Bederatzi urteko ibilbide judizialaren ostean, EAEko Auzitegi Nagusiak Zubietako erraustegiaren ingurumen baimena legezkoa den ala ez ebatzi beharko du. Baimen horren kontra GuraSOS elkarteak aurkeztu zuen administrazio helegitea aintzat hartzeko agindu dio Espainiako Konstituzio Auzitegiak, eta, beraz, auziaren muina aztertu beharko du. Auzitegi Nagusiak arrazoi formalengatik baztertu zuen helegite hori, GuraSOSek helegite bat aurkezteko zilegitasunik ez zuela argudiatuta, baina epai hori baliogabetu egin du Konstituzionalak. Erabaki duenez, elkarteak zilegitasun osoa du ingurumen baimenaren kontrako errekurtsoa aurkezteko, eta Auzitegi Nagusiak elkartearen babes judizialerako eskubidea urratu zuen.
Konstituzionalaren sententziari buruzko xehetasunak eman ditu GuraSOSek gaur goizean, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoan egin duen prentsaurrekoan. Bertan izan dira Jose Maria Izeta GuraSOSeko lehendakaria eta Joseba Belaustegi abokatua. Gogorarazi dute GuraSOSek Zubietako erraustegiaren ingurumen baimenari helegitea aurkeztu ziola 2016an, eta bost urte geroago baztertu zuela hura EAEko Auzitegi Nagusiak. Orain, erabaki hori baliorik gabe utzi du Konstituzionalak, epaian arrazoitzen duenez, Auzitegi Nagusiak legediaren «interpretazio formalistegia» egin zuelako eta GuraSOSen «benetako babes judizialari kalte egin» ziolako. Konstituzionalaren esanetan, Auzitegi Nagusiak ez zuen kontuan hartu «emaitza neurrigabea eragingo zuela erabakiak, [...] eta, hartara, auziaren muina epaitzea eragotziko zela eta, ondorioz, proportzionaltasun printzipioaren eskakizunak urratuz».
Epaiak «etorkizun ziurgabean» utzi du Zubietako erraustegia, Belaustegiren esanetan. EAEko Auzitegi Nagusiak ingurumen baimena legez kontrakotzat jotzen badu, haren funtzionamendurako euskarri legala indargabetuko duelako.
Irizpide aldaketa
Konstituzionalak epaia emateko izan dituen oinarrietako bat izan da auzitegi horretako fiskalburu Pedro Crespo Barquerok eginiko txostena. Belaustegik nabarmendu du txostenean kritika «oso gogorra» egiten diola Auzitegi Nagusiaren epaiari, besteak beste haren irizpide aldaketagatik. Fiskalak adierazi du auzitegiak, 2018ko iraileko auto batean, «ageriko zilegitasuna» aitortu ziola GuraSOSi helegitea aurkezteko, baina hiru urte geroago zilegitasun hori ukatu ziola, arrazoi nahikorik eman gabe. Txostenaren arabera, auzitegiaren 2021eko sententziak «ez du inolako justifikaziorik, azalpenik edo motibaziorik halako irizpide aldaketa baterako prozesu arrazional bat atzemateko bidea ematen duenik». Fiskalburuak ohartarazten duenez, arrazoi falta horrek «serioski zailtzen du arbitrariotasun susmo oro baztertzea».
Kritika harago doa. Auzitegi Nagusiaren epaiari egozten dio, «nabarmen zurruna eta formalista» izateaz gain, modu nahasian erabiltzea honako kontzeptu hauek: interes zilegi, interes kolektibo eta interes orokor. Epaimahaiak ebatzi bezala, fiskalburuak uste du 2021eko epaiak GuraSOSen babes judizialerako eskubidea urratu zuela, «arrazoi kontraesankorrak, behar bezala justifikatu gabeko baieztapenak eta organo judizialak erabilitako kontzeptu juridikoen berezko esanahiarekin bateraezinak diren interpretazioak» erabilita.
GuraSOSen iritziz, fiskalburuaren txostenak agerian utzi du auzia ezaugarritu duen «zentzugabekeria judiziala», eta adierazi du judiziala ez ezik «zentzugabekeria politikoa» ere izan dela, elkartea prozesutik baztertzeko nahiak bultzatuta.
Hala, nabarmendu du Eusko Legebiltzarrak 1998an onartu zuen Ingurugiroa Babesteko Legea konstituzioaren aurkakotzat jotzea eskatu zutela Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak. Auzitegi Konstituzionalak legearen artikulu bat indargabetu zuen. Hain justu, ingurumen arloan ekinbide judiziala publikoa izango zela zehazten zuena. «Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, GHK-k eta EAEko Auzitegi Nagusiak bat egin zuten euskal legearen inkonstituzionaltasun adierazpenean. Aldiz, Eusko Legebiltzarra, Estatuko Fiskaltza eta GuraSOS jarrera horren aurka azaldu ziren», azaldu du Belaustegik.
Eztabaida, zabalik
Konstituzionalak emandako epaiarekin «pozik» agertu da Izeta. «Gipuzkoako Foru Aldundia, GHK, Eusko Jaurlaritza eta EAEko Auzitegi Nagusia gizarteari ate guztiak ixten saiatu dira, osasuna eta ingurumena defendatzea oztopatzeko, baina orain Konstituzio Auzitegiak ateak ireki dizkigu», esan du.
Gipuzkoako Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok behin eta berriz esan izan du GuraSOSek porrot egin duela Zubietako erraustegiaren aurka abiatu dituen ekinbide judizial guztietan. Adierazpen horiei erreferentzia eginez, Izetak salatu du aldundiak «arinkeriaz» hitz egin duela «garaipen terminoak» erabiliz, «lehiaketa bat balitz bezala». Nabarmendu du GuraSOS osasuna, ingurumena eta gizartea ari dela defendatzen modu legitimoan, eta hala ulertu duela Konstituzionalak. «Osasuna oso gauza serioa da, eta ez da joko gisa hartu behar».
Izetak nabarmendu du bi galderari erantzun beharko diela orain EAEko Auzitegi Nagusiak: batetik, erraustegiaren ingurumen baimenak behar bezala babesten ote dituen osasuna eta ingurumena, eta, bestetik, baimenak EB Europako Batasunaren araudia errespetatzen ote duen.
«Gipuzkoako Foru Aldundia, GHK, Eusko Jaurlaritza eta EAEko Auzitegi Nagusia gizarteari ate guztiak ixten saiatu dira, osasuna eta ingurumena defendatzea oztopatzeko, baina orain Konstituzio Auzitegiak ateak ireki dizkigu»
JOSE MARIA IZETAGuraSOS elkarteko lehendakaria
Galdera horiei erantzuterakoan, Belaustegik azaldu du pisu handikoa izango dela EBko Justizia Auzitegiak iazko ekainean eman zuen ebazpen bat, zeinak Italiako auzitegi batek aurkeztutako epaiketa aurreko arazo bati erantzuten dion. Ebazpen horretan adierazi zutenez, azpiegituren ingurumen baimenek aintzat izan behar dituzte azpiegituraren erabileran aurreikus daitezkeen substantzia kutsatzaileak, baina baita instalazioak isur ditzakeen eta zientziak giza osasunarentzat kaltegarritzat jotzen dituen substantziak ere.
GuraSOSek uste du EBko Justizia Auzitegiaren ebazpenak garrantzi handia duela, elkarteak erraustegiaren ingurumen baimenaren kontrako helegitearekin batera aurkeztu zuelako CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiaren azterketa bat, zeinaren arabera erraustegiaren jarduera lotuta dagoen ingurumen baimenak kontuan hartzen ez dituen eta osasunarentzat kaltegarriak diren dozena bat substantziarekin.
Ez dago argi EAEko Auzitegi Nagusiak epaia noiz emango duen. Belaustegiren esanetan, auzia bederatzi urtez luzatu dela ikusita, arrazoizkoa litzateke urtea amaitu aurretik ematea.