Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gutuna bidali dio Amaia Zabarteri, joan den martxoan Anoeta futbol zelaiaren kanpoaldean Ertzaintzaren oldarraldi batean larri zauritu zen emakumeari. Partidaren atarian, istiluak izan ziren, eta ustez Ertzaintzak foam pilota batekin jo zuen 44 urteko emakumea. Bada, gertatutakoagatik atsekabea agertu dio sailburu izendatu berriak, eta jakinarazi ikertzen ari direla egun hartan zehazki zer gertatu zen. Zabarteren familiak, ordea, hotz hartu du gutuna.
Noticias de Gipuzkoa egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, Zupiriak elkartasuna agertu dio Zabarteri, esanez sentitzen duela martxoaren 5eko gau hartatik jasaten ari dena. «Gogorra izan behar du kirol ikuskizun handi batez gozatzera joan eta jazo zirenen moduko gertakariak topatzea», dio gutunean. Era berean, baina, «hasieratik argitaratu diren eta gertatutakoari buruz ezer gutxi argitzen lagundu ez duten informazio nahasiak» ere deitoratu ditu sailburuak.
Zupiriak gutunean dio ikertzen ari direla gau hartan zer gertatu zen. Zabarteri bidalitako gutunean dio Ertzaintzaren Kontrol eta Gardentasun Batzordearen esku dagoela ikerketa, eta gertatutakoa «Poliziaren eta justiziaren ikerketak ahalik eta zehaztasun handienarekin eta lehenbailehen argitzea» espero duela.
Zupiriak gutunean ez du baloraziorik egin Ertzaintzak gau hartan izan zuen jokabidez, baina esan du ertzainek beti ezarria duten moduan jokatu beharra dutela, hau da, Ertzaintzak pertsonen segurtasuna lehenesten duela beste edozein egoeraren aurrean. Espero duela «kasu honetan ere hala izan» izana, dio sailburuak Zabarteri bidalitako gutunean.
Zabarteren senarrak sare sozialetan erantzun dio sailburuari, esanez «izotza bezain hotz» utzi dituela gutunak, eta Zupiriak ezin diela esan Ertzaintzak beti ezarritako protokoloen arabera jokatzea espero duela. «Ez al duzu ikusi, akaso, nire emazteari eman zioten ostikada?», itaundu dio senarrak Segurtasun sailburuari. Izan ere, duela egun batzuk zabaldutako bideoan ikusten da ertzain batek ostikada bat ematen diola Zabarteri, lurrean zaurituta zegoela.