Zubietako erraustegiko lixibiatuen kudeaketarengatik Asensioren aurka zabalik zegoen auzia artxibatu dute

Gipuzkoako Ingurumen diputatua auzipetuta zegoen bi auzietako bat artxibatu du Donostiako Epaitegiak, Guardia Zibilaren txosten batean oinarrituta. Ez du delitu zantzurik antzeman. GuraSOSek errekurtsoa aurkeztuko dio epaiari.

Asensio Ingurumen diputatua, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO/FOKU
Asensio Ingurumen diputatua, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO/FOKU
kristina martin
2025eko martxoaren 14a
15:03
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiak artxibatu egin du Zubietako (Donostia) erraustegiko lixibiatuak modu irregularrean kudeatzeagatik irekita zegoen auzia. Ondorioz, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatua karguetatik libre geratu da. Asensio auzipetuen artean zegoen, erraustegiaren kudeaketaren ardura duen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidentea delako.

GuraSOS herri plataformak iragarri du helegitea aurkeztuko duela epaiaren kontra. Izan ere, plataforma horrek jarritako salaketa batek abiatu zuen epaitegien bidea, Zubietako erraustegiaren isuri batzuengatik. «Bi auzi zabaldu ziren: bata, lixibiatuak isurtzeagatik; bestea, Zubietan sortutako lixibiatu horiek hondakinen beste plantetara modu irregularrean garraiatzeagatik», azaldu du GuraSOSek. Gipuzkoako errauste plantak Artaxoako (Nafarroa) Ecofert Sansoain eta Bilboko Sader instalazioetara eramaten zituen hondakinak.

Herri plataformak egindako salaketek kausa penala zabaltzeko oinarriak zituztela iritzi zion fiskaltzak 2023an, eta auziak abiatu zituen. Joan den otsailaren 25ean aurkeztu zituen Guardia Zibilak bi auziei dagozkien txostenak. Lixibatuen garraioari dagokionaren epaia da gaur plazaratutakoa. Silvia Villanueva epaileak ebatzi du ez duela delitu zantzurik ikusi. Horretarako, Guardia Zibilak egindako txosten batean oinarritu da. Horren arabera, hondakin horiek ez dira arriskutsuak. Epaileak apirila arteko epea zuen epaia emateko, baina ikertutako pertsonak deklaratzera deitu gabe artxibatu du auzia.

GuraSOSen iritziz, Guardia Zibilak kasu horretan aurkeztu duen txostena ez da fidagarria. Isurien auzian —oraindik instrukzio fasean dago—, Guardia Zibilaren Natura Babesteko Zerbitzuak (Seprona) txosten teknikoa egin zuen. «Talde teknikoak egin zuen laginen azterketa, eta substantzia toxikoak antzeman zituzten». Txosten horretan, Sepronak ohartarazi zuen isuri jarraituek «arrisku larria» zekarkiotela ingurumenari. GuraSOSek salatu duenez, garraioaren auzian ez dute lehenengo salaketarekin egin bezalako azterketa teknikorik egin», eta hori oso susmagarritzat jo du plataformak. Haren arabera, ingurumenarekin lotutako delituetan, «badago joera bat arduradun politikoak errugabetzat jotzeko eta ardurak teknikariei leporatzeko». Nolanahi ere, plataformak iragarri du Sepronak beste kasuan egin zuen bezalako azterketa teknikoak egiteko eskatuko dutela .

Artaxoako planta

Auzi horren jatorria 2023an dago. GuraSOSek jarritako salaketa ikertzeko asmoz, Sepronak txosten bat egin zuen Artaxoako Ecofert Sansoain enpresak jasotako hondakinei buruz. Txosten horretan, egiaztatu zuten instalazio horretara hondakinak bidaltzen zituzten 78 entitateetatik lauk lixibiatuak bidali zituztela, ez lohiak —kontratuan ezarrita zegoen moduan—. Zubietako errauste planta lixibatuak bidaltzen zituen lau horietako bat zen.

Txostena argitaratu zenean, Jose Ignacio Asensiok errugabetzat aurkeztu zuen bere burua, eta, izatekotan, Eusko Jaurlaritzaren bizkar jarri zuen erantzunkizuna. Haren esanetan, «delitu horiek existituko balira, esan behar dudana da hondakinen garraioa, kasu honetan hondakin lixibiatuena, plantaren kontzesiodunak egin duela, kudeatzaile baimendutakoen bidez eta beti Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak ikuskaturik».

Horrekin lotuta, ezbaian dago Zubietatik bidalitako hondakinek LER (Europako hondakinen zerrenda) etiketa egokia zuten ala ez ere. GuraSOSen hitzetan, legeak debekatzen du Artaxoako instalaziora hiri hondakinak kudeatzen dituen planta bateko hondakinak eramatea. Legeak ezartzen duenez, Artaxoako plantak lohi organikoak bakarrik jaso ditzake, nekazaritzako ongarrietara bideratzen dituztelako. Hori dela eta, plataforma salatu duenez, Zubietatik ateratzen ziren hondakinei ez zegokien etiketa bat jarri zieten. Horrela, «ezkutatu egiten zuten hondakinen jatorria».

Asensioren erantzuna

Asensiok pozik hartu du epaitegiak kasua artxibatu izana, eta uste du prozesu guztia garbia izan den seinale dela. Salaketak «inongo funtsik» ez zuela uste du diputatuak, eta bere eta GHK-ko langileen izenari kalte egiteko saiakera izan dela: «Urte eta erdi pasatu dugu akusazio faltsuak jasaten, baita desinformazio eta manipulazio kanpaina bat ere». Horrez gain, GuraSOSi zuzenketa bat eskatu dio, uste baitu salaketaren helburu bakarra «kalte egitea» zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.