Atzo eta herenegun. Bi egun eta bi epai euskararen aurka. Gaur, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioa horiei buruz galdetu dio EH Bilduko eledun Jasone Agirrek Iñigo Urkullu lehendakariari. Alabaina, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak erantzun dio. Zupiriak esan du «kezkagarriak» direla euskararen ofizialtasuna «zalantzan» jartzen ari diren epaiak eta jarrera politikoak: «Badago arrazoirik kezkatuta egoteko». Horregatik, ziurtatu du ahal duten instantzia guztietan egingo dutela horien kontra.
Ikusi gehiago:«Ez dugu ezer aldatuko»
Agirrek, bere galderan, irmo egin du azkenaldiko epaien aurka: «Legebiltzar honetan gehiengo zabal batez onartutako udal legea urratu du auzitegiak, eta eraso zuzena egin die udalei, hizkuntza politikarako duten ahalmena mugatuta. Epaile batek bertan behera utzi ditu euskararen eta euskal hiztunen bizimodua normalizatzeko neurriak». Horrela, Agirreren esanetan, epaile bat ari da hizkuntza politika egiten, «eskuin muturreko taldeek bultzatuta». Kritikatu du hauteskundeetan «inondik inora lortu ezin dutena» auzitegien bidez lortu nahi dutela.
Gainera, nabarmendu duenez, ez dira «kasu bakanak», «ondo antolatutako oldarraldia» baizik: «Gizarte honen gehiengo zabal batek demokratikoki euskararen inguruan adostutakoaren kontra egin dute epai euskarafoboekin». Hori ikusirik, azaroaren 4rako Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako manifestazioan parte hartzera deitu du EH Bilduk, eta hala egin dezatela eskatu diete Urkulluri eta Zupiriari ere.
Ikusi gehiago:Eudelek dio udal legearen epaia «toki autonomiaren aurkakoa» dela
Zupiriak, baina, erantzun dio bakoitzak erabakiko duela noiz eta non egon behar duen. Alabaina, onartu du «kezkatzekoa» dela zenbait alderdi urratzen ari diren bidea: «Arduratzeko modukoa da zenbait alderdi politiko egiten ari diren ahaleginak, hain zuzen, zalantzan jartzeko 40 urtean egin dugun ibilbide demokratikoa». Erantsi du: «Kezkagarria da politikaren arloak kudeatu eta
adostu behar diren gaietan justizia tribunalek edukitzea azken hitza. Kezkagarriak dira epaile batzuek azkenaldi honetan hartu dituzten sententziak, eta kezkagarriak dira epaileak arrazoitzeko erabili dituzten argudio batzuk ere». Halaber, salatu du gisa horretako epaiek zalantzan jartzen dutela euskarak aparteko babesa behar duela, eta euskara «gatazkak sortzeko» erabiltzea gaitzetsi du. Eta gogorarazi du euskara eta gaztelera «maila berean» direla ofizialak.
Ildo bertsutik mintzatu da Urkullu ere, Voxeko ordezkariaren galderari erantzunez. Epaitegietara begira jarri da. Haren esanetan, eremu judizialean asko falta da euskara eta gaztelera parez pare egoteko, eta, gainera, salatu du «sentsibilitate asko» falta dela horrelako gaiak judizialki lantzeko. Eta hizkuntza eskubideak errespetatzeko eskatu du: «Gure ardura da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea, administrazioarekin dituzten harremanetan erabiliko duten hizkuntza aukeratzeko eskubidea izatea bermatzea. Hizkuntza eskubideen berme hori botere publiko guztien konpromisoa izan behar da: betearazlearena, legegilearena eta judizialarena». Berretsi du helegiteak jarriko dizkietela bi epaiei, ez daudelako «konforme».