Zutitu eta martxari ekin diote

Ehunka gaztek bat egin dute Ernaik antolatutako gazte martxan, «zutik» direla aldarrikatuz. Zugarramurditik abiatu, Amaiur eta Erratzutik pasatu, eta gaur Elizondora ailegatuko dira

Gazteak, atzo, Amaiurko monolitotik beherantz. JON URBE / FOKU.
Iker Tubia.
Zugarramurdi-Amaiur
2022ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Gogotsu eta indarrez. Bi urtez bertan behera gelditu ondoren, ehunka gazte batu dira Ernai gazte antolakundeak Nafarroan antolatutako gazte martxara. Atzo abiatu zen ibilaldia, Zugarramurditik, eta Erratzura ailegatu ziren arratsean. Gaur bigarren ibilaldia eginen dute, Elizondora, eta musika jaialdiaz, hitzaldiez, tailerrez eta ekitaldi politikoaz gozatuko dute han. Amaiurren geldialdia egin zuten atzo arratsaldean, bertan duela bostehun urte izandako gudua gogoan. BostEHun eta zutik! da martxaren aurtengo leloa.

«Hemen gaude. Bi urte luzeren ostean, hiru egunez martxan eta borrokan ariko gara euskal gazteak». Lepo betetako pilotalekuan esan zituen hitzok Ane Alava Ernai gazte antolakundeko bozeramaileak. Zugarramurdin egin zuten hitzordua, eta goiz jaiki ziren gazteak martxan parte hartzeko. Autobusek ahal bezala egiten zuten bidea gazteak herrian utzi eta alde egiteko. Pilotalekuaren kanpoaldean, ilarak, erositako bonuen ziurtagiria lortzeko: eskumuturreko gorria. Banderak makiletan zintzilik, prest ziren abiatzeko, gazteek motxilak eta lo zakuak bizkarrean zituzten, eta euskal presoak gogoan, argazkiekin eta banderolekin. Musikaren laguntzari esker, esperoan egotea ez zen hain luze egin.

Gertakari bitxiak ere izan ziren: gazte batzuk Fck PNV mezua zuten betaurrekoak saltzen ibili ziren jende artean. Autobusen kudeaketa zaila zela-eta, ordubete berandu hasi zen martxa. Gogoa, baina, ez zitzaien itzali gazteei. «Gora euskal gazteria», oihukatu zuen Alavak, eta jarraian suziria piztu. Eztandarekin batera abiatu ziren mendiko zapatilak eta botak bidean aitzina, urrats sendoz eta ikurrinak eta Nafarroako banderak airean dantzan. Zugarramurditik Amaiurrera abiatu ziren, eta, ondoren, Erratzura, hango kanpalekuan lo egiteko.

Bi ohar nagusi egin zituen Alavak martxari ekin aurretik. Batetik, Baztango herriak zaintzeko. Bestetik, elkarren arteko zaintzaren garrantzia nabarmendu zuen, eta argi utzi: «Ez dugu inolako eraso matxistarik onartuko». Txalo zaparrada jaso zuen azken oharrak.

Amaiurren geldialdia egin zuten arratsaldean, ekitaldi politiko bat egiteko. 1522ko uztailean hango gazteluan izandako bataila gogoratzen duen monolitoaren aitzinean paratu ziren martxako parte hartzaile guziak. Gainetik aritu ziren Ekiñe Zapiain eta Iratxe Muxika kantuan. Ondotik, Juantxo Agirre arkeologoak egin zien ongietorria, Amaiurko herriaren izenean. Historia kontatu zuen: Amaiurko guduarena eta hura oroitzen duen monolitoarena; nola eraitsi zuten eta 1982an herritarrek berriz eraiki. Are, atzo Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako armarriak xehaturik zituen monolitoak. Aurreko gauean ezabatu zituen ezezagunen batek.

Agirre gazteei zuzendu zitzaien: «Memoriak behar ditu belaunaldi berriak, eta zuek zarete horiek. Beraz, aurrera segi zuen bidean, beti askatasunaren aldetik eta bizkor». Hitzartze nagusia Alavak egin zuen, Ernairen izenean. Berehala ekarri zuen gogora gertakari historikoa: «Nafartasunaren eta askatasunaren ikur izaten jarraitzen duen herri-harri honetan batu gara ehunka gazte independentista, eta gaztelu berria eraikitzera gatoz». Orduko armadaren borroka «aitortu» eta «ondare» hori «bere» egin zutela gaineratu zuen.

Hala ere, ez zen iraganeko kontuetan gelditu: «Gu aurrerantz goaz, bostehun urte eta zutik jarraitzen dugulako, eta jarraituko dugulako; jarraituko dugu Euskal Herri aske, feminista, sozialista eta euskalduna irabazi arte». Horretarako «argia» eta «indarra» dituztela ohartarazi zuen Alavak: «Badugu nora begiratu eta nondik jarraitu bidea. Zutik gaude; zutik dago euskal gazteria». Asier Alzedoren bertsoa etorri zen jarraian: «Menpekorik gabeko mundu bat ez da zerutik eroriko». Eusko gudariak kantarekin borobildu zuten ekitaldia.

Helmuga: Elizondo

Amaiurrekoa bukatuta, Erratzurako bidea hartu zuten gazteek. Han muntatu zituzten kanpadendak. «Oztopo» batzuk izan zituztela onartu zuen Alavak, eta horregatik Erratzuko kanpalekua nahi baino «prekarioagoa» izan zela. Horrek ez zuen besta zapuztu, eta giro onean bukatu zuten mendi jardun luzea.

Gaur abiatuko dira Elizondora, eta han izanen da jaialdi nagusia. Bi egunez hitzaldiak, tailerrak eta kontzertuak izanen dituzte. Musikari dagokionez, Herdoil, Ibil bedi, Liher, Xiberoots, Skabidean, Sua eta Kaleko Urdangak taldeak ariko dira, besteak beste. Ekitaldi politiko nagusia bihar izanen da, 20:30ean, Elizondon muntatu duten karpa handian. Igandean Iruñeko Aberri Egunean parte hartzeko deia egin du Ernaik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.