«Itzal luzeak utzitako hutsunea utzi du Joxemik», adierazi du Joxemi Zumalaberen lagun eta Hamaika Telebistako zuzendari Iñaki Uriak. Datorren urtarrilaren 12an hogei urte beteko dira Zumalabe zendu zela; 42 urte zituen orduan. Urteurrenaren aitzakian, haren lagunek, senideen babesarekin eta Joxemi Zumalabe Fundazioaren laguntzarekin, hainbat jardunaldi antolatu dituzte Zumalaberen pentsamenduko ildo batzuk hartu eta lantzeko asmoz.
Euskal prentsari ekarpen itzela egin zion Zumalabek, beste hainbat gauzaren artean. Kazetari gisa, Zeruko Argia aldizkarian hasi zen lanean. Horren izena eta ildoa aldatzearen bultzatzaile nagusietakoa izan zen, gainera. Iñaki Uriak gogorarazi du Argia eratzen lagundu zuela, hau da, euskal prentsaren zutabe garrantzitsuenetako bat. Aldizkariaren diseinuan, muntatzean eta marrazkian aritu zen lanean. Marrazkigintza kultur adierazpen gisa oso garrantzitsua izan zen haren bizimoduan, Zumalaberen lagun eta idazle Josu Landaren esanetan.
1987an honako hau esan zuen Zumalabek: «Dugun guztia mahai gainean jarri eta euskarazko egunkari baten aldeko apustua egin behar dugu». Proiektuetarako zuen grina eta prestasuna nabarmendu dute haren lagunek, eta kasu hartan ere hala egin zuen: bururatu eta egin. Zeruko Argia eta Argia-n aritzeaz gainera, Euskaldunon Egunkaria-ren sortzaile ere izan baitzen. Zumalaberi buruz Lorea Agirre Mondragon Unibertsitateko irakasle eta kazetariak idatzitako Ipurtargiaren itzal luzea liburuan, Egunkaria-ren aitatasuna onartzen diote Zumalaberi, «argi eta garbi». Esaten dute ez dakitela egunkaririk egongo ote zen hura tematu ez balitz, baina badakitela dagoen egunkaria ez zela izango. Joan Mari Torrealdai Egunkaria-ren sortzaileetako batek ere hori uste du, liburuak jasotzen duenez: «Hori segurua da, eta ez bakarrik egunkaria hartu zuelako bere gai propio gisa, baita aurrera eramateko moduagatik ere».
Gogoetak, mahaira
Zumalaberen gogoetak mahaira eramango dituzte datozen egunetan. Zenbait mahai inguru egingo dituzte, eta euskaltzaleak bere sentitzen zituen gaiak jorratuko dituzte. Euskal esparru komunikatiboa da jardunaldietan landuko duten gaietako bat.Komunikabideek gaur egun duten egoeraren inguruan arituko dira hizketan parte hartzaileak.
Zumalabe pentsalaria ere bazen. Mugimendu sozialek eta prestakuntzak arduratzen zuten. Unibertsitateko ikasketak egin ez arren, garrantzitsua iruditzen zitzaion pertsonak prestatu eta aurrera egitea, Uriaren esanetan. Kapitalismoari alternatibak bilatzeari ere sekulako garrantzia ematen ziola adierazi du. Horren harira, bi mahai inguru antolatu dituzte, Zumalaberen gogoetak lantzeko asmoz. Lagunei garrantzitsua iruditu zaie haren kezkak kaleratzea.
Ipurtargiaren itzal luzea liburuak eskaini die hainbati gizon apal hura miresteko aukera. «Euskaldunoi askotan iruditzen zaigu egiten genuena arrunta zela. Baina gero ohartzen gara ez zela normala, eta pisu handia zuela egiten genuen hark. Joxemik dohain asko zeuzkan», adierazi du Uriak. «Lana biziera bat zuen, pentsaera bat», dio liburuak. Zumalabe zenaren omenez egingo dituzten jardunaldietan hori guztia azaldu nahi duten arren, zaila izango dela badakite. Hala ere, Uriak adierazi du egin zuen guztian eragin handia izan zuela hark, eta guztiek onartu dutela hori. Haren dohainen artean jendea proiektuetan inplikatzeko ahalmena zegoela uste du haren lagunak.
Orain hogei urte urtarrilaren hasieran bezala, Zumalaberen lagunak eta senideak Larraitzen (Gipuzkoa) bilduko dira. Hala, duela hogei urte euskaltzalearen omenez landatu zuten zuhaitza ere jardunaldien lekuko izango da. Urteen poderioz zuhaitz txikia zer bihurtu den ikusteko parada izango dute. Agirrek liburuan dioen bezala,«berebarneko onena emanda, baina oraindik onena ezagutzeke» geratu da gizartea.
«Maitatua sentitzen naiz alde guztietatik eta neure barruan ez da kabitzen horrek sortzen didan poza», idatzi zuen bere koaderno beltzean hil baino egun batzuk lehenago, liburuaren lehen pasarteak dioenez.
Joxemi Zumalaberi buruzko webgune bat sortu dute haren lagunek:
www.armiarma.com/joxemi
Zumalaberen gogoetak ardatz
Joxemi Zumalabe hil zenez geroztik hogei urte igaro dira, eta, omenaldi gisa, haren lagunek jardunaldi batzuk antolatu dituzteEkintzek euskal prentsa, kapitalismoa eta mugimendu sozialak izango dituzte oinarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu