Pirinio Atlantikoetako prefeta asteartean bildu zen tuberkulosiak jo Zuberoako behi hazleekin. Beren behi saldoak hiltzea ez zutela onartuko jakinarazia zuten hazle horiek, zenbait egun lehenago. Zuberoan, tuberkulosiak jo 11 behi saldo aurkitu dituzte. Guztira, 900 behi inguru. Hasieran denak hiltzea aipatu bazen ere, protokoloa moldatzea erabaki du prefeturak. 11 saldoetarik 4 saldotako behi guztiak hilen dituzte. Guztira, 270 behi. Gainerako 7 saldoetako 627 behi hurbiletik jarraituko dituzte, eta jadaneko hiltze selektiboa hasia dute. Saldoaren parte bat, hots.
Hunkiak diren Zuberoako herriak ere zehaztu dituzte: Lohitzüne-Oihergi, Ainharbe, Ürrüstoi-Larrabile, Mitikile-Larrori-Mendibile, Gotaine-Irabarne eta Idauze-Mendi.
Izurritea hurbiletik jarraitzeko zenbait lan ardatz ere aipatu ditu prefeturak. Basa alimale kutsatuen barrandatzea da bata. Bereziki, azkonak, basurdeak eta azeriak. Ehiztariekin elkarlanean, ehizaldiak eta arte pausatzeak antolatzea aipatu dute.
Hazleak «biosegurtasun» neurrien hartzera bultzatu ditu prefeturak. Neurrien artean sartzen dira: hunkia den saldotik behirik ez ateratzea; inguruko saldoetara behi berririk ez sartzea; beste saldoekin ez nahasteko behiak araberako guneetan atxikitzea; behiak borturat ez eramatea; behi jeztetik salmentarako atera esnea berotzea.
Hunkiak diren eremuetako behi saldoak aztertzen jarraituko dute ondoko asteetan, eta emaitzen arabera erabakiko dute saldo parte bat edo saldo osoa hiltzea. Arte horretan, hazleei formakuntzak eskainiko dizkie administrazioak. Bata, otsailaren 18an, Donapaleun (Nafarroa Beherea); bestea, martxoaren 18an, Maule-Lextarren.