Zubimusu ikastola: «2023-2024ko ikasturteari dagokion itunean ez dago inolako irregulartasun edo isunik»

Villabonako ikastetxeak azaldu du onartu egin dutela Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dirua itzultzeko erabakia, eta «beharrezkoak diren urrats guztiak» egingo dituztela egoera konpontzeko.

Villabonako Zubimusu ikastola. ZUBIMUSU IKASTOLA
Villabonako Zubimusu ikastola. ZUBIMUSU IKASTOLA
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko otsailaren 7a
15:05
Entzun

Eusko Jaurlaritzak atzo argitaratu zuenez, Hezkuntza Saileko Ikuskaritza Zerbitzuak «gorabeherak» antzeman ditu Villabonako (Gipuzkoa) Zubimusu ikastolaren 2023-2024ko ikasturteko matrikulazioan. Hori dela eta, dagokion zenbatekoa itzuli beharko dio ikastolak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari. Ikastolak gaur ohar bidez ukatu egin du, ordea, inolako araurik urratu izana: «2023-2024ko ikasturteari dagokion itunean ez dago inolako irregulartasun edo isunik».

Ikastetxearen arabera, ikasturte horretan antolaketa pedagogikoarekin zerikusia zuen erabaki bat hartu zuten, baina Hezkuntza Sailak ez zuen onartu. «Horrek 2023-2024ko ituna moldatzea ekarri du», esan dute, eta aditzera eman dutenez, horixe da diru itzulketa egiteko betebeharraren arrazoia. Onartu egin dute erabakia, eta «beharrezkoak diren urrats guztiak» egingo dituzte egoera konpontzeko.

Ikastolak argi utzi nahi izan du moldaketa horrek ez duela zerikusirik Hezkuntza Sailak ikasturte horretan hartu zituen hainbat neurrirekin. Hain zuzen, aldaketak egin zituen matrikulazio irizpideetan, eskola segregazioa apaltzeko eta ikasleak era orekatuagoan banatzeko. Ikastolak berretsi nahi izan du konprometituta dagoela hartutako neurri horiekin eta «hezkuntza inklusiboarekin».

Gaur zabaldu duten mezuan, halaber, ikastolako ordezkariek salatu dute hainbat eragilek eraso egin dietela, eta esan dute ez dutela «inolako akusazio faltsurik» onartuko. «Gure lana zalantzan jartzen duten aurreiritzien edo desinformazioaren kontra irmo eutsiko diogu».

Azpeitiko Iraurgi ikastetxeak (Gipuzkoa) ere dagokion zenbatekoa itzuli beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; 2023-2024ko ikasturteko matrikulazioan «irregulartasunak» egitea egotzi dio Hezkuntza Sailak ikastetxe horri ere. Eskolak aukera du auzitara jo eta helegitea jartzeko.

Bestalde, urtarrilean 140.000 euroko isuna jarri zioten Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolari. Azaldu zutenez, 2023an Jaurlaritzak ezezkoa eman zien han matrikulatu nahi zuten zortzi familiari, baina ikastetxeak erabaki zuen denei «ateak zabaltzea». Ikasle horiek onartzearen truke, ikastolak isuna ordaindu beharko du. Diru bilketa abiatua dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.