Zubietako erraustegia kudeatzen duen enpresa zigortzeko eskatu dio Nafarroak Eusko Jaurlaritzari

GHK-k erantzun du Nafarroako Gobernuak duela bere azpiegituretan legea betearazteko ardura, eta «errespetu instituzionala» eskatu dio Aierdiri. Beste erakunde batzuk «nahastu» nahi izatea egotzi dio.

Jose Mari Aierdi Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES/EFE
Jose Mari Aierdi Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES/EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko ekainaren 20a
11:57
Entzun

Nafarroako Gobernuaren iritziz, Eusko Jaurlaritzak «zigor espediente bat» ireki beharko lioke Zubietako erraustegia kudeatzen duen enpresari, Ekondakini, Artaxoako konpostatze gunera (Nafarroa) hondakin lixibiatuak bidaltzeagatik, eta neurri hori hartzeko eskatu dio, Jose Mari Aierdi Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak atzo jakinarazi zuenez, Nafarroako Parlamentuan egin zuen agerraldian. Nafarroak zigor espediente bat ireki zuen joan den otsailean Artaxoako konpostatze gunea kudeatzen duen enpresaren aurka, Ecofert-Sansoainen aurka. Azpiegitura behin-behinean ixteko agindu zuen orduan, eta Aierdik atzo azaldu zuen gobernuak itxiera berretsi duela ebazpen administratibo irmo batekin, enpresaren alegazioak aztertu ostean. Artaxoako plantak ezingo du inolako hondakinik jaso atzemandako irregulartasunak zuzendu artean.

Artaxoako konpostatze guneak milaka tona lixibiatu hartu ditu azken urteetan, horretarako baimenik ez badu ere. Hondakin likido horietatik 5.500 tona inguru Gipuzkoako Ingurumen Gunetik jaso zituen, Zubietako errauskailua eta hondakinen tratamendurako beste instalazio batzuk hartzen dituen azpiegitura multzotik. Hori dela eta, Donostiako epaitegi batek ikerketa penal bat du abian, argitzeko lixibiatu horien bidalketan zer erantzukizun dauden; besteak beste, ebatzi behar du Ekondakinek iruzur egin ote zuen hondakin likido horiek Artaxoara ezkutuan bidaltzeko. Izan ere, Artaxoak Zubietako azpiegitura multzotik jaso zituen lixibiatuak LER 190812 kodearekin sailkatu zituen Ekondakinek, eta, kodifikazio taularen arabera, sailkapen hori ez da zuzena: hondakin uren tratamendu biologikotik eratorritako lohiei dagokie.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatu eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidenteak ukatu izan du inolako irregulartasunik izan dela, baina fiskaltzak haren aurkako salaketa aurkezteko urratsa egin zuen, eta Guardia Zibilari enkargatutako peritu txostena aztertu behar dute epaileek instrukzio fasea amaitzeko. Fiskaltzak Asensio salatu ostean ere, Artaxoako guneak jarraitu zuen Zubietatik bidalitako lixibiatuak jasotzen, 2023ko abendura arte.

Nafarroako Gobernuak Artaxoako konpostatze gunea behin-behinean ixtea erabaki du, baina ezin du Ekondakinen kontrako neurririk hartu, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio zigor espediente bat irekitzeko hari. Eusko Jaurlaritza berritze prozesuan da egunotan, eta oraindik ez da ezaguna Imanol Pradalesen gobernuan nork hartuko duen ingurumen gaien ardura.

Ekondakinek bezala, Tuterako Oleofat enpresak ere lixibiatuak bidali zituen Artaxoara —13.800 tona inguru—. Nafarroako Gobernuak zigor espediente bat ireki zion, eta 30.000 euroko isuna jarri zion konpostatze gunera ez zegozkion hondakinak bidaltzeagatik. Aierdik azaldu zuen bidalketa horiek iazko ekainean eten zirela.

«Arreta desbideratzea»

Gordin erantzun dio gaur GHK-k atzo Aierdik esandakoari. Partzuergoaren iritziz, Nafarroako Gobernua da Artaxoako konpostatze gunean izan diren okerreko jardueren erantzule bakarra. «Nafarroako Gobernua da Nafarroako [hondakinen] tratamendurako azpiegituretan legea betearazteko arduradun bakarra, baita Ecofertek jaso zuen informazioa berrikusteko ardura duena ere», adierazi du, ohar bidez.

GHK-k uste du ez dela egoki Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari enpresa baten kontrako zigor espediente bat eskatzea, eta aipamen zuzena egin dio Aierdi kontseilariari. «Jakin beharko luke administrazioen arteko elkarlanetik harago ez dagoela inolako prozedura arauturik administrazio batek beste bat deitzeko bere zigor ahalmena erabiltzera». Are gehiago, partzuergoaren iritziz, ez da ulertzen Nafarroako Gobernuak «beste erakunde batzuk nahasteko duen insistentzia hori». Portaera horren atzean «arreta desbideratzeko saiakera bat» dagoela esan du GHK-k; «argi eta garbi». Aierdiri eskatu dio adierazpenak «beharrezko oinarri juridikoarekin eta errespetu instituzionalaren esparruan» egiteko.

Partzuergoak Nafarroako kontseilariari gogorarazi dio Eusko Jaurlaritzak, «Zubietako Ingurumen Gunearen ingurumen baimen integratua betetzen ote den ikuskatzeko organo eskudunak», behin baino gehiagotan ukatu duela Ekondakinen jardueran irregulartasunik egon dela. «Beraz, ez dago zigor espediente bat irekitzeko kausarik», ziurtatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.