Zubietako erraustegia martxan jarri du GHK-k, kontzesioa onartuta

Olanok adierazi du Europan hondakinen kudeaketarako erreferentzia bat dela. Asensioren arabera, 160 mila tona hondakinetatik %8 eta % 10 artean berreskuratuko da; gainontzekoa, energiarako

Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Asensio Ingurumen diputatua Zubietako erraustegian, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Zubietako (Gipuzkoa) erraustegia martxan jarri du GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusiak eta Jose Ignazio Asensio Ingurumen diputatuak atzo akinarazi zutenez. Haien arabera, azpiegitura orain dela hilabete batzuetatik egon da martxan, baina enpresa kudeatzaileen kontzesioa onartzea falta zen. Beraz, atzo hasi ziren enpresa horiei erraustegiko azpiegiturengatik ordaintzen, eta hala, behin betiko funtzionamenduari ekin zioten.

Datuak eskaini, eta adierazi zuten Gipuzkoan %55koa dela birziklatze tasa. Olanoren arabera, Europako iparraldeko beste herrialde batzuen maila berean koka daiteke, hala nola Alemaniaren parean. Gainera, erantsi zuen erraustegi hau Europan hondakinen kudeaketarako erreferentzia bat ere badela. Eta, haren ustez, proiektuak bide emango du beste zenbait erronkari eusteko; esaterako, ekonomia zirkularrari.

Modernizazioaren aldeko apustua egin dutela aipatu zuen Asensiok: «Hemen, hondakinak ez dira zabor bilakatzen, baizik eta lehengai; tratamendu mekanikoko eta biologikoko plantan sortzen den material guztia berreskura daiteke, eta balorizatu, materialki eta energetikoki». Nabarmendu zuen erraustegiak 160 mila tona hondakin jasotzeko gaitasuna duela, eta horietatik %8 eta %10 bitartean berreskuratuko dela; gainontzekoa, energiarako erabiliko da.

GuraSOSi erantzuna

GuraSOSek, erraustegia legeztatzeko prozesuan «irregulartasunak» atzeman, eta Fiskaltzara joko zuela esan zuen herenegun. Besteak beste, azaldu zuen bertako bi labeak «homologatu eta legeztatu gabe» daudela, eta erabili diren ordezko transformadoreak ez direla behar den besteko tenperaturara iristen. Izan ere, transformadore nagusia bi aldiz saiatu dira pizten; emaitzarik gabe.

Olanok eta Asensiok gezurtatu egin zituzten esan horiek, erraustegiak baimen eta lizentzia denak dituela nabarmenduta. Are, ahaldun nagusiak esan zuen oposizioak orain ezingo duela proiektua atzera bota, jada martxan dagoelako. Erraustegiko kudeatzaileek adierazi zuten transformadore nagusia konpondu bai, baina oraindik ez dutela konektatu. Isuriak kalkulatzeko ikusgailuek ere parametro egokiak markatzen dituztela erakutsi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.