Ohiko aldarrikapen eta salaketez gain, beste bi nagusitu dira LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko Euskal Herriko mobilizazioetan: zuriketa arrosaren eta Palestinaren genozidioaren aurkakoak. Manifestazio jendetsuak egin dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Miarritzen (Lapurdi) bihar arratsaldean egingo dute mobilizazioa, 16:00etan, kasinotik abiatuta.
«Oraingoan, beste inoiz baino gehiago, hemen elkartu gara harrotasuna politikoa dela aldarrikatzeko», esan dute, ozen, Bilbon. Manifestazioa herri mugimenduak antolatu duela nabarmendu dute, eta gaurkoak ez duela zerikusirik Bilbo Bizkaia Harro jaialdiarekin. «Gure borroka merkantilizatu eta despolitizatzea baino ez du helburu».
Iruñean, gogoratu dute harro ez dela pride: «Pride etiketak inperio ekonomiko bihurtu du kolektiboaren borroka, eta identitatea merkantilizatzeko erabili du». Nabarmendu dutenez, harrotasuna ez da saltzen, baizik eta defendatu. BIlbon gehitu dute haien harrotasunean ez duela lekurik «mugimendu TERF, putofobo, burges eta erakundeen pride-ak». LGTBI borroka turismoa sustatzeko erabiltzen duen jai ere hiri ereduaren kontra daude, eredu horrek turistifikazioa eta hiri eta herrien gentrifikazioa eragiten duelako.
Mobilizazioen antolatzaileek erakundeei gogorarazi diete ez dela nahikoa LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean agiriak plazaratzea eta egoitzetan ortzadar banderak jartzea. Euskal Herriko erakunde gehienek kaleratu dituzte aste honetan —gaur, bereziki— LGTBI kolektiboaren eta eskubideen aldeko adierazpen ofizialak, eta atera dituzte argazkiak ortzadarraren banderarekin. «Erakundeek aurpegia garbitzen dute keinu sinboliko pare batekin eta LGTBI-friendly kontsumoa finantzatuz, gure bizitzak benetan hobetuko dituzten politika publikoen gabezia nabaria den honetan», salatu dute Gasteizen, administrazioen jokabidea gogoan. «Diskurtso eraldakoia, zis-hetero araua zalantzan jartzea eta haren indarkeriak bigarren mailan geratzen dira azaleko diskurtso merkantilistaren aurrean».
Eguneroko oztopoak
Ekainaren 28aren ondoren LGTBI kolektiboko kideek politika publiko gordinak jasan behar dituztela oroitarazi dute: atzerritarren legea; indarkeria egoeretatik «ihes egitea zailtzen duten» etxebizitza politikak; transexualen osasun arretaren «gabeziak»; genero unitateetan aplikatzen diren «protokolo zaharkituak»; kalitatezko zaintza sistema publikorik eza; «indarkeria biomedikoa eta psikiatrikoa» gorputzak, bizitzak eta identitateak «patologizatzen dituen osasun mentaleko sistema batean»...
Zuriketa arrosa «indarkeria koloniala» ere badela salatu dute: «Gure borroka eta historia erabiltzen ari dira sarraski etnikoa makillatzeko. Fikzio bat eraiki dute, non Israel herrialde zibilizatu, ireki eta inklusiboa den». Bide beretik, Gasteizen salatu dute Israelek zuriketa arrosa baliatzen duela Palestinaren kontrako zapalkuntza ezkutatzeko. «Erakunde sionista, LGBTQI+ eskubideen gotorleku gisa aurkeztu bai, baina gero, genozidioa, okupazio militarra eta populazio palestinarraren aurkako giza eskubideen etengabeko urraketak egiten jarraitzen du», azaldu dute. «Gogoan izan apartheid sistema baten pean bizi dela palestinar herria».
Bilboko mobilizazioaren antolatzaileak —Bizkaiko E28 Koordinakundeak— bat egin du Queer Coalition for Palestine erakundearen manifestuarekin, eta haren zati bat irakurri dute gaur. «Baina zer dago, ba, ospatzeko?», galdetu dute. «Gure kide palestinarrak genozidio basati bat jasaten ari dira Israel sionistaren eskutik, Mendebaldeko gobernuen finantzaketaz eta armez lagundurik. Mugimendu global gero eta handiagoa ari da mobilizatzen Palestinarekiko elkartasunean, Gazako 2,3 milioi palestinarren aurkako Israelen setioa eta genozidioa geldiarazteko. Mugimendu horren parte gara, eta harro gaude». Iruñeko mobilizazioaren deitzaileek bat egin dute Palestinako LGTBI komunitatearen borrokarekin, eta babes, aliantza eta maitasun guztia bidali diete.
«Ulertzen dugu geure askapena loturik dagoela, kuir palestinarren askapenarekin ez ezik, palestinar guztien eta herri kolonizatu guztien askapenarekin ere», jarraitu dute. «Ez dago kuir askapenik apartheida, patriarkatua, kapitalismoa eta beste zapalkuntza batzuk existitzen badira».
Migratzaileak eta transexualak gogoan
Euskal Herriko kaleetan gogoan izan dituzte migratzaileak eta arrazializatuak: «Ez da kide migratu eta arrazializaturik gabeko harrotasunik». Elkartasunerako deia egin dute Gasteizen, ez bakarrik LGTBI kolektibokoen artean, «baizik eta sistema honen zapalkuntza pairatzen dutenekin eta hura eraldatzeko prest daudenekin: emakumeak, migratuak, arrazializatuak, sexu langileak, gorputz disidenteak...».
Eskuin muturraren eta faxismoaren gorakadaren aurrean, batasuna eta erantzuna aldarrikatu dituzte, «elkartasun sareak eta erresistentzia».
Transexualen kontrako indarkeria salatu dute, transfobia eta transmisoginia. Transexualei erakunde publikoek ematen dieten tratua. Osakidetza eta Genero Identitateko Unitateak aipatu dituzte, haien esanetan dokumentazioa aldatzeko trabak jartzen dizkietelako, prozesuak psikiatrizatzen dituztelako, «barregarri» uzten dituztelako edota «pertsona transak eskubideak merezi dituztenen eta merezi ez dituztenen artean sailkatzen dituztelako, lodifobia eta halako mekanismoez baliatuz. «Ez dago trans baztertzailea den feminismorik! Borroka transfeminista aldarrikatzen dugu, eta harro gaude haren ibilbideaz», oihukatu dute Iruñean.