Askotan galdetu izan da zer den gaztea, gazte izatea. Eta zer den politika. Kolore guztietako politikariak mintzo izan zaizkie gazteei, eta modu askotan birsortu dute politika garaian garaiko belaunaldi berriek. Gazteek eurek adar askotatik erantzun diete galdera horiei Euskal Herrian. Pasibotasunaz eta utzikeriaz hitz egin den etorkizun argirik gabeko garaiotan ere, hamaika gazte ari dira, nor bere enborraren jiran, zuhaitza astindu eta fruituren bat jaso nahian.
Gizarte eta kultur mugimenduetako jardunaren, edo besterik gabe, eguneroko hautu pertsonalen izaera politikoa albora utzita ere, aski da gazte antolakunde kopuruari begiratzea; badira alderdi edo mugimendu politiko adina, edo gehiago. PPko gazte belaunaldietako Santi Reyesen esanetan (Irun, 1992), beren inguruko gazteei zail egiten zaie ulertzea zerk eraman dituen horra. «Oso txarra da gizartean politikariek daukaten irudia. Baina nik uste dut mito gehiegi dagoela horren inguruan». Haren hitzetan, alderdiak ez dira hain egitura hertsiak, ez dira «sekta bat». «Ez nirea, behinik behin». «Gardentasuna eta parte hartzea» jorratu zuten, hain zuzen, apirilean egindako ekitaldian, eta horren ondorioak lantzen ari dira orain, jendaurrean aurkezteko. Zailtasunak zailtasun, hala ere, garai onean daudela dio: «ETAren terrorismoa bukatzen ari den heinean, sumatzen ari gara nola ari diren gugana hurbiltzen gero eta gazte gehiago; batez ere, Gipuzkoan».
Ernaik, ezber abertzaleko gazte antolakundeak, aurtengo martxoan ekin dio bere ibiliari, prozesu eratzailearen ondoren. Aitor Andak (Gasteiz, 1991) nabaritu du badagoela parte hartzeko gogoa, «giroa». Hori ikusi du behintzat bere inguruko borroka eta mobilizazioetan: «Politika, azken batean, dena da. Gazteria gero eta gehiago ari da egiten kalera ateratzeko hautua, argi uzteko bagarela txotxongiloak baino gehiago».
Begirada independentzian, sozialismoan eta feminismoan jarrita, militante guztien arteko lehenengo Bilgune Orokorrean zehaztu zituzten lehentasunak. «Bizi eredu prekarioen» aurka, egungo sistema «errotik» aldatzeko apustua egin dute «bizi eredu berrien eraikuntza» deitu dioten ildoan. «Salaketa eta kontzientziazio lanarekin batera, herriz herri alternatibak eta proiektu errealak martxan jartzera goaz». Gatazkaren konponbidean, berriz, preso eta iheslariak etxeratzeko lana dute lehentasun, «salbuespen egoerak» amaitu eta haiek ere «konponbidearen parte» izan daitezen. Barne mailan, lau urterako prozesu feminista eta formazio saioak hasi dituzte, besteak beste, internazionalismoa lantzeko.
Tradizio edo ibilbide luzeagoa duen erakundea da EGI, EAJren gazte elkartea. Koldo Bilbaok (Zornotza, 1987) uste du «okertu» egin dela azken urteetan gazteek politikarekiko duten ikuspegia. «Interes falta» horrek alderdiei ez ezik bestelako elkarteei ere eragiten diela dio. «Izan daiteke ez daukagula kanpora irteteko joerarik, ez digutela entzuten, edo gazte jendea beste kontu batzuetan dabilela».
Garai zaila, edo aukera
Dena den, aukera gisa ere ikusten du egoera, «erregenerazio politiko bat bultzatzeko». Bide horretan, emantzipazioa dute helburu nagusi, bai «gazte moduan», bai «aberri moduan». Aurrenengoan, hezkuntzaren, lan munduaren eta etxebizitzaren arteko bideak dituzte kezka nagusi. «Jende asko geratzen da ikasketak bukatuta lanerako ia aukera barik. Etxebizitza lortzea zailagoa da lan egiteko aukerarik ez baduzu».
Geroa Bai koalizioak bezala, Nafarroara mugatzen du bere jarduna Gazteok Baik ere. Bertan antolatzen dira Nafarroako EGIko kideak eta independenteak. Azkenaldian, harreman ona dute Aralarretik bereizi zen Iratzarrirekin ere, Jokin Castiellak azaldu duenez (Iruña, 1987). «Aurrerakoitasuna» eta abertzaletasuna dituzte ardatz, baina Nafarroako soziologia kontuan hartuta, abertzaletasunetik haragoko euskaltzaletasunaren ideia nahi dute garatu. «Betiere, kultura politiko berri baten atzetik jarraitzeko». Nafarroan, gazte politika «arras gaizki» dagoela deritzo, UPNren jarduna dela medio. «Ezin da onartu, %45-50eko langabezia egonik, jende horrek duen pasibotasuna».
Horregatik nabarmendu du elkarlanaren beharra; D ereduaren defentsan, esaterako, ados jarri ziren PSNko gazteekin, UPNkoen adierazpen «okerrei» aurre egiteko —PSNko gazteekin harremanetan jarri da BERRIA, baina ez dute galderarik erantzun nahi izan, «batzorde eragilearen erabakiz»—.
Azahara Dominguez JSE-Egazeko kideak, (Irun, 1990) zailtasunak daudela aitortu, eta uste du «politikaren duintasuna» berreskuratu beharra dagoela. Gainera, haren ustez, ez da guztiz egia gazteek ez dutela parte hartzen:«Badago parte hartzen ez duen gazteria bat, baina bada era askotako elkarteetan parte hartzen duen gazteriaren zati handi bat ere, erakusten ez dena». Erakundeetan parte hartuz nahiz bestelako elkarteekin elkarlanean —Gurutze Gorriarekin, hiesaren aurkako taldeekin, edo Sahararekiko elkartasun taldeekin aritu dira azkenaldian—, gazteen «bizi-kalitatea hobetzea» da JSE-Egazekoen helburu nagusia, betiere «sozialdemokraziaren balioetan oinarrituta». Azkenaldian, «kalera ateratzeari» eman diote garrantzia, alderdia bera eta, oro har, politikagintza egiteko moduak aldatu nahian.
Antolakuntza eta autonomia
Izan ere, egituraz, alderdi edo koalizio baten parte dira guztiak, Ernai izan ezik. Ezker abertzalearen parte badirela azaldu du Andak, baina ez dutela menpekotasunik alderdi edo egitura batekiko. «Ernaik autonomia osoa dauka». Ezker abertzalearen estrategia orokorra diseinatzeko edo gai zehatzak lantzeko dute harremana Sorturekin eta LABekin. «Ez gure planteamenduak eztabaidatzeko, ezker abertzalea barnebil ditzaketenei erantzuteko baizik».
Gainontzean, gehiago daude hainbat modutan antolatzen den gazte mugimenduari begira. Herri bakoitzeko errealitatea ezberdina dela gogorarazi du Andak, baina, oro har, «harreman estua» dutela mugimendu horiekin. «Ernaiko militantzia gazte mugimenduaren parte da. Eta hala ez bada, gaizki goaz». Hori dela eta, herri bakoitzeko taldeak dira —ia 200 herritara iristen da egitura, milatik gora militanterekin— antolakundearen zutabe, eta ildo orokorren barruan, bakoitzak egiten ditu bere plangintzak. «Herri eta auzoen jardun propioa da Euskal Herri askea lortzeko bermea».
PPren barne atal bat izan arren, eta alderdiarekiko «menpekotasuna» badutela onartu arren, «autonomia dezente» dutela dio Reyesek. «Ideologikoki, zenbait gauzatan, alderdiak baino aurrerago joateko ohitura dugu». Geroa Bairen antolakuntzaren antzekoa du Gazteok Baik, Castiellaren esanetan. Legez elkarte gisa erregistratuta daudenez, presidente, idazkari eta gainerakoak dituzte, baina funtzionamendua bestelakoa dela dio: «Herriguneei lotuta, baina batzarretan elkartu ohi gara».
EAJn «gazteekin zerikusia duten gaiak» lantzen dituztenean, EGIk ahotsa baduela dio Bilbaok. «Alderdian eragiteko aukera badugu. Guztiek dute gazteen beharra. Kontua da askatasuna izan edo ez; gazte erakunde bat gutxitan joango da alderdiaren oinarri ideologikoen kontra». PSE-EEren batzorde eragilean parte hartzen dutela aipatu du Dominguezek, eta «pixkanaka» beren hitza kontuan hartzea lortzen ari direla.
Euskal Herri osoa hartzen duen antolakunderik egon ez arren, zazpi lurraldeak dituzte ikusmiran guztiek, PSE-Egazek eta PPko Belaunaldi Berrietakoek izan ezik. Lehen horiek, gainontzeko autonomia erkidegoekin duten harremanaz harago, «lotzen dituzten gaietan» Nafarroarekin harreman estuagoa daukatela dio Dominguezek, gauza komun asko dauzkatela.
EGIk Gazteok Bairen barruan dihardu Nafarroan, eta «gazte batzuk» badabiltza Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako zenbait herritan. «Baina eurekin konplikatuagoa da harremana», onartu du Bilbaok. Hego Euskal Herriko lau lurraldeak ditu jardun eremu Ernaik, baina «harreman estua» dute Ipar Euskal Herrian sortu berri den Aitzinarekin. Eratze prozesuan eztabaidagai izan zuten gaia, eta Ipar Euskal Herriko gazteek erabaki zuten «bide propioa» behar zutela. «Baina planteamenduak elkarrekin aurrera eramateko asmo osoa dugu», ziurtatu du Andak.
Gatazka eta normalizazioa
Gatazkaren konponbidean, bakegintzan edo normalizazio politikoan ere badute zer esana gazteek. Lokarrik joan den martxoan antolatutako Foro Sozialean, esaterako, protagonismo berezia izan zuten. Deitzaileen artean ziren, besteak beste, EH Bildu koalizioaren inguruko gazte erakundeak, EGIkoak, Gazteok Baikoak, Ezker Anitzekoak, eta baita JSE-Egazekoak ere, alderdiaren ildo ofizialaren aurka. Izan ere, elkarrekin gai horietaz aritzea «positiboa» dela dio Dominguezek: «Gai horietan ere kontuan hartu behar da gazteon iritzia».
Foro Sozialean egindako harremanetatik abiatu zen «gaur egun dagoen hartu-eman normal edo egokia», Bilbaok azaldu zuenez: «PP falta zaigu, baina espero dugu egunen batean eurek ere izango dutela esertzeko asmoa». Azkenaldian, harremana «nahiko ona» dela dio; biltzen direla, nahiz eta jendaurrean ez agertu. «Ez daukagu arazorik telefonoa hartu eta elkarri deitzeko».
Harremanek hobera egin dutela uste du Reyesek ere, eta gazteek, gainera, azkarrago barneratzen dituztela aldaketak. Orain PPko Belaunaldi Berrietan dabiltzanak 2011n hasi zirela nabarmendu du, ezker abertzalea erakundeetara itzultzen hasi zen garaian. «Komunikabideetan-eta askotan egoten naiz haiekin, erabat normal. Horrek ez du kentzen, terrorismoari buruzko gaiez aritzean, haiekiko jarrera oso gogorra izatea». PPko zenbait egoitzari egindako erasoak salatu ditu: «Ez leiho bat puskatzen dutelako. Hori da gutxienekoa. Normal egin nahi dugu lan Euskadin».
Sortu zenetik modu publikoan jardun du Ernaik, baina espioitza eta bozeramaileak inputatu izana salatu dituzte, besteak beste, azkenaldian. Dena den, Andaren hitzetan, «oso argi» zuten sorreratik halakoak jasango zituztela. «Errotiko aldaketa nahi badugu, argi dago zein izango den halakorik nahi ez dutenen erantzuna. Oztopatuko gaituzte. Normalizazioa bai, baina etsaia hor egongo da beti». Ildo horretatik, «normalizazio» kontzeptuaren ikuspegia jarri du ezbaian. «Guretzat, normalizatua dago gure jarduna. Ez dugu behar inork aitortzea gure jarduera normala den edo ez, egokia den edo ez».
Jarrerak aldatu direla nabarmendu du Castiellak, esaterako, PSNko gazteenak. «Ikusi dute gizarte osoaren inplikazioa behar dugula pausoak eman eta normalizazioa lortzeko». Badute zer esan eta zer egin, Bilbaoren hitzetan ere: «Denok egin behar dugu gertatu denari buruzko gogoeta kritiko bat. Denok. Bakoitzak berea. Ez dugu beldurrik izan behar aurrera egiteko».
Politika. Gazte antolakundeak
Zuhaitz zaharren fruituak?
Politika klasikoarekiko mesfidantza nagusi den honetan, Euskal Herrian ere ari dira hainbat gazte antolakunde mugimendu edo alderdi politikoei lotuta. Bakoitza bere ikuspegitik, baina ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu