Zulueta eta Enparantza otsailaren 11n geratuko dira aske

enekoitz esnaola
2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Arantza Zulueta eta Jon Enparantza euskal preso eta abokatuak otsailaren 11n geratuko dira aske, 11/13 auziko kartzela zigorra beteta. Martxoaren 1erako zuten ezarria irteteko eguna biek, baina hogei egun murriztu dizkie Espainiako Espetxeetako Erakundeak, atxiloaldian pasatutako egunengatik, bere garaian pasaportea kendu zietelako eta behin-behinean libre egondakoan sinatzera joandako egunengatik.

Iazko irailaren 16an hasi eta bukatu zen 11/13 auziko epaiketa, 47 lagunen aurkakoa, Madrilen, eta, aldeen arteko akordio bat dela bide, Espainiako Auzitegi Nazionalak Zuluetari eta Enparantzari soilik ezarri zien bi urtetik gorako espetxea: Zuluetari, hiru urte, sei hilabete eta hamazazpi egunekoa; Enparantzari, bi urte, zazpi hilabete eta hiru egunekoa. Lehendik egonak ziren preso, behin-behinean, eta zigorra osatzeko sartu ziren espetxera. Irailaren 30ean sartu ziren, Zaballakoan (Araba).

Handik aste batzuetara, Madrilek urrundu egin zituen: urriaren amaieran, Enparantza Estremerako kartzelara (Madril) eta, azaroaren bigarren astean, Zulueta Picassentekora (Valentzia, Herrialde Katalanak). Enparantzaren kasuan, familiak «bahiketa» salatu zuen, lau bat egunez egon zirelako berririk izan gabe. Zuluetaren kasuan, abokatuak eskatu zuen ez lekualdatzeko, baina Madrilek ez zuen jaramonik egin.

Urrutikoetxearen auziak

Frantzian atzo ziren egitekoak, Auzitegi Korrekzionalean, ETAko zuzendaritzarekin lotura izateaz akusatuta Josu Urrutikoetxea euskal presoaren aurkako epaiketa, baina erabaki zuten kasua Dei Auzitegira pasatzea. Ez dute data finkatu. 2010ean zazpi urteko kartzela ezarri zion Parisek, baina sasian zen hura, eta iazko maiatzean atxilotu ostean eskatu zuen epaiketa berriro egiteko.

Gaur, berriz, Urrutikoetxearen aurka Madrilek eskatutako bi euroagindu eta bi estradizio eskaerez ebazpena ematekoa da Frantziako Dei Auzitegia, baina litekeena da erabakia atzeratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.