Zubiak eraikiz, mugimendua sortu

Konponbide prozesua «lagundu, sendotu eta bermatuko» lukeen ekimen plural baten beharra aldarrikatu dute

Eskubide zibilen aldeko ekimeneko kideak Donostian, atzo. J.C.R. / ARP.
jokin sagarzazu
Donostia
2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Bake eta normalizazio prozesuan sakondu eta hura sendotze aldera gizarte zibilak egin dezakeen ekarpena aztertu dute azken bi egunetan eskubide zibil eta politikoen aldeko ekimeneko kideekDonostiako Miramar jauregian eginiko mintegi batean. Nazioarteko hainbat gatazka politikoren konponbide prozesuetan herritarren parte-hartzeak jokatu duen rola aztertu dute, eta konponbide prozesu horietan gako izan diren ekimen eta parte-hartze moldeak Euskal Herriko gatazkaren testuingurura ekartzen saiatu dira, gatazka horien lekuko izandako adituen laguntzarekin. «Landu ditugun kasuetan ikusi dugu herritarren parte-hartzea gakoetako bat izan dela prozesua sendotzeko, legitimatzeko eta bermatzeko», adierazi du Esther Agirre ekimeneko kideak.

Mintegiaren antolatzaileek nabarmendu dute mugimendu bilakatu nahi duen ekimena «hastapenetan» eta gizarteratze prozesu batean murgilduta dagoela. Lan hori aurrera nola eraman aztertu dute mintegian, ekimenak izan ditzakeen indarguneetan eta ahuldadeetan sakonduz. «Jakitun gara sentsibilitate zehatz batzuk ez dutela parte hartzen, eta kezkatuta ere bagaude horrekin. Gure oinarria da norbanako zein taldeen oinarrizko eskubide guztien defentsa egitea, eta uste dugu horretan guztiok egiten dugula bat, euskal gatazkari buruz egiten ditugun irakurketak ezberdinak izan arren», azaldu du Xabier Ezeizabarrenak. Aitziber Blancok, berriz, nabarmendu du gizarte zibilaren parte-hartzeak konponbide prozesua «legitimatzerako» orduan izan dezakeen garrantzia. «Zubiak eraiki eta gatazkaren definizio integratzaile batera jo behar dugu. Demokrazian sakontzea guztiontzat izango da onuragarria, bai orain eta baita aurrera begira ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.