Baikorki eta umorez mintzo da Serge Portelli (Constantine, Aljeria, 1950) Euskal Herriko bake prozesuari buruz. Joana Etxartekin batera gidatu du Versaillesko Dei Auzitegiko magistratuak Sorbonan egindako presoei buruzko mintegia, eta mahai ingurua egin aitzin erantzun dio BERRIAri.
Zergatik antolatu duzue mintegi ziklo hau Sorbonan?
Ekainean Asanblea Nazionalean egindako konferentziaren jarraipen logikoa da. Konferentzia hartan proposamen sail bat plazaratu genuen, eta mintegiekin nahi dugu gogoetan jarraitu eta mobilizazioarekin segi. Konferentzia aski ongi pasatu zen arren, ez ginen bada horretan geldituko! Egiten ari garena luzera begirakoa da. Ideia da ahalik bide gehienetatik bake prozesua laguntzea.
Lehenik, presoen gaia.
Bai. Bake prozesuak oztopo andana ditu, beraz, banan-banan lantzen saiatzen gara, kar-kar... Lehengoetariko oztopoa —ez bortxaz garrantzitsuena, baina bai nagusia— preso politikoen egoera da, eta horien papera. Zeren, nahiz eta kartzelan egon, eragile ere baitira presoak: rol aktibo bat joka dezakete bake prozesuan, bertze herrialde batzuetan ikusi den bezala. Horregatik du mintegi ziklo honek nazioartekoa izateko bokazioa: antzekoak diren atzerriko bertze esperientzia batzuei buruz gogoetatu nahi dugu. Zehazki, Irlandako adibidean oinarritu gara.
Atera daiteke irakaspenik?
Bai, bai. Ni behintzat konbentzitua nago. Baina ez naiz ni konbentzitu beharrekoa, baizik eta prozesu hau konpontzeko aukera haien esku dutenak, hau da, Frantziako eta Espainiako gobernuak eta autoritate administratiboak. Atzerriko esperientziek erakusten dute egon izan direla gatazkak Euskal Herrikoa bezain gogorrak, eta horietatik atera izan garela. Erabakitzaileei dei egin behar diegu interesa daitezen atzerrian gertatutakoaz: erabil dezatela historia gaur egun gertatzen denarekin itsutu ordez.
Nola ikusten duzu Frantzian dauden presoen egoera?
Hurbiltzearen gaian Frantziak gaitzeko beranta du: espetxe politikak ez ditu errespetatzen ez zuzenbidearen oinarri orokorrak, ez giza eskubideak, ez justiziaren beraren printzipioak. Frantses zuzenbidea arlo horretan erabat inkoherentea eta injustua da.
Zergatik?
Familiengandik hurbiltzearen printzipioa giza eskubide bat delako, finean. Nazioarteko zuzenbideko printzipio bat da, eta horregatik daude hitzarmenak estatuen artean kondenatuek zigorra beren jatorrizko herrian bete dezaten. Giza Eskubideen Europako Auzitegiko jurisprudentzia ere badago, zeina baieztatzen duen printzipio hori. Baina frantses zuzenbidean, bitxiki, Justizia Ministerioak eta espetxeetako administrazioak dute azken hitza, eta zuzenbide estatua zaharkitua da. Administrazioaren guztiahaltasuna kontraerranean dago giza eskubideen garapenarekin.
Gaur egun hurbilketa ez dago legean aurreikusia epaituak ez diren pertsonentzat, ezta kondenatuak direnentzat ere. Aldiz, 2009tik hurbilketa printzipioa eman zuten instrukzioa bukatua duten, baina oraindik epaituak eta kondenatuak ez direnentzat. Normalki, hurbilketaren printzipioa atxiloaldi garai guzirako izan beharko litzateke. Baina legeak ez du tarteko egoera horretarako baino ezarri: absurdua da.
Eta ez naiz ni hori erraten duen bakarra: 2009ko legearen txostena egin zuen diputatuak erraten zuen inkoherentea zela. Izan dira bertzelako lege proposamenak ere, baina tamalez ez dira bururaino joan. Badago kezka bat parlamentarien artean hurbilketarena behin betiko eta osoki legean sartua izan dadin. Gaur egun administrazioak ukatu egiten du hurbilketa, ordea. Eta ez hori bakarrik: euskal presoen kontrako sakabanaketa politika bat darama, biziki urruntzen dituena haien senide eta bizilekuetatik.
Udan Christiane Taubirak euskal presoak hurbiltzeko prest zegoela erran zuen, eta baita Manuel Vallsek ere berriki Korsikako presoez. Zer diozu?
Lehenik proposatzen dut legea alda dadila, horrek emanen bailioke benetako oinarria politika bati: ezin gara promesaz soilik asebete. Ministroek promesak egin dituzte, baina jende anitz da horiek egiaz noiz agertuko zain.
Bada aukerarik horretarako?
Erabaki politiko hutsa da...
Bake prozesuaren alde lan eginen duen jurista talde bat sortzea zenuten mintegietako helburuetariko bat. Egin duzue?
Ari gara eratzen, baina lehenik nahi dugu posizio juridiko azkar bat ukan. Justuki, ari naiz bukatzen testu aski luze bat arazo horri buruz. Juristak mobilizatzeko testu bat eman behar zaie, proposamen bat, zerbait argumentatua. Ari gara horretan, eta etorriko da... Gaurko mintegia horretarako ere bada.
Aukera dago jurista andana bat mobilizatzeko?
Segur naiz. Baina hori gure araberakoa izanen da: guri dagokigu aski sinesgarriak izatea. Zenbait jurista gara jadanik gaia lantzen ari garenak: magistratuak, abokatuak, LDHko kideak... Ez gara amateurrak; serioski ari gara.
Eragin politikorik izanen duzue?
Pentsatzen dut baietz, zeren eta taldean badira euskaldunak, baina ez bakarrik. Interesa da gobernuak ikustea ez dela bakarrik Euskal Herriko ordezkariekin ari —nahiz eta hori ere guztiz zilegi izan—. Uste dut are interpelatuago sentituko dela ikusten badu gizarte zibil osoko ordezkariek hartzen dutela arazoa beren gain.
2014an Baigorrin zinen jardunaldi batzuetan, iazko ekainean Parisen, orain mintegiotan... Zein bilakaera ikusten duzu?
Batetik, herrialdeko egoera politiko orokorra blokeatzen ari da: errepikatzen ari diren terrorismo arazoek areagotu eginen dute gobernuaren sumindura. Larrialdi egoeran gaude —nahiz eta eztabaidagarria izan—, eta horrek ez du bake prozesua laguntzen. Baina, bertzetik, euskal herritarrek mobilizaturik segitzen dute, eta denak segur gaude bake prozesua prozesu luzea izanen dela, baina itzulbiderik gabekoa. Uste dut inplikatuak diren pertsona guziak zinez determinatuak direla bururaino joateko. Bakearen alde lan egitea ebidentzia bat da, eta, hain ebidentea den auzi bat izanik, irabaziko du.
Presoei buruzko mintegia Sorbonan. Elkarrizketa. Serge Portelli. Versaillesko Dei Auzitegiko magistratua
«Zuzenbide estatua zaharkitua da»
Euskal presoen sakabanaketa bukatzeko txosten bat osatzen ari da Portelli, hainbat juristarekin batera. Hurbilketaren legea aldatu behar dela dio, baina borondate politikoa ere eskatu dio Frantziako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu