Zupiria: «Bizimodua irekiagoa izan daiteke bi edo hiru aste barru»

Irailaren 20ko astean bildu liteke Labi berriro, indarrean dauden neurriak arintzeko, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, artxiboko irudian. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
edurne begiristain
2021eko irailaren 9a
11:44
Entzun

Pandemiaren bilakaeraz baikor mintzatu da gaur goizean Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea ETBn. Esan du indarrean diren neurri murriztaileak arintzeko modua egon daitekeela aurki, egoera epidemiologikoa hobera egiten ari delako. Bi edo hiru aste barru arindu litezke neurriak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Zupiriaren esanetan: «Momentu honetan jende gutxiago kutsatzen ari da, gaixo gutxiago daude erietxeratuta, ZIUetako okupazioa jaisten ari da, heriotzak maila baxuetan daude eta, beraz, osasun egoera hau beste modu batean kontrola daiteke». Gaineratu du txertaketari esker zenbait neurri malgutzeko modua egon daitekeela laster: «Txertoak ekarri digun babes mailarekin eta gure harremanetan gutxieneko babes neurri batzuk hartuta, bizimodua irekiagoa izan daiteke bi edo hiru aste barru». Hori hala, jakinarazi du litekeena dela irailaren 20ko astean Labi batzartzea, eta indarrean diren neurriak malgutzeko erabakia hartzea.

Nolanahi ere, neurrien malgutzea «zuhurtziaz» egin beharko dela erantsi du Zupiriak, iazko udako deseskalatzean egindako akatsak errepika ez daitezen. «Joan den udan hartutako zenbait erabaki denborak erakutsi digu mantsoago hartu behar genituela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.