Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuek, 11/13 sumarioko epaiaren ondoren kartzelan sartu berri baitituzte, gehienez bost hilabete eta bost egun egingo dituzte preso, Efe berri agentziak zabaldu duenez Espainiako Espetxeetako Instituzioetako idazkaritza nagusiko iturriak aipatuz. Irailaren 16an hasi eta bukatu zen auziko 47 lagunen aurkako epaiketa, eta, aldeen arteko akordio bat dela bide, Zuluetari eta Enparantzari bi urtetik gorako espetxe zigorra ezarri zieten.
Irailaren 30ean Zaballako (Gasteiz) kartzelan sartu ziren, eta datorren urteko martxo hasieran aterako dira aske. Espetxeko Tratamendu Batzordearen proposamenez, bigarren graduan ezarri dituzte. Zuluetari hiru urte, sei hilabete eta hamazazpi eguneko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak; Enparantzari, berriz, bi urte, zazpi hilabete eta hiru egunekoa. Biak lehendik egonak ziren preso, behin-behinean: Zulueta hiru urte eta hilabete batez, eta Enparantza bi urte eta bi hilabetez.
11/13 sumarioko auzipetuen abokatuek eta fiskaltzak egin zuten akordioa, eta horra batu ziren AVT eta Dignidad y Justicia akusazioak. Euskal presoen eskubideen alde aritutako abokatu eta elkarte batzuen aurkako epaiketa izan zen. 45 auzipeturi «erakunde terrorista batean parte hartu izana» egotzi zien epaiak, eta urte eta erdi eta bi urtera arteko espetxe zigorra jarri zieten. Enparantzari eta Zuluetari «erakunde terrorista bateko kide izatea» leporatu zien sententziak.
Zigor Garrori buruzkoa gaur
Zigorrak Ezartzeko Frantziako Dei Auzitegiak gaur aztertuko du Zigor Garro euskal presoak baldintzapean aske uzteko egindako eskaria —berriki bi irteera baimen eman dizkiote, lehen aldiz—. 2006an atzeman zuten Garro, ETArekin lotuta, eta Mont-de-Marsanen dago preso, iazko otsailetik. 2020ko udaberrian du kondena amaiera, eta Frantziak Hegoaldeko preso bati emandako lehen baldintzapekoa litzateke.
Zuluetak eta Enparantzak bost hilabete egingo dituzte preso
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu