Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin du gaur goizean Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, otsailaren 2an Donostiako Manterola kalean gertatutakoaren inguruko azalpenak emateko. Zupiriak gezurtatu egin du emakumearen eta haren senideen kontakizuna, eta nabarmendu du ez zuela «jipoirik» jaso. Baina aitortu du agenteek «akatsa» egin zutela, protokoloaren arabera ertzain etxera eraman ordez osasun zentrora eraman behar zutelako.
Ertzaintzaren jardunbidea arautzen duen protokoloaren arabera, atxiloketa «indarrez» egiten denean atxilotua erietxera eraman behar da ertzain etxera eraman aurretik. Halaxe eraman zuten haren bikotekidea, gau hartan atxilotu zuten beste gizonezkoa; ez, ordea, emakumea. «Ez daukat azalpenik akats edo zabarkeria horretarako. Abian diren ikerketek edo auzitegiek erabaki beharko dute zein izan zen gertatutakoaren arrazoia eta norena den erantzukizuna», adierazi du Segurtasun sailburuak.
Hala ere, argudiatu du emakumea identifikatzeko izan zituzten zailtasunengatik hartu zutela erabaki hori ertzainek, ez baitzuten lortu atxilotu zuten lekuan bertan egitea. Horrez gain, adierazi du litekeena dela Donostiako ertzain etxeko txanda aldaketak eta gau hartan ertzainek izan zuten «jarduera biziak» ere lotura izatea agenteen erabakiarekin.
Ikerketa aurretiaz
Zupiriak azaldu duenez, Kolonbiako hedabideek otsailaren 17an argitaratu zuten albistea, baina Ertzaintzak gertakariak jazo eta hurrengo egunean abiatu zuen ikerketa, otsailaren 3an, alegia. Izan ere, hamar egun lehenago jakin zuen emakume batek salaketa jarri zuela Donostiako udaltzaingoan. Ertzaintzari leporatu zion konortea galarazterainoko tratu txarrak eman izana bera atxilotu zutenean.
Ofizioz zabaldu zuten ikerketa hori, atxilotutako emakume bat Zainketa Intentsiboko Unitatean ospitaleratua zegoela jakin zutenean. Donostiako Justizia jauregiko bideokameren irudiak bildu zituzten, baita ziegakoak ere. Halaber, atxiloketan parte hartu zuten ertzainen testigantzak ere jaso zituzten. Informazio hori aztertuta, zera ondorioztatu du Zupiriak: «Ez dago daturik emakumeak jipoi bat jaso zuela baieztatzen duenik».
Sailburuaren arabera, ezin da ondorioztatu ertzainek «indarra modu desegokian edo gehiegikeriaz erabili zutenik», ez Manterola kalean esku hartu zutenek, ez ertzain etxeko ziegetan emakumea zaintzeaz arduratu zirenek ere. «Justizia jauregiko kamerek grabatutako irudietan ere ez da ageri emakumearen aurkako erasorik», azpimarratu du. Are, esan du irudi horietan emakumea «lurrean eserita» ageri dela, konortea galdu gabe.
Atestatuaren arabera, halere, emakumea «mozkor» zegoen atxilotu zutenean, eta, polizia etxera iritsi zirenean, «besoetan hartuta» eraman zuten zeldara. Zupiriak adierazi duenez, emakumea zaintzen egon ziren ertzainak une oro, eta orduan ohartu ziren haren osasun egoera txarraz, «ezkerreko besoan eta hankan min» zuela esan zielako. Gau hartan ustez «drogatu» egin zutela ere esan zien. Donostia ospitalera eraman zuten, «besoetan hartuta» orduan ere.
Sailburuak argudiatu du Ertzaintzak ez zuela modurik izan andreak gaixotasunen bat zuen jakiteko, datu horiek pribatuak baitira, «ezta haren osasuna nola zegoen jakiteko ere». Hala, haren itxurari erreparatuta jardun zuten. Arratsaldean bertan askatu zuten, eta hurrengo egunean jakinarazi zien Osakidetzak emakumea ZIUan ospitaleratu zutela.
Gardentasun falta
Zupiriak xehe-xehe eta ordena kronologikoan eman du gau hartako gertakarien berri, eta salatu du «akusazio larriak» egin direla Ertzaintzaren aurka. Gogorarazi du hiru ikerketa zabalik daudela oraindik, eta horiek argituko dutela zer gertatu zen zehazki. «Ez naiz gai izan gertatutako guztia argitzeko; nahiko nuke agerraldi honek gertatu ez zena argitzeko balio izatea gutxienez». Zupiriak aipatutako hiru ikerketak honako hauek dira: Ertzaintzak berak abiatutako barne ikerketa, EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeak martxan duena eta salaketaren harira epaitegiek egin beharrekoa.
Oposizioak, aldiz, «gardentasun gabe» jardutea eta «informazioa ezkutatzea» egotzi dio sailburuari. EH Bilduk «gardentasunez ez jokatzea» leporatu dio Zupiriari, hiru aste beranduago jakin baita gertatutakoaren berri, hedabideen bidez. «Informazio honen berri emango zenuke atzerriko hedabide batean agertu izan ez balitz?», itaundu dio sailburuari Gorka Ortiz de Gineak. «Oso larria da gertatu dena. Honek egoera txarrean jartzen gaitu herrialde gisa, eta Ertzaintza leku txarrean uzten du».
Ertzaintzaren jarduera egokia izan zela nabarmendu dute, aldiz, Vox ez beste alderdi guztiek —Sumarrek ez du ordezkaritzarik—. Jeltzaleek eta sozialistek, halaber, Segurtasun Sailaren jarrera goretsi dute, gardentasunez jardun duelako gertatutakoaren berri ematean.