Zuri-beltzari kolorea eman diote Bilbon

7katu gaztetxearen bosgarren urteurrenean, ehunka pertsona bildu dira Bilbon, okupazioari babesa emateko

Gaztetxeen eta okupazioaren aldeko manifestazioak ehunka pertsona batu zituen. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
«Zuri-beltza koloreztatu» egin zuten atzo ehunka gaztek, Bilbon, okupazioaren alde. 7katu gaztetxeak bost urte bete ditu urtarrilean, eta hainbat ekitaldi egin dituzte hori ospatzeko. Atzokoari Okupazio Eguna izena jarri zioten, eta ospakizunetako egunik garrantzitsuena izan zen. Ekitaldi nagusia arratsaldean egin zuten, manifestazio nazionala eginda. «Erakundeek alde guztietatik eraso diote okupazio mugimenduari, baina inoiz baino aktiboago jarraitzen dugu», Bilboko Okupazio Mugimenduko (BOM) Asier kidearen hitzetan: «Okupatzen jarraitzeko asmoa daukagu, inoiz baino garrantzitsuagoa delako une honetan». Eta hori aldarrikatzeko atera ziren kalera, oraindik ere okupatzeko asmoa dutela jakinarazteko. Gure ametsak dirauen bitartean, zuenak egin du! lelopean egin zuten manifestazioa, Bilboko kaleetan.

Eguraldiak ez zuen sobera lagundu atzo Okupazio Egunean, baina horrek ez zuen eraginik izan aurrez prestatutako ekitaldietan. Okupazioaren sinboloa zuten banderak, okupazioaren aldeko oihuak, aterkiak eta kamioi batetik jotzen ari ziren zuzeneko musika; aldarrikapenerako bide horiek erabili zituzten mobilizazioan. Manifestazioa Areatzan amaitu zen, ekitaldi batekin. Era askotako jazarpenak pairatu dituzten hainbat okupazio mugimendutako kideek hartu zuten hitza, manifestazioaren arrazoiak agertzeko.

Horien artean, Zallako Gazte Asanbladako kideak zeuden. Hango gaztetxea husteko arriskua dago, eta otsailaren 4an haienaurkako epaiketa hasiko da. Asanbladako kideei 360.000 euroren isuna jartzeko eskatuko dute. Jasaten ari diren «kriminalizazio prozesua» salatu zuten Zallako gazteek.

Azken hilabeteetan entzutetsu egin den Kukutzaren eraispenarengatik ere hartu zuten hitza. «Kukutzaren kasuan argi geratu da, huste prozesuan, Cabisa enpresak berak baino interes handiagoa zuela udalak», adierazi zuten. Gertaera haien ingurukoak ahozko auzi saioetatik epaitegietara eramateko ebazpenaren zain daude, eta bide hori salatzeko aprobetxatu zuten.

Ekitaldia amaitzeko, manifestariek ezusteko bat zeukaten zain Unamuno plazan. Hantxe egon ziren 7katu gaztetxearen lehen bi lokalak, eta pertsona batzuk horietara igo ziren, bengala batzuk piztu eta urtemuga ospatzeko. Gero, gaztetxe ibiltari batek —burdinazko estrukturazko tutu batek— Zazpikaleak okupatu zituen, eta festa tabernaz taberna hedatu zen.

Eztabaida eta hausnarketa

Dena ez zen, baina, mobilizazioa izan atzo. Goizean goiztik hasi zen jendea Bilbora inguratzen, eta eztabaidarako txanda izan zuten 7katu gaztetxean bertan. «Hausnarketa prozesu bat egin dugu, autogestioaren bidea nola gauzatu behar den zehazteko», Asierren hitzetan. Edarien salmentatik aparte finantzatzeko alternatibez jardun zuten. «Oinarri horretatik abiatuta, autogestioan sakontzeko aukera gehiago egon daitezke, eta laster ondorio horiek lantzen hasiko gara gaztetxeetan». Edozelan, barne hausnarketarako ariketa bat izan zela nabarmendu du.

Okupazio mugimendua azken boladan ahoz aho dabil, batez ere Kukutza hustu zenetik. Edozelan ere, Asierrekadierazi du gaztetxeak hedatzen ari diren lekuetan gero eta zabalagoa dela auzokoen onarpena. Horren adibide gisa jarri du Kukutzaren kasua bera: «Errekaldeko auzoa egitasmoaren atzean dago». Baina, horrez gain, zehaztu du 7katu gaztetxeak auzoan bertan lortu duen onarpena ere garrantzitsua dela. Babesaren adibide gisa, atzoko herri bazkaria aipatu du. «Gaztetxean bertan egin beharrean, Karmelo Ikastolan egin dugu bazkaria. Hango kideei galdetu genien ea bertan egoterik bageneukan, eta ez digute arazorik jarri».

Auzo eta herriak «kolorez betetzeko», gune okupatuek gizartean gero eta onarpen handiagoa dutela uste dute okupazio mugimenduko kideek; «are gehiago krisi garaietan». Gainera, etorkizunean mugimenduak jarraitu egingo duela diote, baita onarpenaren bidean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.