Hernaniko Udalak adierazpen bat onartu du Zupiriari «elkartasuna» erakusteko

Mehatxu larria islatzen duten pintaketak azaldu dira Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu berriaren aurka, Hernanin. Mehatxuek «ez dute tokirik», Hernaniko alkate Xabier Lertxundik salatu duenez.

Bingen Zuriaren aurkako pintaketa bat, Hernanin. BERRIA
Bingen Zuriaren aurkako pintaketa bat, Hernanin. BERRIA
xabier martin
2024ko ekainaren 25a
12:30
Entzun

Ertzaintzaren eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriaren aurkako pintaketak azaldu dira Hernanin (Gipuzkoa), eta herriko alkate Xabier Lertxundik berak salatu ditu X sarean, pintaketak erakutsita. «Zipaioak borrokan. Tiroa garunean. Bingen, erne ibili» irakur daiteke mehatxu larria jasotzen duten pintaketetan.

«Pintaketa hauek azaldu dira gaur Hernanin. Beti egiten dugun moduan, agindua emana dago ezabatzeko. Mezu honekin babesa adierazi nahi diet bertan kaltetuak direnei. Horrelakoek ez daukate lekurik. Udal ordezkariei adierazpen instituzional bat egiteko proposamena egingo diet», idatzi du alkateak (EH Bildu) sare sozialean.

Hernaniko Udalak adierazpen bat onartu du gaur bertan, pintaketa «onartezinen» aurka. Mehatxu horiek «eragindako erakunde publikoei babesa eta elkartasuna» jaso ditu idatzi instituzionalak, eta haien ordezkariei ere bai, hau da, Bingen Zupiriari, esaterako.

Zupiria hernaniarra Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta gobernuko bozeramailea izan da Iñigo Urkullu lehendakariaren azken legealdietan, eta Imanol Pradales lehendakari berriak Segurtasun sailburu izendatu du abiatu den legealdirako. Gaur bertan egin du karguaren zina Segurtasun sailburu gisa, Ajuriaenean, EAJk eta PSEk osatu duten gobernuko gainontzeko sailburuekin batera.

Gaitzespenak

EAJk «irmoki» gaitzetsi du gertaera hori, «Euskadik atzean utzi duen garai batera garamatzalako». Irainek, mehatxuek eta xantaiak «ez dute lekurik gizarte demokratiko batean», jeltzaleek ohartarazi dutenez. Hala, gainontzeko alderdiei eskatu die «gaitzesteko ekintza hori indar berarekin». GBBko kide Imanol Lasak idatzi du X sarean «batzuek horrelako harrera» egiten diotela «Eusko Jaurlaritzari eta beren herriko Segurtasun sailburuari». Lasak dio ez direla «iraganeko tik batzuk», baizik eta «gorrotoaren eta mehatxuaren adierazpena, oraindik ere bizirik» dagoena. Hori guztia esan ondoren, GBBko kideak EH Bilduri eta Sorturi esan die «ekintza horiek arbuiatzeko aitzakiarik gabe».

Zupiriaren, EAJren eta Ertzaintzaren aurkako pintaketak erreakzioak eragin ditu alderdi politikoen artean. EH Bilduko Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaile Maddalen Iriartek esan du  «onartezinak» direla, eta «erabat arbuiatu» ditu. Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak ere (EAJ) elkartasuna adierazi die Zupiriari eta Ertzaintzari, eta esan duenez, «mehatxuek ez dute tokirik gizartean». Hernanin azaldu diren pintaketek «iraganarea garamatzate», Mendozaren arabera. PSE-EEk, berriz, ziurtatu du «irainak eta mehatxuak» ez direla izan bidea «inoiz ere ez». PPk «epelkeriarik gabeko gaitzespena» eskatu die alderdi guztiei. Eta Podemosek «horrelako ekintzak betiko atzean uztera» deitu ditu herritarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.