzea, baina garrantzitsuagoa da proiektuak izatea erakundearen egunerokoaren ardatz. Adibide bat jarriko dut: gaixo kronikoak artatzeko proiektua dago, baina ezin izan dugu nahi bezainbertze urrats egin antolakuntza arazoengatik, aukerarik ez dugulako.

Zainketa Intentsiboetako Unitatearen adibidea ere aipatu izan duzu azken egunotan. Aspaldi irekita behar zuela, baina barruko arazoek eragin dutela atzerapena. Zergatik?

Zabalik izaten ahal genuen unitate hori 2014ko lehen hiruhilabetean. Espero dut urtea amaitu baino lehen irekitzea. Kontua da zabaldu ahal izateko espazio berria hornitzeko erosketak egin behar genituela, eta gure lantaldeek ez dute horretan esperientziarik. Bertze erkidegoetako profesionalak behar genituen, edo arlo pribatukoak. Espazio berriak sortzen direnean, ez da nahikoa lehengo lantaldea eta lan egiteko moduak toki berri horretara eramatea. Halako prozesuak ongi zuzentzen eta bideratzen jakin behar da, eta formakuntza behar da horretarako, eta, bitartean, gaiaz dakien jendea. Hori egiteko, dirua gastatu behar da, bai, baina halakoetan onurak gastuak baino handiagoak dira.

Berak egotzi dizu kanpoko enpresak erabili nahi izatea, eta baliabideak mugarik gabekoak balira bezala lan egitea. Zer deritzozu?

Ongi dakit baliabideak mugatuak direla. Muga horiek ongi ezagutzen ditut, eta ekonomiaren esparruan egin ditudan proposamenek iraunkortasuna eta eraginkortasuna bilatu dute beti. Proposamenak diot, eta horrek erakusten du erabakiak hartzeko tarterik ez duela kudeatzaileak. Kanpoko zerbitzuak kontratatzeari dagokionez, egunero egiten da hori Osasunbidean. Eta ni saiatu naiz lehiaketa publikoen kopurua handitzen; lehiaketa publikoak gardenago bilakatzen.

Pribatizazioa ikusten dute hainbat sindikatuk eta herri taldek, ordea, Osasunbidearen egungo egoeraren atzean.

Argi dago planetan joera orokorra dela neoliberalismoaren bidea. Hainbat pertsonak uste dugu, ordea, bidea bertze bat dela, eta gizarte zoriontsuagoak nahi ditugu, ahalik eta osasuntsuenak. Kontua da ahalik eta etekin ekonomiko handiena lortzen saiatzen bagara akaso ez dugula etekin sozialik handiena lortuko. Nik uste dut Nafarroan ikuspuntu sozialago bat dugula faltan. Ezin dut pentsatu norbaitek osasun sistema publikoa desegin nahi duela, baina uste dut, ordea, zerbitzuak gaizki kudeatzen ari garela.

Berak dimisioa eman beharko luke?

Nik Berari eskatuko nioke gogoeta prozesu bat martxan jartzeko, Osasunbideak dituen gaitasunak hobeki aprobetxatzeko. Eman diezaiola benetan duen garrantzia Osasunbideko gobernu kontseiluari, hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.