Zudaire gomazko piloten biktima gisa aitortzeko eskatu dute

Auzitegi Nazionalaren sententzia «motz» gelditu dela salatu du Zudairek, hura zauritu zuen polizia ez baitute zigortu. Irmoa da epaia

Aingeru Zudaire, atzo, Atarrabiako kultur etxean, babesa ematera joandako herritarrak atzean dituela. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Atarrabia
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Bidea «luzea» izan da, eta, salatu dutenez, «oztopoz beterikoa», baina, azkenean, Espainiako Auzitegi Nazionalak arrazoia eman zion Aingeru Zudaireri azaroan, eta dagoeneko irmoa da epaia, ez baita helegiterik aurkeztu. 2012an Espainiako Polizia batek jaurtitako gomazko pilota batengatik eskuin begiko ikusmena galdu zuenez, Espainiak 100.000 euro ordaindu beharko dizkio. Ojo Justizia plataformak gomazko piloten biktima gisa aitortzeko eta kaltea erreparatzeko eskaria egin dio Nafarroako Gobernuari. Kaltetua kontent agertu da epaiarekin, baina ez du erabat gogobete, zauritu zuen poliziak ez baitu zigorrik jaso: «Ospatzeko eguna da, bai, baina ez naiz karrikara aterako suziriak botatzera. Sententzia motz gelditu da».

Senide, lagun eta auzokoek babestuta agertu zen Zudaire, atzo, Atarrabiako kultur etxean (Nafarroa). Jendeak emandako babesarengatik eskerrak eman zituen behin eta berriro, eta bere mintzaldia lau aldiz eten behar izan zuen, hunkituta eta malkoei ezin eutsita. «Zuei guztiei esker nago hemen; sekulakoak zarete», esan zien bertaratutakoei. «Ontzat jotzen dut sententzia, auzia ezerezean gelditzeko aukerak handiak baitziren. Baina hau ez da garaipen bat. [Poliziaren] Jokabide, praktika eta ohitura hauek ez dira desagertu; dena aldatu arte, borrokak jarraituko du».

Leire Martin abokatuak onartu zuen «pozik» hartu dutela ebazpena, baina auzia zein luzea izan den eta zer gertatu zen argitzeko «borondaterik eza» salatu zituen: «Hamar urte behar izan ditugu denok, baita haiek ere instrukzio epaileak, fiskalak eta poliziek, bagenekiena argitzeko». Gainera, esan zuen «onartezina» dela zuzenbide estatu batean auzia «oztopoz beteriko bidea» izatea. Gogorarazi zuen hiru auzibide paratu behar izan zituztela martxan hamar urte hauetan.

Abokatuaren esanetan, iazko urriaren 26ko sententziak ez ditu Espainiako Barne Ministerioaren eta fiskalaren argudioak onartzen, eta «argi eta garbi» uzten du Espainiako Polizia batek jaurti zuen pilota batek jo zuela Zudaire. Ez hori bakarrik, atarrabiarra ez zen «inolako arriskurik» polizientzat, epailearen arabera, eta administrazioaren jokabidea «kaltegarria» izan zen.

Instrukzio fasean polizia batek onartu zuen bera zela Ateak Ireki webgunearen bideoan manifestariei tiro egiten agertzen zena, baina epaiketan bertsioa aldatu zuen: esan zuen salbeak baizik ez zirela izan. Ez zuen zigorrik jaso, «froga faltarengatik».

Polizia, zigorrik gabe

Justiziarik ez dela egin salatu zuen Kirio Gastearena Ojo Justizia plataformako kideak: «Katua sakatu zuenak badaki zein diren eragindako zauriak. Haren ondoan zeuden poliziek badakite nor izan zen tiroaren egilea, eta haren nagusiek ere bai. Halere, zigorrik gabe gelditu da». Gisa horretako sententzia lortu izanak «bakar» egiten du Zudaireren kasua, haren aburuz, ez baita ohikoa zauritutakoaren aldeko sententziarik egotea, baina Gastearenak gogorarazi zuen Euskal Herrian egindako manifestazioetan Poliziak «dozenaka» lagun zauritu dituela.

Hain zuzen ere, Poliziak zauritutako lagun guztiei biktima izaera aitortzeko eskatu zion plataformak Nafarroako Gobernuari, motibazio politikoko biktimen legea erabiltzeko horretarako. Halakorik berriz gerta ez dadin bermeak exijitu zizkion ere, eta, horretarako, Nafarroan polizia guztiei gomazko pilotak eta antzekoak erabiltzea debekatzeko galdegin zuen. Izan ere, legez Foruzaingoak ezin ditu gomazko pilotak erabili, baina Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.