Joseba Arregiren heriotzaren erreakzioak

Zupiria: «Jaurlaritzari ahotsa ematea egokitu zitzaion urte zailetan»

Ordezkari politikoek Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura sailburu ohiaren ibilbidea goraipatu dute haren heriotzaren harira. Besteak beste, ETAren biktimen alde eginiko lana nabarmendu dute.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR, EFE
Berria
2021eko irailaren 14a
11:42
Entzun

Gaur zendu da Joseba Arregi sailburu ohia, eta haren heriotzak ordezkari politikoen erreakzioak ekarri ditu goizean goizetik. Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bere kargu beretan jardundako alderdikide ohiaren ibilbidea goraipatu du, euskararen biziberritzearen eta euskal kulturaren alde egini zuen lana azpimarratuz.

«Joseba Arregiren heriotzaren orduan, agur sentikorra. Jaurlaritzaren bozeramaile eta Kultura sailburu ezagutu nuen. Jaurlaritzari ahotsa ematea egokitu zitzaion, eta urte zail haietan erantzukizun handiak izan zituen euskararen biziberritzean eta euskal Kulturan. Goian Bego!», adierazi du Twitter bidez. Iñigo Urkullu lehendakariak, era berean, sailburu oihak Jaurlaritzari eginiko «ekarpena» nabarmendu du, eta dolumina adierazi die hildakoaren senideei.

Arregik nagusiki EAJn egin zuen bere ibilbide politikoa, baina haren ildo estrategikotik distantzia hartuz joan zen, 2004an alderdia uzteraino. Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, sailburu ohiaren omenez argitaratu duen mezuan aintzat hartu du, ordea, «ondorengo desadostasun guztien gainetik, burukide zelarik eginiko lana eta sailburu gisa euskararen normalizazioaren eta euskal kulturaren garapenaren alde egin zuen ekarpena».

Idoia Mendia bigarren lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak ere sare sozialen bitartez eman dio agurra Arregiri, Gernikako Estatutuaren aldeko eginiko defentsa eta ETAren biktimei eskainitako arreta gogora ekartzeko: «Minez jaso dugu Joseba Arregiren heriotzaren albistea. Aldaketaren bultzatzailea, Aldaketaren sortzailea, estatutuaren babesle irmoa. Intelektual ausarta, beti izan zuen lehentasunezko begirada terrorismoaren biktimentzat».

Bide berean, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak Arregiren «duintasun intelektuala» eta «Euskadiren aniztasunaren aldeko defentsa tinkoa» nabarmendu ditu Twitterren.

Maddalen Iriarte EH Bilduren legebiltzarreko taldearen bozeramaileak, berriz, ETB1eko Egunon Euskadi saioan hitz egin du Arregiren heriotzari buruz, eta azaldu du bien familiek «gerra osteko Andoain hartan harreman handia» izan zutela. Gainera, Iriartek gogoratu du bera ETBko kazetari ibili zen garaian sailburu zena hainbat aldiz elkarrizketatu zuela, eta azken urteetan bere posizio politikoetatik «oso urruti» egon bada ere Arregiren heriotzaren berria jasotzeak «inpresio handia» eragin diola aitortu du EH Bilduko bozeramaileak.

Carlos Iturgaiz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidenteak, bestalde, sailburu ohiaren heriotzak eragindako «atsekabe sakona» adierazi du sare sozialetan. «Gizon jakintsu eta intelektual handia» izan zela esan du, eta baita «askatasunaren babesle handia» eta «terrorismoaren biktimen babeserako sekulako zutabea» izan zela zehaztu ere.

Fernando Buesa fundazioak, halaber, adierazi du Arregi «terrorismoaren biktimen duintasuna inork ez bezala defendatu zuen pertsona bikaina» izan zela, eta fundazioaren kolaboratzailea eta «lagun ona» zela gogoratu. Covite biktimen elkarteak ere «lagun» eta «erreferentzia kultural» gisara definitu du, eta gehitu du «pixkanaka nazionalismotik gertuko bere jarreretatik aldendu zela, ETAren biktimekiko konpromiso zibiko eta intelektuala sendotu zenean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.