Udalak. Azken akordioen balantzea

Zutabeak, udalerrietan

Udal esparruan berritasunen sasoia da: abertzaleek Eudelen eta legearen itunak egin dituzte EAEn; Nafarroako federazioan aldaketa egin da; eta Iparraldean hirigune elkargoaren alde ari dira. «Nazio eraikuntzarako baldintza onak daude»

Lehen lerroan, Pablo Azkona Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko burua eta Imanol Landa EAEko Eudelekoa, otsailaren 26an, Iruñean, bileran. NAFARROAKO UDAL ETA KONTZEJUEN FEDERAZIOA.
enekoitz esnaola
2016ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Azken ia ehun urteetan udalek eta udal hautetsiek protagonismo handia izan dute Euskal Herriaren eraikuntzan eta nazio aldarrikapenean. Hiru data nabarmendu daitezke: 1931n, Hegoaldeko estatutua onartu zuten udal ordezkariek, Lizarran; 1976an, Hego Euskal Herriko alkateen mugimenduak 1931ko estatutuaren antzekoa eta foruak eskatu zituen, Bergaran; eta 1999an, Udalbiltza nazio instituzioa sortu zuten Euskal Herri osoko 1.778 hautetsik, Bilbon; aro modernoko aurreneko erakunde nazionala. Gerrak, diktadurak, lurralde zatiketak, gatazka politikoak eta alderdien desadostasunek eragotzi edo kalte egin izan diote haien garapenari. Udalerrietan oinarrituta, nazio kohesiorako eta eraikuntzarako aukera berri bat zabaltzen ari da orain.

Izan ere, gertaera esanguratsuak izan dira azken urtebete honetan: EAEn, EAJk eta EH Bilduk Eudel udalen elkartearen estatutuak egokitzeko akordioa erdietsi zuten joan den otsailean, eta elkartearen batzarrak atzo onartu zituen aldaketak; bi alderdi horiek beraiek EAEko Udal Legea onartu zuten hil honen 7an Eusko Legebiltzarrean —Tokiko Erakundeen Legea du izen ofiziala—, eta erkidegoak izaera horretako aurreneko legea du; iazko urrian, Nafarroan, Udal eta Kontzejuen Federazioko zuzendaritzan aldaketa politikoa izan zen; eta Iparraldean, herriko etxeak hirigune elkargoaren alde bozkatzen ari dira asteotan. Urrats garrantzitsutzat dituzte eragileek. Horrez gain, EAJ eta EH Bildu hautetsien nazio instituzioari buruz hizketan ari dira, biek BERRIAri jakinarazi diotenez.

EH Bilduren eta EAJren arteko udalgintzako bi akordioek badute berritik, badute ezohikotik. Dena dela, «argazki oso edo nazional baten barruan» sartu beharreko mugimendu gisa hartu behar dira, Asier Imaz EH Bilduko Udal Politika arduradunak azpimarratu duenez. Alderdiok aurreko legealdiaren erdialdera hasi ziren Eudeli buruz hizketan. Garai hartan—2013ko martxoan—, 1.257 hautetsik Udalbiltza berrantolatu zuten; EH Bilduko eta EH Baiko edo inguruko koalizioetakoak ziren kide gehienak, hautetsi independenteak berrehunen bat zeuden, eta EAJkoa, bakarra. Legealdia amaitzear zela aurrerapauso batzuk lortu zituzten EAJk eta EH Bilduk Eudelen inguruan. Udalbiltzaz ere hitz egin zuten zerbait, baina ezertan ados jartzeke; EAJk Udalbide bazuen, baina dagoeneko, kasik geldirik. Eudel zuten hizpide, hortaz. «Jarrerak gerturatuz joan ginen, baina iazko maiatzeko udal eta foru hauteskundeak heldu ziren, eta ezin izan genuen akordiora iristerik izan», dio Koldo Mediavilla EAJren EBBko Harreman Instituzionaletako idazkariak. Irailean heldu zieten berriro negoziazioei.

Mapa politikoan aldaketak

Hegoaldeko mapa politikoa aski desberdina zen ordurako, batik bat Nafarroan izandako aldaketagatik: gobernuan eta udal nagusietan-eta UPNren edo PSNren ordez agintean ziren Geroa Baiko, EH Bilduko, Ahal Dugu-ko eta Ezkerrako kideak —edo haiek babestutakoak—, lauren artean aldaketaren alde egindako lanaren emaitza jasoz. Udalen kasuan, esaterako, 46 geratu ziren haien esku, handietatik ia guztiak; UPNren, PPren eta PSNren esku, 42. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJkoak eta EH Bildukoak dira 251alkateetatik 198; PSE-EEkok eta PPkoak, hamabi. Ipar Euskal Herrian, berriz, uda ostean hirigune elkargoaren proiektua fase erabakigarrian sartzera zihoan. «Prozesua azkartu egin genuen. Bazegoen borondaterik», azaldu du Mediavillak. «Euskal Herria osotasunean» hartzeko ariketa eginzuten, Imazen hitzetan, «eta ausardiaz eta etorkizunera begira» aritzeko erabakia hartu.

«Ezker abertzaleak estrategia aldatuta Euskal Herrian fase politiko berria» zabaldu izanari garrantzia eman dio EH Bildukoak, baita koalizioak Euskal Bidea plazaratzeari ere. Iazko urtarrilean aurkeztu zuten Euskal Bidea, euskal estatuaren sorrera nahi duen egitasmoa. EAJk historikoki legez, errealitate printzipioa aintzat hartzen du planak —EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria—, eta «erritmo ezberdinak eta pauso berezituak emanez» egin asmo du bidea. «Udal esparruan gauzak aldatu egin zirenez iazko hauteskundeetan, urrats berri hauek Euskal Bidearen barruan kokatzen ditugu, eremu ezberdinetan dauden udal baliabideak nazio eraikuntzaren mesedetan jartzeko».

Estatutuen aldaketarekin, Eudel «irekiago bat» lortu dutela aitatu dute, eta Udal Legearekin herriko etxeak eta herritarrak atera direla irabazle. Izan ere, Tokiko Erakundeen Legearen araudiarekin, udalek finantzaketa handiagoa izango dute, eskumen gehiago ere bai, eskuduntza batzuk argitu egin dira, euskara edota berdintasuneko alorretan «aurrerapausoak» eman dituzte, eta udalek hitzez eta botoz hartuko dute parte erkidegoko Finantzen Euskal Kontseiluan. «Udalek autonomia handiagoa dute orain, eta, gainera, estatuaren murrizketei eta ukazioari aurre egiteko indarrak batu ditugu», esan du Imazek. Mediavillaren arabera, bi itunak «oso garrantzitsuak» dira. «Ezker abertzaleak estrategia aldatu aldatu eta joko politikoa onartu zuenetik, guk harekin lortutako lehen akordio handiak dira». EBBko Harreman Instituzionaletako idazkariak azpimarratu du EAEko egitura instituzionala «itxi» dutela Udal Legearekin. «Herri honen instituzionalizazioa normalizatzen ari gara, eta ikusiko dugu biharko egunean erakunde berriak sortuko ditugun».

Lurralde lankidetza

Dauden eta leudekeen —udal esparruko— instituzioak lankidetzan aritzea dute xedeetako bat. Eudelen estatutuetan, adibidez, «helburu bateratu guztietan elkarrekin lan egiteko formulak» ezartzeko, Euskal Herriko arlo politikoan zein instituzionalean «antzeko» beste elkarte edo federazio batzuekin batera ariko direla idatzi dute. Besteak beste, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin «harreman iraunkorra» izan nahi dutela diote Mediavillak eta Imazek. Joan den otsailaren 26an bilera bat egin zuten bi udal elkarteek, Iruñean. Imanol Landa (EAJ) Eudeleko presidentea eta Pablo Azkona Nafarroako federaziokoa batzartu ziren. Lodosako LOIU talde independenteko kidea da Azkona, eta Nafarroako udalen elkarteko agintea hartu baino egun batzuk lehenago arte, herrialdeko Aralarreko koordinatzaileordea.

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioan historikoki UPNk eta PSNk agindu ostean, urrian zuzendaritza aldatu zen, eta Azkona presidente berriak dio lehendabiziko egitekoa barne mailakoa izan zutela. Urte honen hasieran ekin zioten beste erakunde batzuekin harremanetan jartzeari, eta hortik etorri zen Eudelekin otsailean egindako bilkura. «Harremana indartzea» adostu zuten. Azkonak aipatu du bi erakundeek lehen ere bazutela hartu-emanik, «baina arlo teknikokoak baino ez ziren. Politikoki ez zen ezer egiten». Orain alor politiko-instituzionala ere «aztertu» nahi dute. Adibidez, Nafarroan Toki Administrazioaren berrantolaketa egin nahi dute —1990ekoa da foru legea—, eta Azkonak aitortu du ongi etorriko zaiela EAEko Udal Legearen ezagutza zehatza. Gauza batzuk partekatzeko aukeraz ere mintzatu da, baita EspainiakoEstatuaren zenbait neurriri aurka egiteaz ere —udal autonomiaren defentsa, finantza muga...—.

Mediavillak dioenez, «udal elkarteek berez ez dute izaera politikorik, zerbitzu eta aholkularitza funtzioa baitute», baina erantsi du Euskal Herriaren kasuan lurralde lankidetzarik egin ahal dela, eta egin behar dela. «Nafarroak eta EAEk antzeko arazoak eta gaiak dituzte, eta elkarrekin landu beharrekoak dira batzuk».

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere aurki sor daiteke baldintzarik euskal udalen arteko elkarlanerako. Herriko etxeak hilabete pasatxora dira Iparraldeko hirigune elkargoaren bozketa bukatzekoak, eta baiezkoa aterako dela aurreikusten da. «Urteetako lanaren eta borrokaren emaitza izanen da», adierazi du Iker Elizalde Hendaiako auzapezorde eta Udalbiltzako zuzendaritzakide ohiak. «Abertzaleon nahia lurralde elkargo bat da, baina hori sortze bidean urrats gisa ikusten dugu hirigune elkargoa. Aukera dugu hartzeko, eta hartu egin nahi dugu. Ipar Euskal Herriak hartaralehen aldiz ukanen du instituzio bat, eta horrek eskumen batzuk edukiko ditu». Besteak beste, lurralde antolaketa, garapen ekonomikoa, hizkuntza politika eta mugaz gaindiko egitasmoetarako eskumenak izango ditu hirigune elkargoak —Frantziako Estatuak proposatutako egitura da—. Aukera baliatu beharraz mintzo da Hendaiako alkateordea: «Balioko du Ipar Euskal Herriak Hegoaldera gehiago begiratzeko, eta baita bestela ere. Hemen begi onez ikusten lankidetza hori; harremanak sendotu nahi dira Hegoaldearekin». Herriko etxeen bozketan baiezkoa ateratzen bada, urtarrilean jarriko da erakundea abian.

EAJk eta EH Bilduk garrantzi handia ematen diote horri, eta harekin ere elkarlana bilatu beharko dela deritzote. Bestetik, EAE- Nafarroa-Akitania euroeskualdea laster osatuko da, Nafarroa berriro ofizialki han sartuta. EAJk eta EH Bilduk zazpi euskal lurraldeetako hautetsiek osatutako erakunde bat ere hizpide dute euren arteko bileretan. Imazek berretsi du koalizioak Udalbiltza defenditzen duela, «dagoen nazio instituzio bakarra baita, eta funtzio garrantzitsu bat du: Euskal Herriaren eraikuntza eta nazio aitortzaren aldarrikapena». EH Bilduk berriz ere Udalbiltzaren gaia mahai gainean jarria dio EAJri. «Iritzi desberdinak ditugu, baina gaia sakontzen jarraitzen dugu».

Nazio mailako erakundea

Mediavillak ere azaldu du erkidegoetako udal elkarteez gain behar dela nazio mailako beste bat. «EAJren ustez, zazpi euskal lurraldeen arteko lan asoziatibo bat egiteko erakunde bat beharko litzateke. Erakunde hori ez legoke instituzioengan oinarritua edo lotua, baizik eta hautetsiek osatutakoa izan beharko luke, diaspora ere aintzat hartuz. Egitekoak: nazio aitortza nazioartean, gure eskubideen defentsa...». EAJ ez da Udalbiltzan sartuko. «Udalbiltza eta handik eratorritakoak une historiko zehatz batean sortu ziren: Lizarra-Garaziko akordioan. Garai hura pasatuta dago, iragana da, akordioaren sorburua bera barne. Ikusi dugu akatsak egin genituela eta ez genuke nahiko berriro egiterik». Haren hitzetan, EAJ formula berriak arakatzeko «irekita» dago, eta EH Bildurekin hizketan ari dira. «Eudelen eta Udal Legearen ostean, ea hirugarren akordio hori lortzen dugun. Badaukagu konfiantza, baina oraindik baditugu desadostasunak. Dena dela, ez naiz hasiko jendaurrean esaten zeintzuk diren desadostasun horiek. Hizketan jarraituko dugu haiekin».

Nahiz eta Eudel, EAEko Tokiko Erakundeen Legea eta hautetsien nazio mailako instituzioa mahai berean izan hizpide, asmoa ez da izan «kromo aldaketak» egitea, Imazek azaldu duenez. Arlo bakoitzak bere tratamendua izan du, elkar nahastu gabe. Bi itun erdietsi dituzte; hirugarrena aztertze fasean dute. Nafarroako kasua, berriz, Nafarroako eragileek eta hautetsiek jorratu dutela argitu nahi izan dute Mediavillak eta Imazek. Baina argazki orokorra hor da.

Udalbiltzak joan den otsailean egin zuen batzarra, eta Luis Intxauspe lehendakari berriak aipatu izan du «apurtutako zubiak berregiteko baldintzak» daudela. «Inoizko aukerarik onena dago udaletatik Euskal Herri osoan lan egiteko». Mediavillak uste du «nazio eraikuntzarako baldintza onak» daudela. Antzeko iritzia du Imazek: «Udaletatik nazio eraikuntza egiteko inoizko baldintza onenak ditugu orain, zalantzarik gabe. Azkeneko hilabeteotan sekulako jauzia eman da, eta akordio berriak nahi ditugu. Lanabesekin lan egin behar da orain, egunero. Gauza txikiak eginez ere eraikitzen da herri bat. Bakoitzak bere funtzioa beteko du, bakoitzak bere tokitik egingo du lan, baina helburua Euskal Herria egunero eraikiz joatea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.