Zubietako erraustegiaren inguruko eremuetan atzeman dituzten elementu toxikoei buruzko datuak aurkeztu dituzte gaur Toxicowatch fundazioko bi ordezkarik Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Joan den astean Hernanin egin zuten aurkezpenean egin bezala, nabarmendu dute toxikoen kontzentrazio maila modu kezkagarrian handitu dela erraustegiaren inguruetan 2019 eta 2024 bitartean. 2020an jarri zuten martxan azpiegitura. Fundaziokoek elkarlanerako deia egin diete Gipuzkoako erakundeei, gorakada horrek erraustegiaren jardunarekin loturarik duen ala ez argitu ahal izateko.
Toxicowatcheko Abel Arkenbout ikerketaburuak eta Kirsten Bouman ikerlariak hartu dute hitza. Haien azalpenen ostean, alderdi politikoen txanda izan da. Gipuzkoako Foru Aldundian koalizio gobernuan diren EAJk eta PSE-EEk auzitan jarri dute ikerketaren fidagarritasuna, eta gogorarazi dute errauskailua ezin dela lotu epe motzeko osasun kalteekin, Biogipuzkoak duela bi aste aurkeztu zuen azterketaren arabera.
Arkenboutek eta Boumanek azken bost urteetan egindako neurketei buruzko xehetasunak eman dituzte. Laginak hartu dituzte Zubietako errauskailuaren inguruko oilo arrautzetan, goroldioetan, landareetan eta uretan. Laginak bildu dituzte eremu horretan bizi diren ama batzuen bularreko esnetik ere. Ondorioztatu dutenez, dioxina kopuruak eta dioxinen antzeko PCB elementuenak nabarmen handitu dira 2019tik, oilo arrautzetan. Hernaniko arrautzen kasuan, balioak ezohikoak dira. Europako beste zazpi errauskailuren inguruetan atzemandakoak baino altuagoak. Bestalde, dioxinen eta antzeko gaien gorakada esanguratsua atzeman dute errauskailuaren inguruko goroldio laginetan.
Ikerlariek azaldu dute elementu toxikoen hazkundea azaltzeko hainbat faktore hartu behar direla kontuan: inguruko trafikoa, eta plastiko eta zementu industria, besteak beste. Horregatik, ezin da toxikoen gorakadaren eta erraustegiaren arteko lotura zuzen bat egin, baina ezta hark izan dezakeen eragina gutxietsi ere. Zaborra erretzeko azpiegiturak zenbat dioxina eta bestelako toxiko askatzen dituen argitze aldera, «monitorizazio jarraitu bat» eskatu dute Toxicowatcheko adituek. «Elkarlanean jardun nahi dugu. Gure esperientzia eskaintzen dugu», adierazi dute.
Arkenboutek eta Boumanek Europako beste herrialde batzuetan abian jarri dituzten esperientziak jarri dituzte adibidetzat. Herbehereetan eta Belgikan herrialde horietako gobernuekin ari dira lanean. Batzorde tekniko mistoak eratu dituzte erraustegien jarraipena egiteko. Halako neurketen garrantzia nabarmendu dute. «Lehenak izan gara Europan erraustegiek PFASak —gai toxikoak— askatzen dituztela frogatzen», azaldu du Arkenboutek.
Adituek adierazi dutenez, erraustegien dioxina eta bestelako gai kutsagarrien isurketak lotuta daude zaborra erretzeko erabiltzen den ganberaren tenperatura jaitsierarekin. Geldialdi bakoitzaren ostean izaten da beste momentu kritiko bat: errekuntza berriz abiatzeko unea, eta prozesu horretan ohiko funtzionamenduan baino gai toxiko gehiago isurtzen dira.
«Beldurra sortzea»
Toxicowatchen azalpenak ez dituzte balekotzat jo EAJk eta PSE-EEk. Xabier Otxoa batzarkide jeltzalearen iritziz, fundazioaren «emaitza alarmanteak» fundazioaren beraren «interesek» kutsatuta egon daitezke. «Tristea iruditzen zait Biogipuzkoaren ikerketaren aipamenik eza komunikabide batzuetan. Zein da helburua, beldurra sortzea?». Haren esanetan, Biogipuzkoaren ikerketa auzitan jarri ahal izateko, «maila bereko azterketa bat beharko litzateke, eta ez sasi-azterketa baten ustezko emaitzak».
Otxoak adituei galdetu die fundazioak berak bildu al dituen Zubieta inguruko laginak, eta errauskailua bisitatu al duten inoiz. Arkenboutek eta Boumanek erantzun dute inguruko bizilagunak trebatu dituztela laginak modu egokian jaso eta bidali ahal izateko, eta horretarako behar diren baliabideak jarri dizkietela eskura. Errauskailua barrutik ez dutela ezagutzen aitortu dute, eta gustura bisitatuko luketela. Biogipuzkoaren ikerketari buruz, adituek esan dute denbora behar dutela hura aztertzeko, baina edozein modutara elkarlanerako prest daudela erakunde ororekin. «Guk ere erantzunak nahi ditugu».
PSE-EEko Susana Garciak ere Otxoaren zalantza beretsuak agertu ditu, eta, hark egin bezala, Toxicowatchekoei esan die errauskailuan dagoeneko egiten zaiela isurketei jarraipena. Adituek adierazi dute erregulatuta dauden dioxinak lau direla bakarrik, baina askatzen diren toxikoen espektroa askoz ere zabalagoa dela. «Guk frogatu genuen arte, inork ez zuen uste errauskailuek PFASak askatzen zituztenik», azaldu du Arkenboutek.
EH Bilduko Jon Altolagirrek gogora ekarri Biogipuzkoaren ikerketak erraustegiaren gaineko azterketak egiten jarraitzeko beharra aipatzen duela, eta Toxicowatchi adierazi dio fundazioaren bidelagun izango dela lan horretan, gaiaren inguruan «jakintza areagotzeko». Batzarkideak nabarmendu du «erakunde independenteen parte hartzea» garrantzitsua dela erraustegiaren gisako azpiegituren kontrolerako, eta Europan «praktika ohikoa» dena Gipuzkoan ere posible egitearen alde mintzatu da.
Arreta erraustegitik harago zabaldu behar dela uste du Elkarrekin Podemoseko Miren Etxebestek, toxikoen kontzentrazio maila handiak nondik datozen jakiteko. «Ziurrenik ez da erraustegia toxikotasun hori eragiten ari dena». Trafikoa, sendagaiak eta hondakinak aipatu ditu bestelako jatorri posible batzuen artean.