Zupiriak Erkorekak aurrez esandakoa zuzendu du ertzain batek Getxon jipoitutako emakumearen auzian

Zupiriak azaldu du Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zuela agentearen defentsa. Aurrez, baina, Erkorekak ukatua zuen sailak prozesuan parte hartu izana.

Auzia salatzeko elkarretaratze bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Auzia salatzeko elkarretaratze bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2024ko irailaren 10a
16:40
Entzun

EH Bilduk Eusko Jaurlaritzako kideei egindako galderak erantzuten ari dira gobernuko arduradunak. Azkenetako bat da 2018an Getxoko polizia etxean (Bizkaia) atxilo zuten emakume bat jipoitzeagatik zigortutako ertzainaren auziari lotutakoa. Koalizio subiranistak Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari galdetu zion ea agente haren defentsak zenbateko kostua izan zuen Eusko Jaurlaritzarentzat, eta Zupiriak erantzun du ez zuela kosturik izan, Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek bere gain hartu zutelako defentsa. Hala, ezetsi egin du aurrez Josu Erkoreka sailburu ohiak esana: Jaurlaritzak ez zuela prozesuan parte hartu.

Agenteak emakumeari egindako erasoa bideoan grabatuta geratu zen; hartan ikus daiteke nola, besteak beste, bi ukabilkada eman zizkion. Auzi hura epaitegira iritsi zen, eta iazko azaroan sei hilabeteko espetxe zigorrera, isun ekonomiko batera eta biktimari kalte ordain bat ordaintzera zigortu zuten agentea, osotasun moralaren kontrako delitu batengatik. Era berean, biktimari ere isun bat ezarri zioten, desobedientzia delitu bat leporatuta. Atxiloketaren arrazoia zera izan zen, agente batzuei aurre egin izana supermerkatu baten aurrean zegoen «eskale» bat identifikatzen ari zirenean, pertsona hura «gaizki tratatzen» ari zirelako.

Epaiketaren ostean, EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak Erkorekari galdetu zion auziaz Eusko Legebiltzarrean, eta hark erantzun zuen Segurtasun Sailak ez zuela prozesuan parte hartu, eta beste afera bat dela sailak akusatuaren abokatua ordaindu izana. Legeak bietako bat «bermatzeko» betebeharra ezartzen du.

Orain, baina, Zupiriak adierazi du Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek hartu zutela bere gain agentearen defentsa, eta ez zutela kanpoko inor kontratatu, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak auziaren inguruan ebatzi arte. Hain zuzen, une hartan, zigortutako agenteak uko egin zion Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoak baliatzeari; abuztu amaieran, epaiari Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako helegitea ere kendu zuen. Emakumeak ez du kendu. Hark desobedientziagatik ezarritako isuna kentzeko exijitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.