Zubietako erraustegia ixteko eskatu dute herritarrek

Errausketaren Aurkako Mugimenduak urteroko martxa egin du Lasarte-Oriatik Zubietara, erraustegiaren kalteak salatzeko

Martxan parte hartu zuten herritarrak, Lasarte-Oriatik abiatu zirenean. GOTZON ARANBURU / FOKU.
jone arruabarrena
Lasarte-Oria
2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Lasarte-Oriako udaletxearen aurreko Okendo plazan ezohiko mugimendua zegoen atzo; 11:00etarako gutxi falta zela, dozenaka herritar biltzen hasiak ziren jada, zira jantzita gehienak, hodei grisez jositako zeruari so. Bandera zuriak zeramatzaten askok, makila luzeetatik zintzilik; erraustegiaren irudia ageri zuten, zirkulu gorri batez inguratuta. Hirugarren urtez, plaza horretatik abiatuta, Zubietako errauste lantegirainoko (Gipuzkoa) ibilbidea egiteko prest zeuden, erraustegia itxi dezatela eskatzeko, Errausketaren Aurkako Mugimenduak deitu eta Donostia Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarteek babestuta. Erraustegia, airea, ura eta lurra kutsatzen zioen pankarta zeramaten aurrealdean. Herioren mozorroa zeramaten herritarrek eta musikak girotu zuten martxa. Pauso lasaian abiatu ziren manifestariak, eta horrela egin zuten Zubietarainoko bidea. Hara heldu zirenean, Errausketaren Aurkako Mugimenduko kideek hitza hartu zuten.

Salatu zuten erraustegiaren arduradunek eta agintari politikoek «ezkutuan eta isilpean» gorde nahi dituztela erraustegiak eragindako kalteak. Hala ere, azken hilabeteetan argitara ateratako kalte horietako batzuen berri eman zuten: besteak beste, Arkaitzerrekako isuriak, eta inguruko aireari, lurzoruari, urari eta landareei eragin dien dioxina eta metal astunen kutsadura aipatu zituzten. «Ekopol elkartearen azterketak erakutsi du erraustegiak 2.000 aldiz gainditu zuela gehienezko kutsadura maila 2020an», azaldu zuten. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak otsailean onartu zuen ez zituela betetzen ingurumen baldintzak, baina manifestariek gaitzetsi zuten hala ere ez dutela neurririk hartu.

Parisen izandako kasu batean ere jarri zuten arreta. Hango erraustegiak asko kutsatzen duenez gero, agintariek herritarrei eskatu dieteez jateko oilategietako arrautzarik. «Hori ez da konponbidea; erraustegietako kutsaduraren arazoak konpontzeko, erraustegiak itxi behar dira», adierazi zuten martxa bukatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.