Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiria prest da polizia ereduaren inguruko eztabaidari heltzeko. Hala adierazi du atzo Azpeitiko, Getariako eta Zumaiako udalek (Gipuzkoa) Udaltzaingoko lanpostuak betetzeko LEP lan eskaintza publiko propio bat aurkeztu izanari erreferentzia eginez. Halere, bi aferak bereizi nahi izan ditu, esanez halako prozesuak egungo lege esparruari men eginez betetzeari erreparatuko diotela.
Urola Kostako hiru udal horiek, bost udaltzain lanpostu betetzeko LEPa aurkeztearekin batera, «herritarren beharretara egokitutako Udaltzaingo eredu hurbila eta komunitarioa indartzeko» helburua jarri zuten; besteak beste, euskara ardatz hartuta. Hala, Zupiriak iradoki du EH Bildu koalizioa agintean den udalak baliatzen ari dela polizia ereduaren inguruko eztabaida eragiteko. Hain zuzen, koalizio subiranista dago agintean aurrez urrats bera egin zuten beste hiru udalerrietan ere: Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroa (Bizkaia); orduan, LEPak balio izan zuen Lemoarako (EAJ) ere. Eta, modu zuzenagoan, EH Bilduko ordezkariek Eusko Jaurlaritza eta alderdiak interpelatu izan dituzte gaiaz, Udaltzaingoari soilik ez, Ertzaintzari ere erreferentzia eginda.
Hortik haratago, baina, Segurtasun sailburuak adierazi du Udaltzaingoko lanpostuak betetzeko prozeduren nondik norakoak zehaztuta daudela. EAEko Poliziari buruzko legearen arabera, udalei dagokie «tokiko polizia zerbitzuak planifikatu, zuzendu eta kudeatzea», eta, ondorioz, baita horien hautaketa egitea eta formakuntza eskaintzea ere. Horretarako, baina, bi prozedura daude, Zupiriak berak gogoratu duenez. Batetik, hautaketa prozesua Arkautiko akademiaren bitartez egitea. Hori erabiltzen dute udal gehienek, baina arazoak sortu izan ditu, besteak beste, hainbat kasutan euskaraz aritzeko gaitasuna, inguruaren ezagutza eta egonkortasuna bermatzeko ezintasuna erakutsi dituelako.
Hala, Urola Kostako hiru udalerriek beste bidea jorratu nahi izan dute: prozesua euren kabuz antolatzea. Halere, horrek ez dakar Arkautiko akademiaren esku hartzea ezabatzea. Izan ere, legearen arabera, Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademiak leku bat izan behar du hautaprobetarako epaimahaietan. «Aukeraketa ezarrita dagoen esparru barruan hobetzeaz ari bagara, uste dut badagoela gauzak ondo egiteko tartea», ondorioztatu du.
Asmo horretan indar eginez erantzun dio EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eledun Pello Otxandianok. Zehaztu du koalizioak ez duela «lege esparrua gainditzeko» asmorik, eta gogoratu du lan eskaintza publikoetan legea «zehatz-mehatz» errespetatu beharra dagoela. Hori kontuan izanda, uste du udalek badutela eskumena «polizia eredu hurbil baten» aldeko urratsak egiteko: «Hautaketa prozesua euren gain hartuta, badute tartea legearen barruan polizia eredu komunitario baten aldeko hautaketa irizpideak proposatzeko». Era berean, esan du horrek lagundu dezakeela polizia ereduaren inguruko eztabaidari heltzeko.
Elkarlana
Abagunea baliatuta, Zupiriak adierazi du asteartean Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluan aurkeztuko duela Segurtasun Sailak Eudelekin duen akordioa berritzeko proposamena. Hartan, zehaztu duenez, sailaren eta udalen arteko elkarlanari erreparatzen zaio, baita udaltzainen formakuntzari ere.
Hain zuzen, atzoko agerraldian, Azpeitiko alkate Nagore Alkortak zehaztu zuen eurek bitartekaritza indartzeko eta indarkeria matxistari aurre egiteko formakuntza saioak indartu dituztela azken urteetan, eta bide horri eutsi nahi diotela.