Auzitegi Nazionalak 40 urte. Abokatuak

Zuzenbidearen gainetik, estatua

Garairik garai, urte luzez aritu izan dira Espainiako Auzitegi Nazionalean Castells, Iruin, Elosua, Bilbao eta Izko abokatuak. Bizi izandakotik, ziurtatu dute, zuzenbidea bainoago, estatuaren interes politikoak gailendu izan direla han: «'Terrorismoaren' aurkako prozesu denetan urratu da defentsarako eskubidea».

Castells (ezkerretik lehena),Burgosko prozesuko besteabokatuekin, 1970ean. BERRIA.
Hodei Iruretagoiena
2017ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Latinezko esamoldeak erabiltzen dituen abokatu belaunaldikoa da Miguel Castells. Vae victis, bota du bat-batean —Ai, garaituak! edo konkistatuaren mina esan nahi du—: «Hori da Espainiako Estatuan, une honetan, boterearen jarduna zeharkatzen duen araua. Ez da nahikoa garaitutakoari burua moztea —haien filosofiaz ari naiz, noski—; haren gertaera historikoa ere aldatu behar da». Burgosko prozesuarekin, adibidez, hori egin nahi izan dela salatu du —«auzipetuak antifrankistak zirela esan da, besterik gabe»—. TOP desegin, eta egun berean sortu zuten Espainiako Auzitegi Nazionala. Haren jatorria ezagutzeko, historian atzerago jo behar dela dio Castellsek: «Munstro frankista bat da».

Frankistek 1974ko azaroko Justiziaren Oinarri Organikoen Legean aipatu zuten Tribunal Central de lo Penal delakoa sortzea: «Izena ezberdina du, baina Auzitegi Nazionala guztiz ordezkatua dago lege horretan». Lege haren aurreproiektuetako bat 1967koa da, eta, hura aurkeztean, Audiencia Nacional deitu zion Francoren Justizia ministro Antonio Maria de Oriol Urquijok. «Prentsan ere agertu zen izen hori tarteka».

Juan Jose del Aguila epaileak kontatu zuen El TOP (Planeta, 2001) liburuan: Auzitegi Nazionaleko presidente Rafael de Mendizabalek (1977-1986) gutun bat bidali ziola, eta aitortu ziola bera izan zela «Auzitegi Nazionala sortzeko ideiaren aita, 1960ko hamarkadan». Hala publikatu zuen Abc egunkariak ere, 1991n. De Mendizabal Espainiako Gorteetako prokuradore izan zen, Francok zuzenean hautatuta.

Hor hasten da Auzitegi Nazionalaren 40 urteko historia. Castells: «Legez hala izan ez arren, auzitegi berezi gisa jarduten du».

GAL eta «estatuaren eskua»

Espainiako Gobernuak Auzitegi Nazionalaren gainean duen «ezohiko kontrol antikonstituzionala» funtsezkoa dela azaldu du Iñigo Iruinek. Bi bidetatik egiten du hori: Poliziak eta Guardia Zibilak instrukzioan duten boterearen bidez, eta fiskalen bidez—epaileak baino askoz gehiago dira—. «Horrela, Barne eta Justizia ministerioen presentzia zuzena dago jurisdikzio organoan», esan du Iruinek: «Salbuespen legedipean tramitatutako prozedura penaletan estatu batek eskua sartzeko daukan ezohiko gaitasunaren adibide bat da auzitegia».

Besteak beste, GALen aurkako auzietan aritu izan dira Castells eta Iruin. Nabaritu zuten «estatuaren esku» hori; agian, Castellsek dioen gisan, «estatu aparatuak estaltzeko marka bat» izan zelako GAL. Jose Amedo eta Michel Dominguez polizien aurkako epaiketan, adibidez, estatuaren funts bereizien datuak eskatu zituzten Castellsek-eta, baina Barne Ministerioak uko egin zion horiek emateari —ordurako, Amedok esana zuen funts horiek erabili zituztela—. Ikerketa oztopatzeagatik jarri zuten gero salaketa, baina Auzitegi Nazionalak bota zuen atzera. Castells: «Sua moztu behar zen, aparatu osoa ez erortzeko». Lasa-Zabala kasuan ere ezagutu zituzten presioak Iruinek-eta; beraien aurka ez ezik, epaileen eta lekukoen kontra: «Lekukoen kontrakoak izugarriak izan ziren. Haiek babesteko legeak ez zuen ezertarako balio izan. Jesus Garcia polizia epaiketan bertan hil izana da agian adierazpenik dramatikoena».

GALen inplikatutakoak baino gehiago, bestelakoak izan dira Auzitegi Nazionaletik pasatu behar izan duten gehienak. Castells eta Iruinen gisan, urte luzez aritu da Auzitegi Nazionalean Jose Mari Elosua ere, eta ez du zalantzarik: «Esango nuke auzitegi horretan 'terrorismoaren' aurka egin diren prozesu guztietan urratu dela defentsarako eskubidea».

'Dena da ETA', ETA da 'dena'

«Terrorismoaren» aterkipean, denetarik sartu izan dute; 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, ETAri laguntzea egotzi zieten askori. Bereziki, 1990eko hamarkadaren amaieratik aurrera, ETAko kidetzat hartu dituzte beste asko, eta, bide batez, haien historia berregin: alderdiak, mugimendu sozialak, kultur erakundeak, egunkariak, gazte antolakundeak... Elosuak argi du: «Ezker abertzalea, bere osotasunean, eta mugimendu sozialak indargabetzea izan zen 18/98 auziaren helburua». Iruinen hitzetan, «terrorismo desarmatua ebazpen judizial batean gorpuztea» izan zen garai hartako jauzi kualitatiboa: «Hau da, dena da ETA tesi politiko-poliziala sententzia batean jartzea».

Jarrai-Haika-Segi «terrorista» izendatzea izan liteke adibide bat. 2007ko urtarrilean auzi hartako sententzia irtetean boto partikularra eman zuen epaile batek esana du gogoan Iruinek: «Armarik gabeko jarduera terrorista bat kabineteko hipotesia da». Urte bukaerarako iritsi zen 18/98 auziko epaia. Iruin: «Terrorista izendatu zituzten 45 pertsona eta hainbat erakunde, batere armarik eta biolentzia ekintzarik gabe».

Elosuak nabarmendu du testuinguru politikoan bilatu behar dela horren azalpena. 1996an, PPk irabazi zituen Espainiako bozak, Jose Maria Aznar buru zela. Abokatuaren hitzetan, hedabideen eta Auzitegi Nazionalaren laguntzaz, «dena da ETA teoria irensgarri egin zuten, soziopolitikoki eta historikoki faltsua eta juridikoki aberrazio bat izan arren».

Ofentsiba legalari ere ekin zion PPk, PSOEren laguntzaz, Iruinek azaldu duenez: «1998-2003an egin zituzten 'terrorismoaren' aurkako lege gehienak». Iruin: «Dena da ETA teoriari eusteko garrantzi berezia ematen zaio ETAri eta ezker abertzaleari buruzko kontakizun historikoari: horren arabera, ETA ez da talde armatu bat, hainbat fronte integratzen dituen antolakuntza esparru gorena baizik. Dena da ETA baino gehiago, artifizialki eraiki dutena da ETA dela dena, osotasuna, fronte guztien lotura globala».

Horretan guztian, garrantzitsua da Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari emandako zeregina. Elosua: «Epaileen instruktore edo ikertzaile lana ordezkatu izan dute, epaile eta fiskalen lana edukirik gabe utziz. Haiek polizia indarrek eskatutakoa eman eta onartu dute sistematikoki». Egunkaria auzia jarri du adibide gisa abokatuak: «Egunkaria ixteko Guardia Zibilak eskatu zuen. Erabat ezohikoa eta legearen aurkakoa da hori».

Castellsen esanetan, «borrokan ari diren epaileak» dira Auzitegi Nazionalekoak, eta estatuari ez zaio interesatzen «terrorismo» delituak gertaeren lekuko epaile naturalen esku uztea: «Garrantzitsua da haientzat epaile gutxi batzuk izatea, eta Moncloaren ondoan edukitzea».

Horixe dio Iruinek ere: «Lagun-etsai eskemarekin jokatzen dute, eta instrukzio epailea akusatuaren etsai bihurtzen da». Gogoan du, esaterako, Baltasar Garzon epailearen inpartzialtasuna zalantzan jarri zenean Auzitegi Nazionalak haren alde emandako argudio bat: «ETA talde terroristaren azoteetako bat izan da». Hori inpartzialtasunarekin bateraezina dela kritikatu du Iruinek. «18/98 auzian, Angela Murillo epaileari Estrasburgoko auzitegiaren sententzia bat aipatu nion, defendatzen ari nintzena arrazoitzeko. Halako zerbait erantzun zidan: 'Tribunal honi ez zaio batere axola Estrasburgok zer dioen'».

Inkomunikazioa eta tortura

Estrasburgok maiz zigortu du Espainia tortura salaketak ez ikertzeagatik. Castells, epaileen izaeraz: «Murillok esan izan ditu ahoz gora epaile hauek pentsatzen dituztenak». Auzitegi Nazionalaren historia osoa zeharkatzen duen gaia da torturarena. Lorea Bilbao abokatuak badaki zerbait: atxiloketa inkomunikatuak zeudenero, «alarma» pizten zuten, eta, salaketak jasoz gero, auzitegietara bideratzen zituzten.

Inkomunikazioa ahalbidetzen duen legera jo du aurrena Bilbaok: «Atxilotuen eskubideak ezeztatzen ditu». Neurri hori arrazoitzeko, auto bat atera ohi dute epaileek: «'Segurtasun arrazoiak, delitu terrorista delako'. Ez dute besterik jarri behar». Atxiloaldiak iraun bitartean, habeas corpus-a eskatzen zuten abokatuek: «Beti ukatu dute».

Auzi medikuek ere ardura berezia izan dutela nabarmendu du Bilbaok. Mediku bana dago Auzitegi Nazionaleko sekzio bakoitzari atxikia; ez dira asko: «Nire ibilbidean [zortzi bat urtean], ezagutuko nituen lau edo bost. Beti dira berberak». Dena «ondo ikasia» dutela dio abokatuak: atxilotuek torturak salatzen dituztenean, ez dutela ezertan sakontzen; testigantzak haien hitzetan laburtzen dituztela txostenenetan... Txosten horiek bisita bakoitzean —zortzi edo hamabi orduan behin— bidali behar dizkiote epaileari: «Sarri ikusi izan dut: egunez eguneko bisitak egin ostean, txosten bakarrean sartzen dute dena, eta, askotan, azken egunean ematen diote epaileari. Hark, bestela ere, ez du ezer egiten. Bien ardura da».

Epaileek ere tortura salaketa asko entzun dituzte zuzenean. Bilbao: «Ironiarekin jokatzen dute sarri, gaizki sentiarazten dute atxilotua ere». Salaketa, gainera, ez dute inora bideratzen gero, abokatuaren esanetan: «Oso jarrera pasiboa izan dute epaile eta auzi medikuek; baina nik esaten dut jarrera aktiboa dutela torturaren alde, jarrera pasibo horrek ahalbidetzen duelako tortura».

Altsasu eta «terrorismoa»

2015ean, Espainiako Zigor Kodea aldatu zutenean, besteak beste, «banakako terrorismoaren» kontzeptuan sakondu zutela azaldu du Amaia Izko abokatuak. Eraso jihadisten testuinguruan egin zuten moldaketa 573. artikuluan, baina Altsasuko auzian ezarri dute lehen aldiz. Auzipetuen abokatuak gogora ekarri du terrorismoaren irakurketa hori ez dela berria: 1995ean ere egin zutela, kale borrokari erantzuteko. Kalte materialengatik, hogei urteko zigorrak ere jarri zituen Auzitegi Nazionalak. Legez kanporatzeen garaikoa izan zen beste jauzia.

Izkoren esanetan, orain arte, talde armaturen batekin «nolabaiteko lotura» justifikatu behar zuten epaileek. «Orain, hori guztia mozten da: posible da egitate terrorista bat egitea, guztiz bakana, erakunde armaturik tartean egon gabe, inongo loturarik egin gabe, artikuluko helburuak betetzen badira. Eta hori guztiz subjektiboa da». Bilakaera osoan irakurri behar da Altsasuko auzia, Izkoren ustez: «Helburua beti da terrorismotzat hartu ahal izatea estatuak nahi duena, legeen edo jurisprudentziaren bidez, hura kriminalizatzeko; Altsasukoa beste jauzi bat da bide horretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.