Zubietako plantak neurri egokia zuela argudiatu dute proiektuaren sustatzaileek

67,8 millioi euro galtzea leporatu dio Bilduk Carlos Ormazabal diputatu ohiari.'Swap'-ak finantza tresna arruntak direla ziurtatu du Ormazabalek

Carlos Ormazabal, atzoko agerraldia hasi aurretik. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
Donostia
2014ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Gipuzkoan ingurumen politiketan ardurak izan dituztenek azalpenak eman zituten atzo Batzar Nagusietan, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketaren jarduna fiskalizatzeko batzordean. Leire Ereñok (aldundiko Ingurumen zuzendaria 1999tik 2003ra), Luis Maria Oiarzabalek (Garapen Iraunkorreko diputatua 2003tik 2007ra) eta Carlos Ormazabalek (Garapen Iraunkorreko diputatua 2007tik 2011ra) argudiatu zuten Zubietako errauste planta ez zegoela «gaindimentsionatua», neurri egokia zuela eta ez zutela aztertu beste herrialde batetik hondakinak ekartzeko aukera.

BERRIAk atzo jakinarazi zuen GHKrentzat lan egiten zuen ingeniaritza enpresa batek Arabatik hondakinak ekartzeko aholkua eman zuela, Zubietako planta «gaindimentsionatua» zegoelako. Ereñok, Oiarbidek eta Ormazabalek ezeztatu egin zuten hori. 2011z geroztik diputazioak ez ditu aintzat hartzen araztegietako lohiak, Ormazabalen hitzetan. Horiek zenbatuta, 240.000 tona hondakin sortuko zituzkeen Gipuzkoak, eta 260.000 tona erretzeko prest behar zuen Zubietako plantak. Iñaki Errazkin egungo Ingurumen diputatuak ezeztatu egin zion datua: lohiak konpostatu egiten dira, eta 190.000 tona hondakin sortzen dira egun.

Bere agintaldiko kudeaketa defenditu zuen Ormazabalek: auditatu egin ziren urrats guztiak, berme juridiko guztiekin. Swap-ak finantza tresna ohikoak direla esan zuen, Bidegik ere sinatua duela halako kontratu bat. Eta hiru agintalditan eraikitakoa «suntsitzea» egotzi zion Bilduri.

Bilduko batzarkideek, berriz, 67,8 milioi euroko galera eragitea leporatu zioten Ormazabali. Bilduk 2011ko hauteskundeak irabazi eta bost hilabetera, errauste plantaren proiektu teknikoaren txostena sinatu zuen Ormazabalek. «Sinadura hark» milioika euro ordaintzera behartu du administrazioa, kontratuak eten ahala, Bilduko kideen esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.