Zumarragako ikastetxeko (Gipuzkoa) 11 ikasle epaituko dituzte gaur, ustez beste ikasle bati jazartzeagatik. 14 eta 16 urte bitartean dituzte epaituek, baita biktimak berak ere. Fiskaltzaren behin-behineko akusazioak jaso duenez, jazarritako adingabea bere buruaz beste egiten saiatu zen bi aldiz; horietako aldi batean, «bere burua leihotik botaz».
Fiskaltzaren arabera, suizidio saiakerak jazarpenaren ondorio izan dira, baita egoera hori geldiarazteko «ikastetxearen utzikeriaren ondorio» ere. Halaber, erantzule zibiltzat jo ditu gurasoak, eta Eusko Jaurlaritza, berriz, erantzule zibil subsidiario gisa. Akusazio partikularrak ere ikastetxea seinalatu du.
Osotasun moralaren aurkako delitu bat egotzi die fiskaltzak adingabeei. Are, horietako bi gazteri mehatxu delitu arin bana ere egotzi die. Halere, zigor bera eskatu du guztientzat: hamabi hilabetez gizarte eta hezkuntza zereginak egitea, «egindakoarekin inguruan hausnartu dezaten eta haien ekintzen gaineko erantzukizuna hartu dezaten». Akusazio partikularrak, berriz, 24 hilabetera areagotu du eskaera.
2021eko irailean gertatu zen jazoera, biktimak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren maila hasi berri zuenean. 2022ko maiatzean, ikastetxeak bullying-aren aurkako protokoloa jarri zuen martxan, eta horrek zehaztu zuen ikasle horren aurkako «jazarpena» bazegoela. Dirudienez, ikasle horrek «ez zituen ohiko harremanak gainerako ikasleekin, bakarrik zegoen, eta une oro saiatzen ziren hari min ematen».
Fiskaltzak salatu duenez, hurrengo ikasturtearen hasieran ikastetxeak ez zuen adingabea babestu, «jazarpena berriro gerta ez zedin». Hartara, biktimak irainak, laidoak eta bultzadak jasan zituen beste ikasleen partetik. Eta bera «umiliatzeko» asmoz, «mikrobioa, atomoa eta nano dislexikoa» bezalako adierazpenak erabiltzen zituzten.
Botikak «egunero»
Biktima bere buruaz beste egiten saiatu zen 2022ko azaroan, baita 2023ko otsailean ere. Bi kasuetan ospitalera eraman behar izan zuten, eta, ordutik, «egunero» hartu behar ditu botikak.
Fiskaltzaren esanetan, akusatuek «akordio bat» zuten euren artean, biktimaren «egunerokoa zailtzeko». Izan ere, guztien aurrean jarduten zuten, «gelako beste kideek entzun eta ikus zezaten». Biktimak ikastetxea utzi zuen 2022. urtearen amaieran.