Zuhaitzak oztopo

Zuhaitzak oasi txikiak izaten dira hirietan. Bizilagunentzat onura handiak badituzte ere, moztu ohi dira, segurtasunaren edo hirigintza planen izenean. Horrelako mozketei 'arbolizidio' deitzen diete zuhaitzen aldeko elkarteek.

Zuhaitzak moztuta Lasarte eta Andoain bitarteko N-1 errepidean. JON URBE / FOKU
Zuhaitzak moztuta Lasarte eta Andoain bitarteko N-1 errepidean. JON URBE / FOKU
nerea intxausti
2024ko ekainaren 2a
05:00
Entzun

Arbolizidio deitzen zaio zuhaitzen kimaketa bortitzari. N-1 errepidean, Andoainetik Lasarte-Oriara bidean (Gipuzkoa), zuhaitz lerro luze bat dago, eta guztien enborrak moztu zituzten, goitik, adar bakar bat ere ez uzteraino: «Kimaketa basatia deitzen diogu guk horri, arbolizidioa», zehaztu du Alazne Izulainek, Artiako Lagunak elkarteko bozeramaileak.

Elkarteak zuhaitzak babestearen alde egiten du, eta X-n (lehengo Twitterren) arbolizidioak salatzen dituzte. Iruditzen zaie ez direla zuhaitzak errespetatzen —bereziki, hirietakoak—. Izulainek ohartarazi du kimaketa bakoitza mozketa bat dela funtsean, eta horrek arrisku asko dituela, tartean onddoak sortzea eta zuhaitza usteltzea. Zauri batekin parekatu du, tratatu beharrean bere horretan uzten den zauri batekin. «Zuhaitzak izugarrizko ahalegina egin behar du aldiro adarra hazteko, eta ahuldu egiten da». 

Defentsa modua izaten da, beraz, adar gehiago ateratzea: mozketa egin eta hiruzpalau astera adartxo txiki pilo bat atera ohi zaizkio zuhaitzari. «Adar horiek handituko dira eta zama hartuko dute, baina ahulduta daude. Errepideak kudeatzen dituen pertsonak usteko du adar horiek erortzeko arriskua dutela. Hortaz, handik bi urtera berriro egingo dute beste kimaketa basati bat. Urteen poderioz zuhaitza erabat ahulduko da, onddoek jango dute, eta erabakiko dute guztiz moztea», deitoratu du Izulainek. 

(ID_13911994) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-05-23, Lasarte Oria. Hirietako eta errepide ertzeetako zuhaitzei adarrak kimatu ohi zaizkie seg...
Adarrak kimatuta dauzkan zuhaitz bat, Lasarte Orian. JON URBE / FOKU

Erakunde publikoak arduratu ohi dira zuhaitzen kudeaketaz. Haien ardura da zuhaitzak kimatzea. Adarrek eta hostoek —bereziki udazkenean— eragin dezaketen «arriskua saihesteko» kimatzen dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan. Bereziki egiten dute hori errepidetik oso gertu dauden zuhaitzetan, nahiz eta, gaineratu duten ez dela inoiz istripurik gertatu adarren bat erortzeagatik. 

Celina Aznarez eta Alba Marquez BC3 klima aldaketarako euskal zentroko ikertzaileak dira. Argitu dute baso zientzian ez dagoela arbolizidio terminoa bezalakorik hirietako zuhaitz mozketak deskribatzeko, hirietan zuhaitzak mozteak «beti izango baitu justifikazioren bat», dela zuhaitzaren egoera fitosanitarioa —osasun arazo bat—, dela hirigintza plangintzen aldaketak. «Zuhaitz horiek hirietan mantentzeak istripuak eragin ditzake haize bortitzak edo ekaitzak dauden garaian, adarrak erortzeagatik edo zuhaitz osoa erortzeagatik», azaldu dute.

Hala ere, haizeteek eta ekaitzek eragindako kalteen izenean gehiegikeriak ere egin direla salatu du Izulainek: Irunen (Gipuzkoa) 102 ezki moztu nahi izan zituzten, 2019ko haize bolada indartsu bat zela-eta ezki bat erori zelako; ondorioztatu zuten ondoan zeuden gainerako 101 ezkiak ere arriskutsuak zirela. Neurria gehiegizkoa iruditu zitzaien Artiako Lagunak elkartekoei. «Gerora jakin genuen ezki hau pozoituta zegoelako erori zela, bizilagun bati bistak kentzen zizkiolako pozoitu zutela». 

«Ekosistema artifizial eta osasungaitza da hiria, eta autoa da haren erdigune».

ALAZNE IZULAIN Artiako Lagunak elkarteko bozeramailea

BC3ko ikertzaileen esanetan, soilik hazkunde, garbiketa edo segurtasun arrazoiengatik kimatu behar dira zuhaitzak, eta kontuan hartu behar dira tokiko baldintzak, loratze garaia, hazkunde egoera, zuhaitzaren osasuna eta urtaroa. Kimatzeko modu zuzena espezie bakoitzaren araberakoa dela zehaztu dute, bakoitzak ezaugarri eta behar desberdinak baititu. Alazne Izulainek, ordea, azaldu du berez zuhaitz batek ez duela kimaketa beharrik, eta berak behar duenean botatzen dituela adarrak, modu naturalean: «Milaka, milaka eta milaka urtetan ikasi du zuhaitzak nola eta noraino iritsi behar duen, eta badaki nola mantendu bere burua sendo». 

Hiriak, norentzat?

Artiako Lagunak elkarteko bozeramaileak beste arbolizidio kasu batzuk oroitu ditu: «Hendaiako [Lapurdi] udaletxeko enparantzan 100 urte baino gehiagoko ezkiak moztu zituzten plaza berriro urbanizatzeko. Horietako asko urteetan kimaketa bortitzak jasandakoak ziren, baina osasuntsu zeuden. Hori arbolizidio bat da. Astigarragan [Gipuzkoa] eta Iruñeko Beloso kalean antzeko zerbait egin dute: bidegorria egiteko eta iraunkortasunaren izenean, berdeguneari kendu diote lekua, baina ez autoei». 

Izulainen esanetan, zuhaitzak hirian ez dira hazten basoan haziko liratekeen moduan, ez zaielako txorko handi bat egiten: itota eta zementuz inguratuta egoten dira. «Ekosistema artifizial eta osasungaitza da hiria, eta autoa da haren erdigune». Kontrara, zuhaitz multzo bat inguruan edukitzeak herritarren osasun fisikoan eta ingurumenaren osasunean eragiten duela ziurtatu du.

«Naturarekiko harreman zuzenaren eta giza interakzioaren galerak ondorio negatiboak izan ditzake pertsonen osasun fisiko, mental eta emozionalean».

CELINA AZNAREZ eta ALBA MARQUEZ BC3 klima aldaketarako euskal zentroko ikertzaileak

Aznarez eta Marquez ikertzaileak bat datoz Izulainekin zuhaitzen ekarpen positiboetan. Azaldu dute naturaguneek eta biodibertsitateko guneek hainbat onura dituztela hirietan, eta baita gizakien ongizatean ere. Adibidez, zuhaitzek airearen kalitatea hobetzen dute, karbono dioxidoa xurgatzen dutelako. «Gizakiak ez du halakorik egiten duen makinarik asmatu oraindik», azaldu du Izulainek. Itzala eman eta egoiliarrentzat ingurune freskoagoak eta erosoagoak sortzen dituztela ere azaldu dute, besteak beste.

Hori lortzeko, hiri eremuetan zuhaitzak, parkeak, lorategiak… landatu eta kontserbatu behar direla argi dute Aznarezek eta Marquezek. Gaineratu dute zuhaitzek onurak dituztela gizakien osasunean eta ongizatean: aisialdirako, ariketa fisikorako eta naturarekiko harremana estutzeko aukera ematen dute, eta horrek hiriko egoiliarren osasun mentala eta emozionala hobe dezake. Gero eta argiagoa da, haien esanetan, kalitatezko berdeguneetatik gertu bizitzeak ondorio onuragarriak izan ditzakeela presio arterialaren eta estresaren erregulazioan, bai eta zenbait gaixotasun psikikoren prebentzioan ere.

Kalitatezko ingurune naturaletan hazteak naturarekin lotura emozional handiagoa sustatzen duela zehaztu dute ikertzaileek, eta, ondorioz, naturari eutsi nahi izateko joera handiagoa. «Ingurune gero eta hiritartuagoetan bizitzeak eta naturarekin harreman gutxiago izateak ‘esperientziaren iraungitzea’ deritzogun horretara garamatza, hau da, naturarekiko harreman zuzenaren eta giza interakzioaren galerara. Horrek ondorio negatiboak izan ditzake pertsonen osasun fisiko, mental eta emozionalean, baita natura ulertzeko eta balioesteko eran ere».

Horretarako udalek kontzientzia ere behar dutela gehitu du Izulainek, haientzat hirietako zuhaitzek edozein trafiko seinalek baino gutxiago balio dutela uste duelako: «Hirietako zuhaitzek traba egiten diete: Irunen trafiko seinaleak eta farolak babestu izan dituzte autoen talken kontra; zuhaitzak ez». Kexu da, agintariak klima larrialdiaren inguruan arduratuta agertzen baitira, baina, aldi berean, ondare naturala desagerrarazten baitute: «Klima aldaketaren diskurtsoa darabilte askok, zuriketa berdea egiteko». 

Ez da zuhaitz bera

Donostiako Nafarroa hiribideko espaloiko zuhaitzak moztu dituzte aurten, Basque Culinary Centerren egoitza berria eraikitzeko. Hala ere, proiektuaren arduradunek ziurtatu dute beste hainbeste eta gehiago landatuko dituztela, eta lanengatik galdutako berdeguneak konpentsatuko dituztela. Deustu auzoko (Bilbo) Agirre Lehendakariaren etorbidean ere 128 zumar kendu zituzten iaz, eta 125 berri landatuko dituzte. Udalak argudiatu zuen zuhaitzak segurtasun arrazoiengatik ordeztu zirela, sustraiak oso kaltetuak baitzituzten, eta erortzeko eta hausteko arriskuak gutxitze aldera aldatu zituztela.

Azulainek dio zuhaitz handi bat eta hiru txiki ezin direla alderatu, ez dutela funtzio bera: «30 urte dituen zuhaitz batek ez du ordezkorik: heldua da, tamaina handia du, itzal handia ematen du, CO2 pila bat xurgatuko du… Zuhaizti heldua mantendu eta zaindu egin behar da». BC3ko ikertzaileen esanetan, hirigintza planen izenean zuhaitzak moztu badira ere, beste batzuk landatuta «konpentsa daiteke» eragina, nahiz eta kasu bakoitza aztertu beharko litzatekeen. Are gehiago konpentsatzen du, haien esanetan, mozketa segurtasun, hazkuntza edo garbiketa arrazoiengatik egin bada, eta landatutako zuhaitz berriak espezie autoktonoak badira.

EREDU ONAK

  • Suedia. Izulainek dio ez dagoela inguruan zuhaiztia «oso ondo» kudeatzen duen udalik, eta Europa iparraldera so egin beharko litzatekeela. «Suedian zuhaitz bakoitzak txip bat dauka balio batekin, eta, zuhaitza jotzen dutenean, haren balioaren araberako isuna ordaindu behar dute».
  • Paris. 2026ra arte 170.000 zuhaitz landatuko dituzte, 2030erako aparkalekuak kenduko dituzte, eta asfaltoaren %40 eraitsiko dute.
  • Bartzelona. Celina Aznarezi eta Alba Marquezi egokia iruditzen zaie Bartzelonako eredua. Martxan dute Zuhaiztien 2017-2037rako Plan Zuzentzailea, eta haren helburua da uztartzea lurzoruaren erabilera eta hiri jarduerak alde batetik, eta kalitatezko zuhaizti bat zaintzea bestetik. Planaren arabera, hiriaren zuhaitz estaldura %5 handituko da, hiriaren eremuaren %30 zuhaitzez osatua egon dadin. 
  • Londres. Londresen ugariak dira astigar zuriaren antzeko espezieak. Altu-altuak dira, bi solairuko autobusak baino altuagoak. Artiako Lagunak elkarteko bozeramaileak nabarmendu du han ez direla adarrak eroriko zaizkien beldur: «Hori da kudeaketa ezberdinaren adierazle: han beharrezko kimaketa soilik egiten dute, eta nahikoa txorko ematen zaio zuhaitzari». 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.