Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak eta Eudeleko presidente Esther Apraizek «Euskal Poliziako agente» izateko LEP handi baten inguruko xehetasunak eman dituzte gaur. Deialdi hori Poliziako eta Larrialdietako Euskal Akademiak abian jarritako seigarren deialdi bateratua da, eta oinarrizko eskalako agenteen 643 postu berri eskainiko ditu, Ertzaintzarako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 22 udaltzaingo eta polizia zerbitzuetarako.
Azaldu dutenez, lanpostu horien kopurua handitu ahal izango da hautaketa prozesuak irauten duen bitartean postu hutsak sortzen badira deialdia egin duten administrazio publikoetako batean. Izan ere, oraingoz, 473 lanposturako deialdia egin dute Ertzaintzarako, «segurtasunekoak denak, kale lanetan» aritzeko, eta 170 postukoa udaltzain izateko, zenbait udalerritan. Besteak beste, Bilbo (67), Gasteiz (48), Barakaldo (12), Portugalete (8), Zarautz (4), Tolosa (3) eta Basauri (3) udalerrietan udaltzain izateko deialdia da.
Lehiaketan lanpostu baten bila aritzen direnei ez zaie eskatuko hizkuntza arloko maila jakin bat edukitzea. Zupiriak zehaztu du «behin aukeraketa egiten denean» formazioa hasiko dela, eta hura bukatzean hartuko dutela aintzat lanpostua lortutakoen hizkuntza maila, «postu bakoitzak bere hizkuntza eskakizunak baititu». Alegia, hizkuntzei dagokien arloan meritua izango da euskara LEP horretan, «beste hizkuntzak bezala».
Apraizek, berriz, udaltzainei dagokienez, zehaztu du udal bakoitzak ezartzen dituela hizkuntza eskakizunak lanpostu bakoitzerako, eta orain ere horrela izango dela.
«Gure poliziak gaur egungo gizarteak planteatzen dizkigun erronketarako prestatzen ditugu»
BINGEN ZUPIRIAEusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua
Zupiriak adierazi du deialdi partekatu horiei esker Jaurlaritzak eta Eudeleko udalek hasieratik bultzatu dutela «polizia koordinazioa». Segurtasun sailburua «elkarbizitzaz, prestakuntzaz eta jarduteko irizpideen homogeneizazioa sustatzeaz» aritu da, herritarrei zerbitzu «eraginkorra eta efizientea» eskaintzeko. «Ertzaintzak eta udaltzaingoek eskaintzen duten zerbitzu publikoa indartzen dugu, eta gure poliziak gaur egungo gizarteak planteatzen dizkigun erronketarako prestatzen ditugu», azpimarratu du Zupiriak.
Bestalde, Eudeleko presidente Apraizek azpimarratu du LEP bateratuak «borondatezko tresnak» direla udalentzat, prozesuetan «arintasuna eta eraginkortasuna» irabazteko aukera ematen ei dutela, eta udaltzaingoen eta Ertzaintzaren arteko «funtsezko koordinazioa indartzeko aukera» ematen dutela. Lankidetza horrek helburu gisa ei dauka «euskal polizia modernoa, profesionala eta oso kualifikatua» bultzatzea, «bizilagunekiko hurbiltasunez eta enpatiaz zerbitzu publiko onena emateko».
Ariketak, euskaraz edo gaztelaniaz
Enplegu lehiaketa horretan parte hartzeko interesa dutenek martxoaren 21etik aurrera eman ahal izango dute izena, Poliziako eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgune ofizialean: www.arkauteakademia.eus. Bertan izango dute inprimaki ofizial eta normalizatua. Oposizioko ariketak euskaraz edo gaztelaniaz egiteko aukera izango dute, eta zein hizkuntzatan egin nahi dituzten adierazi beharko dute. Oso garbi utzi du hori Zupiriak, eta erantsi du parte hartu nahi dutenek hizkuntzari dagokionez duten «eskubidea» bermatuko dutela.
«Elkarlan honen helburua da gure udalerrietako bizilagunekiko hurbiltasunez eta enpatiaz zerbitzu publiko onena ematea»
ESTHER APRAIZEudeleko presidentea
Akademiaren asmoa da lehenengo probak, psikoteknikoak eta ezagutzakoak, ekainean edo uztailean egitea, eta uda ondoren proba fisikoekin eta elkarrizketa pertsonalekin amaitzea hautaketa prozesua. Modu horretan, agenteek 2026. urtearen hasieran hasiko lukete prestakuntza Arkautin, eta 2026. urtearen amaieran hasiko lukete praktiketako zerbitzua.
Horrez gain, jakinarazi dute promozio horrek «hezkuntza eredu berri bat» izango duela, eta zortzi hilabeteko prestakuntzan bilduko duela curriculuma. Horretarako, ikasleek Arkautiko akademian emango dute gaua: «Modu horretan, prestakuntzako hilabeteetan, ertzainen eta udaltzainen arteko kohesioa, ezagutza eta lankidetza sustatuko da».