Jaieguna izanagatik, atzo bildu ziren PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa, Nafarroako Gobernuaren programa hitzartzeko asmoz. Uztail hasieran programen edukiaren negoziazioa hasiz geroztik, diskrezio handiz aritu dira. Beraz, ez dute deialdi publikorik egin. Astelehen arratsaldean, PSNren Eskualdeko Batzorde Exekutiboaren bileraren ondotik, Maria Txibite idazkari nagusi eta jarduneko lehendakariak baieztatu zuen ez dutela egutegirik, baina abuztuaren 28ra arteko epemuga dute. Kazetariei azaldutakoaren arabera, gobernuaren osaeraren negoziazioa ondoren etorriko da, akordio programatikoaren lehentasunek markatu dezaketelako gobernuaren egitura bera.
Aurretik, Geroa Bai kritiko azaldu da negoziazioen eskemarekin, nahi duelako aurretik argitzea PSNk zer gobernu eredu sustatuko duen eta zer pisu instituzional nahi duen alderdi bakoitzak izatea. Koalizioak ohartarazi du nahiago dutela akordio on bat lortu premiak behartuta akordio oker bat egin baino.
Zurekin Nafarroak ohar bat bidali du, Sumarrek lortutako emaitzek zapore «gazi-gozoa» utzi dietela adierazteko. Nahiz eta diputatua ez lortu, maiatzeko bozekin alderatuta, ia bikoiztu egin dute, eta Idoia Villanueva Madrilera bidaltzeko «2.000 botoren faltan» geratu dira. Orotara, 43.564 boto lortu dituzte. Emaitza horiek euren posizioa indartu egiten duela uste du koalizioak. Euren ustez, bozen ostean, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak «are indar handiagoz» hartu behar dituzte gobernua osatzeko negoziazioak eta horiei begira euren rola indartu delakoan daude.
UPN, urduri
Egoera horretan, posizioa zailean geratu da UPN. 1986tik lehen aldiz lehen indar izateari utzi dio, eta laugarren geratu da. Diputatu bat eta senatari bat lortu badu ere, Javier Esparzak Nafarroako Gobernua lortzeko helburu are gehiago urrundu zaio. Horren jakitun, UPNko presidenteak legealdiari begira gobernabideabermatzeko «oso eskaintza eskuzabala» luzatu dio PSNri, EH Bildu negoziazioetatik at uztearen truke. Halaber, UPNk egungo udalei eutsi ahal izatea galdegin du, arriskuan ikusten duen seinale.
Ramon Alzorriz PSNko Antolamendu idazkariak baztertu egin du proposamena. «Etenik gabe mespretxatu eta iraindu gaituzte azken urteetan, eta orain eskaintza hau egiten digute ez dituztelako emaitza onak izan». Amarru politikotzat jo du. «Gaur arte ibili zaizkigu aurpegiratzen Nafarroa saldu dugula». Alzorrizek gaineratu du proposamenak ez duela sinesgarritasunik ez zietelako hori esan maiatzaren 28aren ondoren.
Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioei begira, uste du ez dela arazorik egongo. «Sanferminen aurretik aurrera egin genuen elkarrizketetan, eta orain aurrera egingo dugu lehenbailehen akordioren bat egiteko». Haren irudiko, sozialisten emaitza onek euren posizioa indartu dute.
Onartu du hizkuntzaren arloan edo kudeaketan ez datozela bat, baina ez du uste eragozpen handia izango dela: «Herritarrek agindua eman digute ados jartzeko eta eskuina oposiziora bidaltzeko, eta, ondorioz, gure arteko desadostasunez harago, akordioren bat hitzartzeko konpromiso hori bete behar dugu».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
Zurekin Nafarroak, Geroa Baik eta PSNk berriz ekin diete negoziazioei
Gobernabidea bermatzeko UPNk egindako proposamena baztertu du Alzorrizek: «Etenik gabe mespretxatu gaituzte, eta iraindu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu