Zupiria: «Ertzaintzak indarra erabiltzeko legitimitatea du, baina indarra ezin da indarkeria bihurtu»

Segurtasun sailburuak berretsi du ez duela hitz egin Bilbon Ertzaintzak jaurtitako foam bala batek jota barrabil bat galdu zuela salatu zuen gizonarekin. Zer gertatu zen argitzea eta lehenbailehen osatzea opa dio. Eskatu du gogoeta egiteko istiluei buruz.

Zupiria, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Zupiria, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2025eko apirilaren 9a
12:28
Entzun 00:00:0000:00:00

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Bilboko Errekalde auzoko Etxarri gaztetxeko istiluei buruz hitz egin du Naiz irratian egin dioten elkarrizketa batean. Azaldu du foam jaurtigai baten ondorioz barrabil bat galdu duela salatu duenak, Iker Aranak, ez duela salaketa ofizialik aurkeztu oraindik, eta beraz, «oso zaila» dela zer gertatu zen ikertzea: «Salaketarik gabe, itsu moduan gabiltza gai honen inguruan». Lehenbailehen osatzea opa dio, eta «behar den bezala» argitzea zer gertatu den.

Sailburuak berretsi du ez Jaurlaritzak ez Ertzaintzak ez duela harekin hitz egin oraindik, ospitalean zela saiatu baziren ere hark ez zuelako nahi izan. Eta azpimarratu du Ertzaintzak egun hartan ez zuela gomazko pilotarik erabili; gainera, ziurtatu du hala izan ote zen bermatzeko ikerketa abian duela. Izan ere, gaztetxea hustearen aurka protestan ari ziren hainbatek salatu zuten ertzainek debekatuta dauden pilotak erabili zituztela manifestarien aurka egiteko.

BERRIAk jakin duenez, gaur jasoko du sendagiria Aranak, eta bihar agerraldi bat egingo du gertatutakoaren berri emateko. Etxarri gaztetxearen aurrean izango da, 19:00etan, zauritu zuten leku berean.

Zabarte, «biktima bat»

Halere, Zupiriak aitortu du Amaya Zabarte «biktima bat» izan zela, baina ez du argitu hark buruan hartu zuen kolpea Ertzaintzak jaurtitako foam jaurtigai batek eragindakoa izan ote zen: «Argi geratu da nahi ez zuen egoera baten biktima bat izan zela. Berdin zait hartu zuen kolpea pilotakada baten ondoriozkoa izan zen edo beste pertsona batek jaurtitako beste zerbaiten ondoriozkoa. Baina egia da zerbaitek jo zuela eta horrek kaltea eragin ziola».

Hori horrela, Zupiriak iritzi dio «bidezkoa» dela Zabartek auzitara jo izana bere kasua argitzeko: «Guztiz ulertzen dut». Gipuzkoako Auzitegiak, ordea, auzia artxibatu egin zuen hasieran, eta bideo batzuetan oinarrituta ireki dute berriz auzia. Hain justu ere, Zabartek epailearen aurrean hitz egin zuen astelehenean, eta auzitegi medikuaren txostenaren berri ere eman zuen: haren zauriak «zeharo bateragarriak» dira foam jaurtigai batek eragiten dituenekin.

Zabarte Irungoa da, 44 urte ditu, eta ospitalean eman zituen egun batzuk buruan hartutako kolpe larriarengatik; oraindik ere osatzen ari da.

Gogoeta istiluei buruz

Zupiriak esan du, dena den, ezinbestekoa dela istiluen eta indarkeria erabiltzearen inguruan gogoeta egitea. Izan ere, gogorarazi du hilabeteko epean bi istilu izan direla Bilbon: Athleticen eta Erromaren arteko partidaren ostekoak, batetik, eta Errekaldeko gaztetxearen inguruan sortutakoak, bestetik. «Ez da ezeren justifikazioa, baina halakoak gertatzen ari dira. Eta gizartearen gehiengoak ez du normal ikusten hori. Nik behintzat ez», adierazi du.

Horren harira, esan du Ertzaintzari eskatzen zaion ardura bera eskatu behar zaiela istiluak sortzen dituztenei: «Ertzaintzak indarra erabiltzeko legitimitatea du, eta zorrotzak izan behar dugu horrekin, indarra ezin baita indarkeria bihurtu. Baina, era berean, gogorrak eta zorrotzak izan behar dugu istiluak eragiten dituzten pertsona horiekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.