Zuia udalerriko hamaika administrazio batzarrek bat egin zuten uztailean Solaria enpresak planteatutako proiektuen aurka, eta alegazioak aurkeztu. Horien artean, enpresak jarraitutako prozedurari dagozkionak nabarmentzen ziren; lege eta administrazio gaiak, alegia: hainbat dekretu eta lege arau haustea, proiektua zatitzea, ingurumen balioespen eskasa... Orain, Santurtzi 1 izeneko proiektuaren aurkako alegazioak aurkeztu dituzte Zuiako Udalak eta Aperregiko eta Domaikiako kontzejuek, eta Solariaren aurkako jarrera berretsi.
Zuia zeharkatuko luketen ebakuazio lineak «proiektu handiago baten atal txiki bat» direla adierazi dute kontzejuek, eta administrazio publikoei galdegin proiektua osorik azter dezatela, eta ez atalka, «enpresak nahi eta nahiago duen moduan». Halaber, dei egin diete Zuiako biztanleei, mobilizazioei euts diezaieten, argudiatuta trantsizio energetikoa «ezinbestekoa» dela baina justizia, berdintasuna, oreka eta ingurumen baldintzak «behar bezala» kontuan hartu behar direla.
Ez dira bakarrak
Kontzejuek uztailean jarritako alegazioen arabera, Solariak proposatzen dituen hainbat proiektuk kalte egingo liokete Zuiari: Zigoitian, Erriberagoitian eta Gasteizen egin asmo dituzten parke fotovoltaikoen ebakuazio lineak eta Aperregiko lurretan eraiki nahi den azpiestazioa. Proiektuok alderik alde zeharkatuko lukete udalerriaren hegoaldea, eta hango lurrak eta paisaiak «behin betiko» hondatu. Gainera, kontzejuek azpimarratu dute Europako Batasunaren irizpideen aurkakoa dela energia 100 kilometro garraiatzea, are gehiago horretarako arrazoi bakarra baldin bada Espainiako sare elektrikoa egungo beharretara egokituta ez egotea.
Hala ere, Zuiako administrazio batzarrak ez dira Solariaren aurkako alegazioak aurkeztu dituzten bakarrak. Proiektuak abian jarri zirenetik, udalerri askotako kontzeju, erakunde eta eragileak ari dira haien aurka borrokatzen. Atzo bertan, Lurra sareak jakinarazi zuen alegazioa aurkeztua zuela Santurtzi 1 proiektuaren aurka. Sarearen esanetan, Solaria energia berriztagarrien promotoreak lege iruzurra egin du, argindarra garraiatzeko linearen %8,5 soilik analizatu du eta. Bestalde, ingurumen inpaktuaren txostenean «hutsune handiak» daudela ere azaldu du, eta proiektuak promotoreari itzultzeko eskatu, 21/2013 legea urratzen ez duen proposamen bat egin dezan.