«Zubigile» baten betaurrekoetatik

Bi hamarkada beteko dira ETAk Ernest Lluch PSCko kidea hil zuela. Harreman estua izan zuen Euskal Herriarekin, eta euskal gatazka konpontzeko grina zeukala nabarmendu dute ezagutu zutenek

Ernest Lluch. ERNEST LLUCH FUNDAZIOA.
jon olano
2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Larunbatean, bi hamarkada beteko dira ETAk Ernest Lluch i Martín (Vilassar de Mar, Katalunia, 1937Bartzelona, 2000) hil zuenetik. Ekonomista eta historialaria, PSCko kide izan zen, eta Espainiako Osasun ministro 1982tik 1986ra. Unibertsitatean jardun zuen, eta azaroaren 21 batez hil zuten tiroz, etxeko aparkalekuan.

Lluchek harreman estua zuen Euskal Herriarekin; Elkarriko kidea zen, euskal gatazkaren izaera politikoa aitortzearen eta hura konpontzearen aldekoa, haren idatziek jasotzen dutenez. «Zubigile» baten aurkako erasoa izan zela nabarmendu dute haren gertukoek. Azken asteetako pasadizo bat dakar gogora Antoni Segura Bartzelonako Unibertsitateko Historia katedradun eta Lluchen lankide eta lagunak; izan ere, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak liburu bat argitaratu du, eta hura idazteko Gemma Nierga kazetaria aukeratu du, balioa eman ziolako Lluchen hilketa salatzeko martxan egin zuen diskurtsoari. Cuixartek gogora ekarri zuen Niergak buruzagi politikoei esan ziena —«Zuek, ahal duzuenez, hitz egin ezazue»—, eta Omniumeko buruzagiak erantsi zuen elkarrizketarako dei horrek «erabateko gaurkotasuna» duela Katalunian. Bat dator Segura, eta uste du horixe dela Lluchen ondare nagusia: «Oinordetza hori jaso beharko genuke: elkarrizketan jartzen zuen indarra».

Zubigilearen definizioa «guztiz zuzena» iruditzen zaio Odon Elorza PSOEko diputatuari: «Elkarrizketarako bokazioa zeukan; ez dut inoiz halakorik ikusi». Izan ere, Elorzaren esanetan, Lluchek «politika egiteko eta ulertzeko modu ezberdina» zeukan: «Gizon oso argia zen, oso jantzia, oso lagunkoia, oso interesatua kausa handietan; ez zen sektarioa, eta kuriositate handia zeukan gatazkak ezagutzeko».

Auzi politikoari irtenbide bat bilatzeko grinak formulazio jakin batean izan zuen isla, Segurak gogora dakarrenez. Radio Euskadin solaskide ziren Segura eta Lluch, eta, 2000ko ekainean, biak etorri ziren Euskal Herrira, irratiak gonbidatuta. Hegazkinean, Lluchek liburu bat eman zion: Menendez Pelayo Unibertsitateko ikastaro bateko aktak —errektorea izandakoa zen Lluch—. Aitzinsolasean, Miguel Herrero de Miñonek eta Lluchek «oso adierazpen ausarta» egin zuten: euskal auzia soilik konpon zitekeela elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez, eta Espainiako Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarrian euskal lurraldeen eskubide historikoei egiten zaien erreferentzia baliatu nahi zuten helduleku gisa. «Hori 2000. urtean esateak indarra zeukan. 1999 amaieran bukatu zen ETAren su etena, eta, beraz, iritzi hori korrontearen kontra zihoan garai hartan».

Ados dago Elorza: «Lan handia» egin zuen «interpretazio ireki bat» bilatzeko xedapen gehigarriari, EAJri «eremu erosoago bat» bilatzeko: «Haren edizioa geratuta egon zen hainbat hilabetez, apustu arriskatua zelako: klase politiko espainiarraren alde bateko eta besteko immobilismoaren aurrean, beti aurrera egin nahi zuen, eta konstituzioa tresna malguago bat bihurtu». Haatik, bere «ametsa» ez zen bete, Elorzak gogora dakarrenez: «Konstituzioa itxita dago oraindik, mekanismo gaindiezinak dituelako».

Izan ere, konstituzioaren defendatzailea zen Lluch, baina moldatzearen aldekoa, Elorzaren arabera: «Sozialdemokrata konbentzitua zen, eskola zaharrekoa: ezkerreko balioak zituen, baina ez zen bereziki erradikala. Federalista zen; batez ere, zintzoa eta etikoa bere jardunean». Oroimen pertsonalak ere baditu Elorzak, Donostiako alkate izan zen lehen urteetan Lluch izan zuelako «aholkulari onena»: «Zuzenketa asko egiten zizkidan; niretzat, aita politiko bat izan zen urte haietan».

Kolpea Katalunian

Ez zen izan ETAk Katalunian eginiko atentatu bakarra, ezta lehena ere, baina aparteko eragina izan zuen han; neurri batean, «mugarri bat» izan zela uste du Segurak: «Katalunian, bi gauza ez dira ulertu: Hipercor izan zen lehena». Hura «akats politikoa» ere izan zela uste du, 1989an, HBk 15.000 boto lortu zituelako Katalunian Europako bozetan. Beste gertakaria Lluchen hilketa da: «Katalunian, Lluch ikusten zen zubiak eraikitzen saiatzen zen gizon baten gisan, eta ez zen oso ondo ulertu zergatik hil zuten». Lluchek berak ere ez zuen espero, Seguraren iritziz: «Bazekien Donostian arriskua zuela, baina ez zuen espero Bartzelonara haren bila etorriko zirenik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.