Gatazkatsuak izan dira ETAren eta EAJren arteko harremanak, beti. «Konplikatuak izan dira, txarrak, eta beharrezkoak ere bai. Kontraesanez beteak». Bai behintzat, 1960. eta1979. urteen artean, Jose Felix Azurmendi kazetariaren iritzian. «Gero, hotzak bihurtu ziren, hutsalak, eta amaitu egin dira. Bakoitzak bere bidea hartu du. Urte askotan indiferenteak izan direla ere esango nuke».
ETAren historiako aurreneko hemezortzi urte horietan erakunde armatuak alderdi jeltzalearekin izan zuen harremanaren kontakizuna jaso du Azurmendik, PNV-ETA crónica oculta (1960-1979) izenburuarekin. Ttarttalok kaleratu du liburua, eta bere bizipen pertsonalekin, orduko protagonisten eskutitzekin —Irujorenak, Leizaolarenak, Txilardegirenak, Krutwigenak...—, ETAren agiriekin, Poliziaren txostenekin eta orduko prentsarekin osatu du. «Nire kezka handiena izan da momentu bakoitzeko dokumentazioarekin momentu bakoitzeko kronika egitea. Gero hogei urte edo 30 urte pasatu ondorengo irakurketekin egitea desberdina da. Saiatu naiz esaten zer gertatu zen eta hura nola ikusten zuten protagonistek, momentu horretan».
Azurmendik oso gertutik bizi izan zituen garai haiek, eta aitortzen du batzuetan distantzia hartzea ez dela erraza: «Kronika informazio interpretatua da. Zuk aukeratzen duzu zer jarri eta zer ez». Nolanahi ere, zuzeneko lekukotasun asko daudela nabarmendu du, eta horiek hitzez hitz daudela, interpretatu gabe.
Gaur, ETAk borroka armatua amaitutzat eman duela eta kontakizunari buruz hainbeste hitz egiten den honetan, horretarako ekarpena izango dela ere uste du Azurmendik: «Ekarpen bat da. Irakurtzeko erraza dela uste dut, baina egiari egokitzen zaiona. Hemen esaten diren gauzek atzetik ziurtasun osoa daukate».
Horrek hainbat kontraesan azalaraztea ekarri du, haren hitzetan: «Batzuetan, EAJko buruzagiek esaten dute 'gu beti egon gara indarkeriaren kontra!'. Adi! Jesus Mari Leizaola erbesteko lehendakariak 79an ETAri buruz galdetzen ziotenean Frankismoak ETA justifikatzen zuela esaten zuen... eta beste hainbatek ere nola edo hala justifikatu izan dute. Adierazpen horiek guztiak hitzez hitz daude jasota».
Izan ere, ETAren eta EAJren arteko harremanak zerbait izan badira kontraesankorrak izan direla dio Azurmendik. Sorrera-sorreratik, jeltzaleek gaizki hitz egiten zuten ETAkoei buruz, baina konfiantza ere zor zitzaiela esaten zuten. Manuel Irujok, esate baterako, ETAkoak erotuta zeudela esaten zuen, «arabiar zikinak imitatuz» ari zirela salatuz, baina «kristorenak eta bi bota ostean, honako hau gaineratzen zuen», dio Azurmendik: «Onartu behar zaie gauza batzuetan arrazoia daukatela».
EAJkoen familiakoak ziren ETAko kide gehienak. Belaunaldien arteko zatiketa zegoen. Azurmendi: «Lehenengo lapurreta egon zenean, han sartuta zegoen Jose Mari Eskubi. Leizaolaren familiakoa zen, eta haren aita erbesteko jendearen artean oso ezaguna zen mediku bat. Egiten ari zirena lotsagarria zela esaten zuten EAJkoen artean, baina, gero, beste batek gaineratzen zuen: 'Agian birpentsatuko dute egunen batean, eta jende eskuzabal honi, konfiantza eman behar zaio beti'. Oso kontraesankorrak ziren».
Juan Maria Bandresek 1978an Interviú-n egin zioten elkarrizketa batean esandakoak ere jaso ditu Azurmendik liburuan, ETAko kideek sortzen zizkien sentimendu kontrajarrien erakusle: «Zure galderari erantzun aurretik oinarrizko bi gauza azaltzera behartuta nago. Aurreneko gauza da Euskal Herrian oraindik ez dela bakerik egin. Garaituen egoera teorikoan gaude aurreneko gerra karlistaz geroztik. Geroko gerra guztietan garaituak izan gara, Espainiako gerra zibilean barne. Bestalde, irmoki ukatzen naiz bizia, askatasuna, segurtasuna eta familia arriskuan jartzen dituen jendeari terrorista, bandidu edo gaizkile deitzera [...]».
Adierazpen horiek «geroagorako» ere balio dutela nabarmendu du Azurmendik. Liburuan adierazpen batekin baino gehiagorekin gertatzen da hori, baina idazleak ez du baloraziorik egiten. «Erraz ateratzen dira ondorioak. Norberak atera ditzala».
Ideologikoa baino gehiago
Azurmendiren iritzian, ETAren sorreran arrazoi ideologikoak ez ezik pertsonalak ere egon ziren. ETA sortu zuten asko EGIn egon ziren aurrena, jeltzaleekin batera, baina hor harremanak asko txartu ziren. Azurmendiren ustez, hori ez zen gertatu kontrakotasun ideologikoengatik bakarrik: «Nik uste dut konfrontazio pertsonal bat ere egon zela Juan Ajuriagerra eta Jose Mari Benito del Valleren artean [hori ETAren sortzaileetako bat izango zen gero]. Ez bakarrik konfrontazio ideologikoa. Orduan ETAkoak sozialdemokratak ziren. Federiko Krutwigek berak [garai hartako inetlektual bat] adarra jotzen zuen esanez Benito del Valle eta Jose Manuel Agirre etakideekin egon zela ostiral santu egunez, eta bi haiek ez zutela ezer jan 00:00ak jo zuten arte. Katolikoak ere baziren! Denak ez, baina... Arrazoi ideologikoa ez zen benetako pisuzkoa. Zerbait egiteko beharrak zuen pisua, mugitu beharrak. Aurreko belaunaldia porrot eginda zegoen».
Gatazka pertsonalei helduz, esaten den beste gertaera bat ere ekarri du gogora Azurmendik: «ETA sortu zenean, EAJren eta gobernuaren barruan bazen adar berezi bat Informazio eta Propagandarako Zerbitzua deitzen zitzaiona [Pepe Mitxelenaren eskutik, gero CIArekin harremana zutenak eta]. Batzuek esaten zuten horiek haserretu egin zirela Ajuriagerrarekin eta hari indarra kentzeko lagundu zietela ETAko fundatzaile izango zirenei. Hori Muga aldizkariaren aurreneko atalean horrela azaltzen da. Nik uste dut ez dela horrela, baina hori ere esaten da».
Gero etorri ziren konfrontazio ideologikoak. «EAJkoak oso antikomunistak izan dira beti», ekarri du gogora Azurmendik. ETAren sorrerako batzuk ere halaxe zirela dio: «Antikomunismo hori oso errotuta zegoen gizartean». ETAn, ordea, 1965etik aurrera marxismo guztiak egon zirela dio: «Hasieran marxista erdi humanista-sozialista humanistak, gero marxista baina ez leninistak, leninistak, erdi PCkoak, gero maoistak, gero troskistak... denetarik! EAJkoek eta erbesteko burukideek kontra egon behar zuten nahi edo ez». ETAk bere bidea hartu zuen: «Fundatzaileek ez, haiek gelditu ziren... baina jende berria sartu zen, Txomin Iturbe adibidez. Horiek beste planteamendu batzuekin zetozen... ETAn aldaketa asko egon dira; EAJn, ordea, betikoak egon dira».
Guda armatua ez da arazo
Azurmendik argi dauka ETAren eta EAJren artean «guda armatua» ez zela izan «arazoa», hasiera hartan behintzat. Gogora ekarri du ETAk hasierako hamar urteetan ez zuela inor hil eta EAJko jendeak esaten zuela «zenbat hil dituzue bada?». Ugarte apaizak ere esaten ei zuen: «ETAko hauek zoratuta daude, armak edukitzea ez erabiltzeko...». Liburuaren idazleak argi dauka: «ETAk jarraitzaileak ez zituen irabazi idazten zituen gauzengatik, edo ideologiagatik, baizik eta bere ekintzengatik. Eta aktibismo hori denentzat zen onartua».
Txabi Etxebarrietaren heriotza, Burgosko prozesua eta Carrero Blancoren kontrako atentatua etorri ziren gero. Azurmendik dioenez, «EAJkoek ez dute esaten hau gaizki eginda dago edo halakorik... adibidez, Manuel Irujok esaten zuen ETAk IRAk bezala egin behar lukeela, alegia, 'bere gobernuarentzat lan egin' behar zuela, bazirudiela ETAren kezka gobernua kritikatzea zela, hari lagundu beharrean. Alegia, ez zeuden guda armatuaren kontra».
Gerora ere izan dira harremanak ETAren eta EAJren artean. Adibidez, 1986an Txomin Iturbe eta Xabier Arzalluzen kontaktuen ondorioz abiatu ziren elkarrizketak eta 1998an ezagutu zen Lizarra-Garaziko akordioa daude jasota liburuan.
50 urteko historiak gorabehera handiak izan ditu, baina, Azurmendiren ustez, ezinikusi guztien gainetik, bada oraindik garai hartako pentsaera bat bi ildoetako jendeak bere egiten duena: Telesforo Monzonek aldarrikatutako Maltzagarako bidea. Hark esaten zuen bagoi ezberdinetan izanda ere Maltzagara tren berean joan behar luketela ideologia desberdinetako abertzaleek eta, agian, bakarren batzuk Eibarrera jarraitzera animatuko zirela.
Hala ere, zaila izango dela uste du Azurmendik: «Belaunaldi berriek, batez ere EAJn, ez dute beren historia ere ezagutzen. Administratzaileak bihurtu dira, boterearen administratzaileak. Gazte gehienak bizi osoan moketa zapaltzen bizi izan dira. Ezker abertzalean ere, topikoz beteta ibili dira beti. Eta ETAn militante asko izan da formazio gutxikoa».
EAJ-ETA harremana
Zurekin baina zu gabe
ETAren eta EAJren artean izandako harreman gatazkatsu eta kontraesankorrak jaso ditu Jose Felix Azurmendi kazetariak 'PNV-ETA crónica oculta (1960-1979)' liburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu