Urriaren 21ean sartuko da indarrean PPren babes soilarekin aurrera atera den Mendien Espainiako Legearen aldaketa. Grosso modo ekologistak, sindikatuak eta ezkerreko alderdiak kontra jarri dira; alde, berriz, enpresariak eta alkate batzuk, hau da, lurren jabeak. Salbuespenik egongo da, baina eragileak horrela banatu ditu Mendien Legearen aldaketak. Ikuspuntu ezberdinak gurutzatu dira: batetik, negozioak ikusten dituztenak aldaketen atzean; bestetik, ingurumenaren kontserbazioa kolokan ikusten dutenak. Espainiako Gobernuaren iritziz, 2003ko legearen aldaketa hau egin da biodibertsitatearen kontserbazioa, baso suteen prebentzioa, klima aldaketaren aurkako borroka eta mendien erabilera ekonomikoa bultzatzeko asmoarekin. Baina denak ez dira iritzi berekoak.
Batik bat legearen 50. artikuluak harrotu ditu hautsak. Horren arabera, suak erretako eremuen kalifikazioa aldatzeko aukera izango dute; orain arte, 30 urterako debekua ezarria zegoen horrelako kasuetan. Autonomia erkidegoek erretako basoaren erabilera aldatzeko gaitasuna izango dute, «premiazko eta lehen mailako interes publikoak» tartean direnean. Artikuluak ez du argitzen,ordea, zein diren «premiazko eta lehen mailako interes publiko» horiek, eta, beraz, erkidegoek zehaztu beharko dituzte. Oposizioak salatu du nahita eragindako sute kopuruak areagotuko direla, nahiz eta Isabel Garcia Tejerina EspainiakoIngurumen ministroak azaldu duen horrelako ekintzen aurka egiteko helburua duela artikulu horrek. Haren argudioen arabera, azpiegiturak eraikitzeko prozesuetan desjabetze arriskuan dauden lurjabe hainbatek lurrok erretzea erabakitzen dute, egungo legediaren bidez obrak 30 urtez atzeratzeko.
Baina arazoa harago doa: erretako lurrei kalifikazio aldatzeak lur horietan eraikitzeko aukera ematen du, baldin eta ez bada onura publikoko lurra. Hortaz, hirigintza esparru bihurtuko lukete lur hori, espekulazioari ateak zabaldurik. Theo Oberhuber Ecologistas en Accion taldeko buruak erabakia zaku handiago baten barruan sartu du: «Ingurumen arloan [Miguel Arias] Cañete, eta oraingo ministro [Isabel Garcia] Tejerina gai izan dira ingurumena babesteko hogei urteko ibilbidea izan duen politika zapuzteko, arautzen ez duten lege batzuekin: Kosten Legea, Natur Parkeen Legea, orain Mendien Legea... Eta oraindik Natur Ondarearen Legea falta da».
Bestalde, lurren abandonua saihestea da lege aldaketaren asmoa, ministroaren esanetan: «Kudeatutako mendi bat zaindutako mendi bat da». Proposatu duten kudeaketa, ordea, ez da zehatza. Kudeaketa programak lurren jabeek egin beharko dituzte, betiere Mendien Legea oinarri izanda. Ondorioz, kudeaketa pribatu bat planteatzen da, erregulazio juridiko minimoa izango duena: lurraren jabeak erabakiko du zer izango den lege bere jabetzen barruan. Gainera, 25 urteko denbora tartea izango dute beren kudeaketa programak egin eta aurkezteko. COSE Espainiako Basozainen Konfederazioak aldaketen aldeko iritzia azaldu du, nahiz eta uste duen zenbait arlotan deklarazio hutsetan geratu dela eta aldaketa batzuk sartu ez direla.
Basozainen rola
Legeak eragingo die basozainei ere. Haien funtzioa oso murriztua geratuko da, eta basoen zaintza jabeen eta haiek egindako kudeaketa programaren araberakoa izango da. Ekologistek txarrerako hartu dute erabakia, basozainek natur kontserbazioan eta hezkuntzan egin duten lana alferrikakoa bihurtuko delakoan. «Oztopo bat den kolektibo bati buruz ariko balira bezala, basozainen funtzioak eta ardurak murriztu nahi ditu erreformak, kolektibo horrek urteetan egin duen hezkuntza, prebentzio eta delituen aurkako jazarpen lana baliogabetuz», adierazi dute hainbat talde ekologistak, elkarrekin argitaratutako adierazpen batean.
Horri oso lotuta, legearen barruan, «ehizaren kudeaketarako estrategia nazionala» aipatzen da. Ecologistas En Accion taldearen ustez, ez du inongo erlaziorik mendiaren kudeaketarekin. «PPk ehiza sektorearekin duen harreman onaren isla besterik ez da». SEO/Birdlife ekologista taldeak ohartarazi du lege proiektuaren bultzatzaileek amore eman dutela zenbait talderen presioaren aurrean; zurgintza sektoreari eta ehiztarienari egin die erreferentzia. «Basoko baliabideen kudeaketa modernoaren ulermenetik urruti, baso eta ehiza aprobetxamendurako legea» izango da mendiena, haren ustez.
Hego Euskal Herriari so
«Basoko jarduna uztea gelditzeko eta kudeaketa jasangarria bultzatzeko behar diren oinarriak jartzeko aukera galdu du testuak», adierazi du Gipuzkoako Baso Elkarteak. Mendi Legeak soilik egurraren industriari egin liezaioke mesede, baina basoko baliabideak ugariagoak dira, haren esanetan. Hego Euskal Herrian, egurraren sektoreak garrantzi handia izan du , ekonomiaren oinarrietako bat izan baita. XIX. mendeko salmentek lurraren pribatizazioari eta industriari lagundu zioten, baina egun, pisu txikia du. Horregatik, hainbat tokiko erakunde, gehienbat udalak, hemengo basoa lehengoratzen hasi dira udal lurretan hemengo zuhaitz espezieak landatuz. Horrela, garai bateko habitat eta paisaia naturala lehengoratu nahi dute.
Hego Euskal Herriko mendien %65 inguru jabetza publikokoak dira, betiere jakinik mendiak ez duela zertan basoa izan behar. Gehienbat Araban eta Nafarroan daude. Hurrenez hurren, %76 eta %70 herrialde bakoitzaren eremuari dagokionez. Bizkaia eta Gipuzkoan eremu publikoa txikiagoa da, %24 eta %20. Baso eremu horiek guztiek «ondorio erlatiboak» jasango dituzte, lurraldeetako foru arauek gobernatzen baitituzte, Gipuzkoako Baso Elkarteak jakinarazi duenez.
Zuhaitzen errautsetatik, etxeak
Erretako basoak birkalifikatzeko aukera emango du mendien Espainiako lege berriak. Mendien kudeaketa programak egitea jabeen eskumena izango da. Onura publikoko lurrak ezingo dira saldu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu