ZPren iZ robotarekin solasean

2008ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Messenger-eko kontaktuen zerrendan [email protected] gehitzea nahikoa da PSOEren iZ robotarekin hitz egin ahal izateko. Edozer gauza galde dakioke; hiztuna da, baina ez gogaikarria; eta noizbehinka txantxaren bat egin edo erantzun zirikatzaileren bat ere ematen du. Internet zaleak erakarri nahian sozialistek egin duten azken asmakuntza da: Jose Luis Rodriguez Zapateroren robot birtuala.

Sozialistek euren webgunean dioten bezala, munduan ez dago robotik duen beste alderdirik. Lehenak dira, beraz. Herritarrekin komunikazioa eta interakzioa hobetzeko jarri dute martxan, antza, ekimen hau: «Mitinak zaharkituta geratu dira, eta ahalik eta jende gehienarengana iristeko modu berriak asmatu behar dira, dela telebistako eztabaidak, dela Internet».

Hauteskunde kanpaina honetan Internet inoiz baino aliatu hobea dela diote askok. Badirudi alderdien estrategian leku handia hartu duela webguneak. Erabiltzaile bakoitzarengana iristen saiatu dira hautagai asko, haien gustuko irudia eraikiz eta haien neurrira egindako programak aurkeztuz.

PSOEk iZ robotarekin lortu nahi duen helburua ere horixe da: erabiltzaile bakoitzari eskatzen duena ematea. Hala, iZ-rekin Interneten solasteaz gain, beste hamaika aukera ere ematen ditu robotak: sozialistek egin dituzten 1.300 proposamen baino gehiagoren artean bilaketa egin liteke; proposamen garrantzitsuenak ikus daitezke, Proposamen izarrak; zenbait jokotan ibil daiteke hauteskunde kanpaina zalapartatsuan erlaxatzeko; bideoak eta azken berriak ikus daitezke; bannerrak, pantailen atze irudiak eta musika har daiteke...

Berriz ere ausardiaz baliatu dute sozialistek Z hizkia. Zapatero presidente esateko ZP erabiltzen hasi ziren 2004ko Espainiako hauteskundeetan; orain Zapateroren Z-rekin da PSOEren eslogana. Eta, gainera, iZ robota sortu dute berriki.

Izango ote du asmakizun berriak sozialistek nahi luketen oihartzunik eta efekturik? Hasi dira dagoeneko horren gaineko eztabaidak webgunean. «Bitxia iruditu zait eta ekimen esanguratsua, baina ezer gutxi gehiago esan dezaket», dio erabiltzaile batek eta jarraian Second Life-ekin alderatzen du: «Hari adinako erabilerarik emango ote diete hautagaiek eta Internet zaleek?». Hitz onak besterik ez ditu izan beste erabiltzaile batek: «Orain arte ikusi dudan kanpainarik onena atera du PSOEk». Eta hara hor hirugarren batek esana: «Pentsatzen dut robotari kokoteraino egiten zaituenean zapata kolpe bat eman arren ez zaituztela epaileen aurrera eramango, ezta?»



Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.