Ingurumena

Zubietako erraustegiaren «irregulartasunak» ikertzeko kanpo auditoria bat egitea proposatu dute

Legebiltzarrean izan da Gorka Bueno Ekopol taldeko kidea, eta erraustegiaren inguruan dagoen gardentasun falta salatu du.

Zubietako erraustegia, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2023ko ekainaren 6a
18:02
Entzun

Hasieratik eman du zeresana Zubietako erraustegiak. Ugariak dira kritikak eta zalantzak, eta horiek indartu baino ez dute egin Ekopol taldeak egindako ikerketek. Besteak beste, otsailean argitaratutako txosten baten arabera, Zubietako erraustegiak bi mila adiz gainditu zuen legeak ezarritako substantzia toxikoen kutsadura maila 2020. urtean; apirilean argitara emandako txostenean jaso zutenez, berriz, erraustegiari ez diote eman energia balorizazio planta bat izatearen ziurtagirik. Horien inguruko azalpenak ematen aritu da Eusko Legebiltzarrean Gorka Bueno Ekopol taldeko kide eta EHUko irakaslea; gardentasun falta salatu du, eta azaldu zailtasunak izan dituela txostenerako datuak eta informazioa eskuratzeko. Hala, proposamen bat egin du: kanpo auditoria bat egitea ikertzen jarraitu eta analisi bat egiteko.

Babesa eman diote Isabel Gonzalez (Elkarrekin Podemos-IU) eta Mikel Otero (EH Bildu) legebiltzarkideek, erraustegiaren funtzionamenduaren inguruko «kontu ilun asko» daudela iritzita. Hain zuzen, talde parlamentario horiek eskatuta egin du Buenok agerraldia. «Argi ikusi dugu hainbat gauza ez dabiltzala ongi», esan du Oterok. Horietako batzuk zerrendatu ditu: gehiegizko isurketa kasuak, programatu gabeko geldialdiak, kontrol automatikoaren faltak...

Irregulartasunak salatu ditu Gonzalezek ere. Leixuri Arrizabalaga EAJko legebiltzarkideak, berriz, esan du GHK-k gezurtatu egin zuela lehen txostenean emandako informazioa, eta datuak gaizki ulertu zirela. Ezbaian jarri du ikerketen sinesgarritasuna, eta zalantzan GuraSOS elkartearekin lankidetzan egindako azken ikerketaren «berme zientifikoa».

Buenoren arabera, txosten horretan ondorioztatu dute Zubietako erraustegiak ez duela lortu balorizazio energetikoaren instalazio bat dela bermatzen duen R1 ziurtagiririk. Europako Batasunak ezarritako arauei jarraikiz, kanpoko agente batek neurtu beharko luke erraustegiak betetzen ote duen eraginkortasun energetikoaren gutxieneko balioa, baina, azaldu duenez, ez dute halakorik egin. Haren iritziz, D10 eliminazio operatzaile gisa izendatu beharko lukete erraustegia; horrek arazo bat sortuko lioke Zubietako erraustegiari, funtzionatzea baimentzen dion IBBa horrek baldintzatzen baitu.

Txostenen inguruko balorazioa egin du, eta ondorio hauek atera: datuen inguruko gardentasun falta –besteak beste, labeen tenperaturen gorabeheren eta geldialdien inguruko intzidentzien eta anomalien berri eman ez izana–, kontrol falta eta legeztatze prozesuan atzemandako irregulartasunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.