Zubietako (Donostia) erraustegiak inguruko bizilagunen osasunean zer-nolako eragina izan duen aztertu du Osakidetzaren menpeko Biogipuzkoa osasun ikerketen institutuak, eta ondorioztatu du ez duela eraginik izan. Kutsadura atmosferikoa, inguruko bizilagunen adierazle biologiko batzuk, eta lurzoruaren, esnearen eta arrautzen laginak aztertu dituzte Biogipuzkoako ikerlariek. Hiru faktore horiek ez dira aldatu era adierazgarrian erraustegia martxan jarri zutenetik, Biogipuzkoak ondorioztatu duenez.
«Osasunari dagokionez, ez da atzeman epe laburreko eraginik», diote txostenean. Hala ere, ikerlariek gomendatu dute jarraipena egitea. Txostena atzo aurkeztu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Biogipuzkoakoek Jose Ignacio Asensiorekin egin zuten agerraldia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatuarekin.
Biogipuzkoarenaz gain, baina, egin dira beste ikerketa batzuk Zubietako erraustegiak herritarren osasunean daukan eraginari buruz. Hain zuzen ere, Toxico Watch ikerketa guneak azken bost urteotan egin duen ikerketaren emaitzak aurkeztuko ditu maiatzaren 23an. Laginak bildu dituzte erraustegiaren inguruko uretan, erreketako sedimentuetan, lurretan, goroldiotan eta zenbait landare hautatutan, baita inguruan zenbait familiak autokontsumorako dauzkaten oilategietako arrautzetan ere. Errausketaren Aurkako Mugimenduak eskatu die ikerketa egiteko.
Toxico Watchen ikerketa
Emaitzak maiatzaren 23an aurkeztuko dituzten arren, Errausketaren Aurkako Mugimenduak adierazi du Toxico Watchek jada eman duela zenbait emaitzaren berri. «Zubietako erraustegiaren inguruan bildutako laginetan kutsaduraren igoera kezkagarria sumatu dute», plataformak nabarmendu duenez. Landareetan, antzeman dute dioxinek, PCBek eta PFASek nabarmen egin dutela gora. Adibidez, gorostien hostoetan ikusi dute dioxinak eta PCBak lehen halako bi direla.
Gaineratu dute metal astunen aztarnak (beruna, zinka, kobrea…) izugarri ugaritu direla lurpeko uretan. Aztertutako arrautzetan dioxina eta PCB kantitate handia aurkitu dute: «Urteotan, igoera oso nabarmenak ikusi dira horietan, eta jangarriak izateko muga legalak gainditu dituzte».
Plataformak deituta, protesta bat egingo dute maiatzaren 8an Zubietako erraustegiaren aurrean, itxi dezatela «exijitzeko»: «Ez dezatela gehiago hondakinik erre». 11:00etan abiatuko dira erraustegirantz, oinez, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Okendo plazatik. Donostia Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarteek bat egin dute protestarekin.
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ere antolatu ditu hainbat jarduera datozen asteetarako. Maiatzaren 18ko martxaz gain, maiatzaren 23an aurkezpen bat egingo dute azken bost urteetan Zubietako erraustegiak eragindako kutsadura aztertzeko ikerketaren emaitzekin; ToxicoWatch fundazioko Abel Arkenbout eta Kirsten Bouman bertan izango dira. Hernaniko (Gipuzkoa) Sandiusterrin egingo dute. Maiatzaren 27an aurkezpen bera egingo dute Usurbilgo (Gipuzkoa) Sutegi aretoan, baina gehiago sakonduko dute xehetasun teknikoetan.