Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak «bere horretan» onartzen du Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak Rosa Zarraren heriotzaz egindako txostena: Ertzaintzaren pilotakada batek hil zuen. Sailburuak «zoritxarreko urte haien» giroan kokatu du gertakari hura, eta adierazi du Ertzaintzak, orokorrean, «profesionaltasunez» jardun zuela garai hartan.
Ikusi gehiago
Zupiriak ez du aztertu nahi izan balorazio batzordearen ebazpena, eta adierazi du auziaz esan beharrekoak Irazusta-Zarra familiari helarazi dizkiola, gutun bidez, eta hala nahi badute, familiari dagokiola gaiaz hitz egitea. «Zorionez, beste garai batean bizi gara, baina batzuetan denok atzera begiratu beharko genuke, eta onartu gertatu behar ez zuten gauza asko gertatu zirela», esan du Euskadi Irratian egindako elkarrizketan.
Izan ere, gaiaz galdetuta, Zupiriak testuinguru zabalago baten barruan kokatu nahi izan du Rosa Zarraren heriotza, orduko «indarkeria giroari» erreferentzia eginda. Orduan ere Eusko Jaurlaritzan ari zen lanean, Jose Antonio Ardanza lehendakariaren prentsa arduradun gisa, eta azaldu du gertukoa zuela Juan Mari Atutxa Herrizaingo sailburua ere. Besteak beste, esan du 1995ean ETAk Gregorio Ordoñez PPko zinegotzia hil zuela, eta Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren gorpuzkiak aurkitu zituztela.
Hain zuzen, azken gertakari horri lotuta, bi elementu gogoratu ditu: Mikel Zubimendi Herri Batasuneko parlamentariak Ramon Jauregi lehendakariordearen eserlekura karea bota zuela, eta Ertzaintza Lasaren eta Zabalaren familien kontra oldartu zela Tolosako hilerrian (Gipuzkoa). «Oso egoera gogorrak eta desatseginak egon ziren, Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz Ertzaintzak eduki behar izan zituen jokabide batzuengatik», esan du.
Era berean, ertzainen kontrako ekintzak izan zirela ere zehaztu nahi izan du Zupiriak. Bi kasu aipatu ditu: Itsasondon (Gipuzkoa) bi ertzain hil zituztela, eta Errenterian (Gipuzkoa) furgoneta bati eraso egin ziotela, eta agente bat larri zauritu. Halere, Ertzaintzak urte haietan gehiegikeriaz jardun ote zuen galdetuta, Zupiriak adierazi du ezetz: «Defendatzen dut kasu gehienetan Ertzaintzaren jokabidea neurrikoa izan zela, eta profesionaltasunez egindakoa».
Egoera «baretu» da
Ertzaintzako lan gatazkari dagokionez, Zupiriak uste du tentsio uneak izango direla aurrerantzean ere, besteak beste, hurrengo urtean hauteskunde sindikalak egingo dituztelako. Halere, egoera «baretu» dela uste du, eta orain hitzartutakoa kudeatzea tokatzen zaiola Jaurlaritzari.
Beste sektore batzuetan akordioari egin dizkioten kritikei erantzunez, Zupiriak zehaztu du Jaurlaritzak ez duela bere horretan soldata igoera bat adostu ertzainentzat, nahiz eta urtean, batez beste, 4.000 euro gehiago kobratuko dituzten. Igoera hori osagarriak eguneratuz egin dela zehaztu du, argudiatuta Jaurlaritzak ezin dituela soldatak igo estatuan ezarrita dauden mugetatik haratago. Hala, Hezkuntza Sailak irakasleen lan gatazkaren harira duen posizioa defendatzeko ere baliatu du abagunea, esanez azken urteetan sektore horretan ere «asko» aldatu direla lan baldintzak.
Segurtasun Sailak eta Eudelek ertzain eta udaltzain lanpostuak betetzeko lan eskaintza publiko bat aurkeztu zuten joan den astean, eta horrek bat egiten du sailak 2030erako 8.000 ertzain izateko duen xedearekin. Halere, uste du ez dutela erraza izango postu guztiak betetzea, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langabezia tasak txikiak dira eta.
Deialdian ezarritako euskara eskakizunez, berriz, adierazi du jada ezarrita dauden hizkuntza plangintzen araberakoak direla: «Ertzaintzan, esango dut dauzkagun hizkuntza eskakizunen gainetik dagoela akreditatuta ezagutza».