Zumaiako Zumaiena Ikastolen Elkarteko ikastola izango da aurrerantzean

Herri onurarako hezkuntza kooperatiba bihurtu nahi dute, eta uste dute Ikastolen Elkarteak «babes eta eskarmentu handia» eskainiko diela. Aurrez, Kristau Eskolako ikastetxea izan zen Zumaiena.

Zumaiako Zumaiena ikastetxea. BERRIA
Zumaiako Zumaiena ikastetxea. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2025eko urtarrilaren 30a
12:38
Entzun

«Garai berri bat hastera doa, eta ilusioz beterik ekingo diogu bide berri honi». Bide berri bat, garai berri bat. Hain zuzen, Zumaia Zumaiena zentroko (Gipuzkoa) kideek iragarri dute aurrerantzean Ikastolen Elkarteko ikastola bat izango direla; azken urteetan ez, baina aurrez Kristau Eskolako ikastetxe bat izan ziren.

Ohar bidez azaldu dutenez, hezkuntza egituraren «eraldaketa handi batean» murgilduta daude Zumaienan: «Azpiegituren berrikuntzaz gain, hezkuntza eskaintza aberasteko eta aukera berriak sortzeko apustu garbia egin dugu, profesional onenekin elkarlanean eta zientziak egindako ekarpenak oinarri hartuta, haur eskolatik hasi eta Batxilergoraino».

Hori guztia lortze aldera, erakunde bat sortzeko lanean ari dira aspalditxoan, eta erabaki dute herri onurarako hezkuntza kooperatiba bihurtzea. Uste dute ateak zabalduko dizkiela: «Egitura honek aukera berriak ekarriko dizkigu, ikasleen, familien, langileen, herritarren, erakunde publikoen eta herriko eragileen eta erakundeen hitza eta parte hartzea egituratzen dituelako. Eredu publiko komunitarioan oinarrituz, aukera berri eta zabalak emango ditu egitura berriak».

Bide hori urratzen jarraitzeko, Ikastolen Elkartea izango dute bidelagun. Zehaztu dutenez, bien arteko harremana ez da oraingoa: «30 urtetik gorako elkarlana dago Ikastolen Elkartearen eta gure artean: izan ere, 90eko hamarkadan elkarrizketak izan ziren kongregazioaren eta Ikastolen Elkarteko arduradunen artean, eta hezkuntza metodologietan edo materialgintzan egindako lan guztiarekin bat egin izan dugu gaur egun arte». Zumaienako kideen hitzetan, azken urteetan indartu egin dute beste ikastola batzuekiko elkarlana, eta uste dute Zumaienaren izaerak eta lan egiteko moduak guztiz bat egiten duela Ikastolen Elkartearekin. Halaber, esan dute Ikastolen Elkarteak «babes eta eskarmentu handia» eskaintzen diela kooperatiba formatuan antolatu nahi duten erakundeei, eta esku artean dituzten proiektuak martxan jartzeko ere «babes osoa» eman dietela.

Hernanin ere bai

Ez da horrelako kasu bakarra. 2022-2023ko ikasturtean, Kristau Eskolako partaide izateari utzi zion Hernaniko Aratz ikastolak (Gipuzkoa), eta Ikastolen Elkartean sartu zen hura ere. «Aldaketa bat» behar zutelako hartu zuten erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.