Sumarren galdera parlamentario bati erantzunez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zubiria martxoaren 5eko Anoetako gertaerez aritu da Eusko Legebiltzarrean. Realak PSGren aurka jokatu zuen Txapeldunen Ligako partida egun horretan, eta, norgehiagokaren atarian, Ertzaintza oldartu egin zen, eta Amaya Zabarte zalea, istiluekin zerikusirik ez zuen emakume bat, larri zauritu zuten. Zabartek eta haren senarrak salatu dute foam jaurtigai batek jo zuela burualdean. Ikusi ahal izan dituzten irudiak kontuan hartuz, familiak salatu du ertzain batek ostiko bat eman ziola emakumeari, haren aldamenetik igaro zenean.
Bada, Zupiriak azaldu du irudi horiek kontuan hartuz ezin dela baieztatu Zabarte foam jaurtigai batek zauritu zuela. Sailburuak esan du ohartzen dela «emakumearen sufrimenduaz», baina kontatu du Zabartek ez zuela aipatu ertzain batek ostikoa eman zionik. Hala, Zupiriak eutsi egin dio Josu Erkoreka saileko buru zenetik Segurtasun Sailak defendatu duen bertsioari: «Gaur-gaurkoz, eta epai irmo batek aurkakorik esaten ez badu, ezin da ziurtatu herritar horrek jasandako zauriak foam jaurtigai batek eragin zituela».
Auziaren artxiboa
Irungo emakumeak, 44 urtekoa, ospitalean eman zituen egun batzuk buruan hartutako kolpe larriarengatik, eta oraindik ere osatzen ari da. Bideoan ikus daiteke ertzain batek ostikoa eman ziola biktima lurrean zegoenean eta haren aldamenetik igaro zenean. Zupiriak, ordea, azpimarratu du Zabartek berak ez zuela ostikoaz ezer esan artatu zutenean. «Bideo hori justiziaren esku jarri zen hasieratik, eta ez zuten erasorik ikusi».
Hori dela eta, kereila artxibatu egin zuen Gipuzkoako Epaitegiak, harik eta helegitea jarri zuten arte, familiaren adierazpen berriak eta bideoaren irudien kalitate hobetua aintzat hartuta. Epaitegiak ez du erabakirik hartu oraindik helegite horren inguruan.